Eztarriak prest dituzte
Otxote Topaketa antolatu du bederatzigarrenez Niessen elkarteak iganderako. Sei otxote, eta horien artetik bi emakumeek osatutakoak, kartela osatzen dutenak.
Otxote Topaketa antolatu du bederatzigarrenez Niessen elkarteak iganderako. Udal, Foru eta Europako hauteskundeei beste kolore bat emango die topaketak Errenteria-Oreretan zalantzarik gabe. gaur aurkeztu dute topaketaren ekinaldi berria Alberto Mendigutxiak, Miguel Erkisek eta Fernando Lopetegik Niessen elkartearen egoitzan. Formatua, aurreko urtekoaren bera, sei otxote, eta horien artetik bi emakumeek osatutakoak: Baionako Enara Otxotea, eta Irungo Nayade Otxotea. Horiekin batera, Bilboko Lur Maitea, Arrasateko Txorbela, Oreretako Karnaba, eta Donostiako Ozenki.
12:00etan egingo dute emanaldi bateratua Madalenaren basilikan. Sei otxoteek kontzertua eskainiko dute, eta hiruna abesti kantatu. Emanaldia doakoa izango da. 13:30etik 14:30era berriz, Gamon 14, Maite, Leku Zaharra, Sindikato, Cyne Reyna, eta Juli tabernetan barrena ibiliko dira.
Otxote Topaketan parte hartzen duten taldeen mailari erreparatu dio Mendigutxia, “kalitate handikoak dira, eta hori ere hobetzen ari da hasi ginenetik antolatzen. Hasieran, gainera, ez zegoen otxoterik eta abesbatzetatik ateratako jendearekin osatzen zituzten, baina gaur egun otxoteek otxote gisa lan egiten dute eta emaitzan nabaritzen da hori”.
Otxoteak gutxi direla esan du, “zoritxarrez”, eta horien artean emakumeek osatutakoak topatzea are zailagoa dela. Gizonenak topatzea ere zaila dela dio, “abesbatzetatik ateratzen dute jendea otxotea osatzeko, baina ez da otxotea, abesteko modua eta dena ezberdina delako. Areto Futbola eta futbolean aritzea bezala da, ateratzen badituzu futbolean ari diren bost jokalari areto futbolean aritzeko, egingo dute, baina ez dute ebrdin jokatuko ez delako gauza bera. Ikuskizuna ez da bera, otxotea ikustera joaten denak beste mentalitate bat eraman behar du, ez abesbatza bat ikustera joaten denak eramaten duena”.
Eskerrak eman dizkie tabernei, eta laguntzaileei Mendigutxiak, “topaketa errazten dutelako”, eta aipamen berezia egin dio Errenteriako Merkatuari, zian ere, azken horrek emango die antolatzaileei egiten duten bazkarirako janaria.
Otxote Topaketa museo txiki gisa definitu du Niessen elkarteko eta Karnaba Otxoteko kideak, “Euskal Herrian hiru tokitan baino ez da egiten otxote topaketa: Barakaldon, Kanbon eta Errenterian. Beste lekutan hasi dira mugitzen, baia momentuz behintzat, hiru horietan baino ez da antolatzen”. Topaketa bitxia dela erantsi du, eta herrikoia, “herriko gauza bat da, eta handiak izan nahi dugu, dudarik ez”.
Topaketaren tamaina eta izpiritua saltoki txikiekin lotu du Mendigutxiak eta keinu egin die, ez da kasuala topaketaren leloa, Zure herria bizi, Errenteria Erabili, Zatoz Errenteriako merkatura!, “bata eta besteen egoera pareka dezakegu, gero eta denda txiki gehiago ixten ari dira, eta supermerkatu handiak gero eta gehiago ari dira nagusitzen. Guk ez baditugu gure gauza txikiak babesten, pikutara joango zaizkigu”. Horren harira denda txikietan erostera deitu ditu herritarrak, “horiek ixten badute, herriko bizitza desagertuko da. Gure jaialdiarekin beste hainbeste gertatzen da, badira makrofestibalak nonahi, baina jendeak ere festibal txiki hauetara hurbildu behar du herriaren bizitza mantentzeko”.
Jose Luis Ansorena gogoan
Otxote topaketaren antolatzaileek aipamen berezia egin diote Jose Luis Ansorena zenari. bere garaian, Errenteria-Orerean beste otxote batzuk izan zirela ekarri du gogora Mendigutxiak, “gurearen izena, Karnaba, aurretik izandako beste otxote batetik hartu genuen. Oarso eta Aaia otxoeta ere izan ziren herrian. Alaia Otxotearen zuzendari eta sortzailea Ansorena izan zen, eta emakumeen otxotea izan zen, eta garaiko Karnaba Otxotea ere zuzendu zuen. Errenterian egin zuenagatik gogoratu nahi dugu Ansorena, hor ditugu Eresbil, Musikaste, Andra Mari abesbatza, baina badago ere ikusten ez den zerbait, kanturako afizioa sortu zuen herrian. Landarbaso hor dabil Balira bidean, Andra Mari lanean, otxoteak atzera eta aurrera, eta herrian badira jendeak ezagutze ez dituen beste zazpi abesbatza ere, gutxienez”.
Antolaketan talde handia lanean dagoela gogorarazi du Mendigutxiak eta eskerrak eman dizkie azkenik aurtengo kartela egin duen Benito Goñi artista iruindarrari, eta Lander Urkia Errenteriako artistari. Azken horrek, topaketan parte hartzen duten otxoteetako kideei banatzen zaien eskultura egiten du.