Hondarribia eta Orio lidergoan berretsi dira
Zarautzen eta Donostian lehiatu dira asteburuan estropadak; datorren asteburuan Gipuzkoako txapelketa lehiatuko da Hondarribian.
Lehen estropadatik gailendu ziren talde berberak jarraitzen dute Gipuzkoako Trainerilletako Ligako sailkapenen buru. Hondarribia mutiletan, eta Orio emakumeetan, lider sendoak dira norbere kategorian, eta berdin, Gazteen Mailan. San Juan Koxtapeko mutilak gailendu ziren hasieratik eta lidergoan jarraitzen dute.
Mutiletan, Hondarribiaren atzetik, nahiko pareko, Zarautz, Orio eta San Juan, eta nesketan, Oriorenak dira lehen bi postuak, eta ondoren, hirugarren postuan da Donostiarra A ontzia. Atzetik, nahiko pareko, Hondarribia A eta San Juan.
Asteburu honetan aipatzekoa Hibaikaren agerpena. Errenteriako taldea ez da lehiatzen ari trainerilletan, baina beltzezko neskak Donostiako estropadan izan ziren larunbatean, beren burua proban jartzeko. Bosgarren izan ziren, Hondarribiaren atzetik eta San Juanen aurretik.
Ligak hurrengo asteburuan Hondarribian jarraituko du. Han lehiatuko dira larunbatean ligako seigarren jardunaldia eta Gipuzkoako txapelketarako sailkapen estropada; txapelketa, igandean, ordu berean.
