Arantza Gonzalez: "Ezinbestekoa da eremu publikoa indartzea"
Arantza Gonzalez Ezker Anitzaren alkategaia da Pasaiarako. HITZAk, hauteskunde kanpaina bitartean, Pasaiako alkategai guztiei egingo dizkien galdera berberak luzatu dizkio Gonzalezi. Erantzunak elkarrizketan.
Zergatik eman behar dizute herritarrek botoa zuri?
Fidagarriak eta zintzoak diren pertsona talde batek osatzen duen hautagaitza baten buru naizelako. Bertakook ondo ezagutzen ditugu Pasaia eta hauteskunde-programan jasota dagoen proiektua. Beraz, Ezker Anitza-IU bozkatzea bi horiei botoa ematea da. Gainera, dagoeneko erakutsi dugu Pasaiarekiko dugun konpromisoa. Eta horren froga dugu Gipuzkoako Batzar Nagusietako batzarkidea nintzenean (2007-2011 legealdian) Gipuzkoako Foru Aldundiarekin negoziatu genuen hitzarmena, zeinari esker honako proiektu hauek egin ahal izan genituen: Arrandegi kaleko igogailua; San Pedron, pilotalekuaren inguruko aldearen urbanizazioa; Antxon, Molinaoko itsasadarrean dagoen pasealekuaren zati bat; Herrera eta Antxo lotzeko bizikleta-bidea; Donibanen, zahar-etxearen zati bat eta Juanba Berasategi eraikin soziokulturala. Horiek horrela, Pasaian bizitza hobetzeko gure konpromisoa ekintzek bermatutakoa da.
Zure ustez, zeintzuk beharko lukete Pasaian lehentasunak?
Pasaitarrok, gainerako langileek bezala, arazoak ditugu lanpostu duina nahiz eskubideak lortzeko eta etxebizitza bat erdiesteko. Eta horiek dira, hain zuzen, bizitza duina bermatzeko bi gauza. Edozein gobernuren lehentasunak izan behar duten bi alor horietan, gaur egungo gobernuak –EAJ eta PSE-EEren arteko koaliziokoak- gutxi (edo, hobeto esan, ezer ez) egin du.
Era berean, gure ustez, ezinbestekoa da eremu publikoa indartzea, bakan batzuek guztiona denarekin negozioa egin dezatela baimentzea baino. Eta bigarren hori da, hain justu, EAJk eta PSE-EEk egiten uzten dutena. Baimen horren (hau da, eremu publikoa interes pribatuei lagatzearen) adibide dira honako bi obra hauek: batetik, Trintxerpe-Herrera lotura, Eusko Jaurlaritzaren funtsekin ordaindutakoa izan arren, bertan geratu den zuloan enpresa pribatuetarako pabiloi bat eraikitzea helburu nagusi duena; eta, bestetik, Adinberri Gunea, diru publikoarekin eraikiko dena, baina enpresa pribatu batek kudeatuko duena, azpikontratazioa baliatuz.
Halaber, denbora luzean urbanizatu ez diren hainbat alde daude, esaterako, Andonaegikoa, nahiz eta gune publiko egokiek eta egoera onean daudenek pertsonen bizitza hobetzen laguntzen duten.
Pasaian asko hitz egiten da biziberritzeaz. Zuk nola, zer ulertzen duzu biziberritzeaz? Zer esan nahi du zuretzat Pasaia biziberritzea?
Bai, egia da, askotan erabili da “Pasaia leheneratzeko proiektua” esaldia. Ondorioz, jadanik ematen du hutsala eta zentzurik gabekoa dela. Eta hori ematen du batez ere pasaitarrontzat, leheneratzeko proiektu asko gure iritzia kontuan hartu gabe (eta, are okerragoa dena, gure ustearen aurka) egin direla ikusi dugunontzat. Hain zuzen ere, hutsaltasun eta gabetasunaren adibide garbia dugu Herrera gunearen etorkizuna erabakitzeko egindako parte hartze prozesua; non eta, orain arte egin dena eta aurrerantzean egin nahi dena ez den hiritarrek onetsitakoa, herritarrek (eta, ondoren, Pasaiako Udalak) proiektu bat onartu bazuten ere.
