"Bada garaia Pasaiak ere EAJ izan dezan gidaritzan"
Nahikari Otermin, EAJren alkategaia
Zergatik eman behar dizute herritarrek botoa zuri?
Pasaia urteetan egon da geldirik eta pasaitarrek ez dute hori merezi. Azken lau urteetan, gu gobernuan egonda, aurrerapausoak eman dira, baina Pasaiak eta pasaitarrek merezi duten behin betiko bultzada hori edukitzeko EAJ-PNVk egon behar du alkatetzan. Gure alderdia Alderdi serioa, kudeaketan ona eta langilea dela frogatu dugu hainbat urteetan zehar guk gidatu ditugun erakundeetan, eta bada garaia Pasaiak ere EAJ izan dezan gidaritzan, benetako bultzada hori emateko.
Zure ustez, zeintzuk beharko lukete Pasaian lehentasunak?
Ekonomia eta ongizatea dira gure lehentasunak, batak bestea dakarrelako. Ekonomia sendo batek jendearen bizi kalitatea hobetuko du eta guk pasaitarrei bertan lan egiteko aukera eskaini nahi diegu.
Adinberri hirugarren adineko pertsonen ongizatearekin irudikatzen dugu soilik, eta hala da, baina Adinberrik berarekin ekarriko duen polo ekonomikoak eta enpresa guneak pasaitarroi lan aukera berriak ekarriko dizkigu. Eta hau Pasaian kokatzearen apustu sendoa EAJ-PNVrena izan da, ez beste inorena. Askoz ere errazagoa izango litzateke horrelako espazio bat beste edozein herritan kokatzea, baina Pasaiak hau eta gehiago merezi du, eta bai Aldunditik eta baita udaletxetik ere gogor egin dugun lan proiektua aurrera eramateko eta Pasaian kokatzeko.
Pasaian asko hitz egiten da biziberritzeaz. Zuk nola, zer ulertzen duzu biziberritzeaz? Zer esan nahi du zuretzat Pasaia biziberritzea?
Ikuspegi zabal batetik ulertu behar da biziberritzea. Niretzat, batez ere, pasaitarren bizi kalitatea hobetzea da, baina ez hirigintza ikuspegitik bakarrik, ikuspegi sozio- ekonomiko batetik ere bai. Beti lotu izan dugu biziberritzea aisialdirako espazioak berreskuratzearekin, herritarren eskura jarri eta beren erabilerarako izan daitezen, baina hori ez ezik, biziberritzea, pasaitarrei lan aukera berriak eskaintzea da, kalitatezko enplegua, alegia. Eta baita, irisgarritasuna hobetzea eta aipatu bezala aisialdirako gune berriak sortzea: paseoak, parkeak, kirola egiteko eta lasai egoteko eremuak…. Pasaia eremu degradatua izateari utziko dio, herri atsegin eta erosoa izateko, aukera berriekin, bereziki alor ekonomikoari eta adineko ongizateari lotuta.
Azken hauteskundeetako emaitzak ikusita Pasaian gauzak estu egon daitezkeela dirudi. Gobernatzeko aukera izango bazenu paktuetara zabalik izango zinateke?
Guk beti esan dugu elkarlana eta elkarrizketa beharrezkoak direla. Paktuetara heltzea beharrezkoa ikusten dut, denon Pasaia bada, denon artean eraiki beharko baitugu eta.
Alkatetzatik Pasaiako barruti bakoitzean egingo zenukeen lehen gauza edo gauzatuko zenukeen lehen proiektua.
Hainbat gauza aipa ditzaket, baina udal eskumenekoak direnak bakarrik aipatuko ditut.
Adinberri egoitza eraikitzean, San Pedroko babespeko etxebizitzak gazteen eskura jarriko ditugu alokairu sozialen bidez eta ekimena gainerako barrutietara ere zabaldu nahi dugu.
Aparkaleku falta arazo nagusia da Pasaia osoan eta barruti bakoitzerako irtenbide zehatzak landuko baditugu ere, Trintxerpen, Andonaegiko ur depositua zegoen tokian, aparkaleku bat egitea eta igogailua eraikitzea da gure proposamena, auzoak duen aparkaleku arazoa ez ezik, bertako bizilagunen irisgarritasuna ere hobetzeko.
Pasaian orokorrean, eta baita Antxon ere, jarduera ezberdinak burutzen dituzten hainbat eta hainbat talde eta elkarte ditugu, elkarte sarea beraz, zabala da. Ez ordea, elkarte horiek euren eskaintza aurrera eramateko dituzten espazio eta baliabideak. Datorren agintaldian zehar, gure eginkizunetako bat izango da eragile eta taldeentzako espazio berriak eta egokiak sortzea, batez ere, topoa lurperatzeko obren ondorioz, gaur egungo azoka bota egin beharko delako eta horrek espazio falta areagotuko duelako.
Pasaiak, eta batez ere Donibanek duen xarma toki gutxitan ikusten da. Gero eta turista gehiago dago gure herrian, eta turismoa ona bada ere, hau arautu eta jasangarria izan dadin sustatzea ezinbestekoa da guretzat orekak mantentzeko. Turismo jasangarria lortze bidean, pisu turistikoak arautuko ditugu bisitari eta bizilagunen arteko elkarbizitza behar bezalakoa izan dadin eta bertako etxebizitzen prezioak goraka izugarria izan ez dezan, pasaitarrei bertan bizitzeko aukera eskaini eta bermatzea lehentasunezkoa delako guretzat.