Pasaia leheneratzeaz ari garela, hori ez da soilik hirigintza alorreko kontu bat, baizik eta baita pertsonen bizi-baldintzetakoa ere. Horregatik, gure lehentasunetako bi dira lanpostu duina zein eskubideak dituena lortzea eta etxebizitza bat erdietsi ahal izatea. Gauzak horrela, leheneratzea ere badira honako gauza hauek: berdintasunaren alde egitea, pasaitarrontzat bizitza libre eta biolentziarik gabekoa lortzea, eta inguratzen gaituen ingurumena zaintzea. Horietaz gain, kultura ere leheneratzeko eragile bat izan daiteke. Hori dela-eta, Pasaia Hizkuntza Minorizatuen Europako Hiriburu izateko egitasmoa sustatu nahi dugu, Ezker Anitza-IUk bultzatutakoa, baina agintariek burutu ez dutena.
Gure udalerria leheneratzeko moduari dagokionez, bi gauza dira ezinbesteko. Bat: herritarrak benetan aintzat hartzea eta ez soilik itxura egitea. Eta bi: administrazioek elkarrekin lan egitea: Pasaiako Portuko Agintaritzak, Gipuzkoako Foru Aldundiak, Eusko Jaurlaritzak, Estatuko Gobernuak eta inguruko udalek. Eta leheneratzeko manerak lidergo gogotsua eta saiatua beharko luke izan.
Gainera, Oarsoaldeko Plan Estrategikoa dugu, hainbat udalek (hain zuzen ere, Pasaiakoak, Lezokoak, Errenteriakoak eta Oiartzungoak) onartutakoa. Plangintzak, eskualdea eta hemen bizi garenon bizitza du xede, bide-orri gisa balio beharko lukeen ikuspegi orokor bat baliatuta. Egitasmoak egitasmo, Eusko Jaurlaritzak bere egitasmoaren baitako laguntza ekonomikoak –alde degradatuetarakoak- Portuko Agintaritzari eta enpresa pribatuei emango dizkie. Eta, emate hori egingo dela ikusita, tokiko gobernuak (EAJk eta PSE-EEk osatutakoak) ez du ezer esan.
Azken hauteskundeetako emaitzak ikusita Pasaian gauzak estu egon daitezkeela dirudi. Gobernatzeko aukera izango bazenu paktuetara zabalik izango zinateke?
Dirudienez, hainbat alderdi politikok osatutako udal gobernu bat egongo da. Hala ere, udal hauteskundeetako emaitza itxaron behar dugu eta, ondorioz, ikusi zein den aurkezten garenoi pasaitarrek ematen diguten lekua. Emaitza eta tokia jakindakoan, programa, programa eta programa aplikatuko dugu, eta alderdi ezkertiarrekin itunak egingo ditugu, betiere Pasaian bizitza duina edukitzeko.
Alkatetzatik Pasaiako barruti bakoitzean egingo zenukeen lehen gauza edo gauzatuko zenukeen lehen proiektua aipatu.
Trintxerpen, Andonaegiko garai bateko ur-biltegiaren lekuan aparkalekuak sortzea, terrazan plaza bat, eta igogailu bat jartzea Igeldo eta Bidasoa kaleak irisgarri bihurtzeko.
Antxon, Eusko Jaurlaritzari Luzuriagako BOEen bigarren fasea eta egungo barrakoien ordez osasun-zentro berria eraikitzeko eskatzea.
San Pedron, Urrestarazu Anaiak eta Pablo Enea kaleen arteko orubean gazteentzako etxebizitzen eraikin bat, aparkalekuak eta igogailu publiko bat jartzea (Izarra proiektua).
Donibanen, Pio XIIa urbanizatzen jarraitzea eta igogailuaren bidez irisgarritasuna hobetzea.