Ion Collar: "Pertsonak eta horien beharrak erdigunean jartzen dituen proiektuaren aldeko hautua da gurea"
Errenteriako Udalerako hautagaitza aurkeztu duten bost alderdietako alkategaiak elkarrizketatu ditu HITZAk. Honakoa elkarrizketa horietatik hirugarrena, Ion Collar Elkarrekin Podemoseko alkategaiari egindakoa.
Errenteriako Udalerako hautagaitza aurkeztu duten bost alderdietako alkategaiak elkarrizketatu ditu HITZAk. Honakoa elkarrizketa horietatik hirugarrena, Ion Collar Elkarrekin Podemoseko alkategaiari egindakoa.
Zergatik bozkatu behar zaituzte herritarrek?
Elkarrekin Podemos bozkatzea, pertsonak horien beharrak eta errealitateak erdigunean jartzen dituen proiektu munizipalistaren aldeko hautua egitea da. Gardentasuna eta pertsonen parte hartzea politika publikoetan lehenesten duen herri eredua babestea da. Publikoaren kudeaketa eraginkorraren alde egiten duen udala babestea da. Errenteria herrien herri gisa babestearen aldeko apustu irmoa da, sozialki kohesionatuta dagon herria, feminista eta ingurumenarekin iraunkorra den herri baten alde egitea.
Elkarrekin Podemos bozkatzea elkarte egituratik datorren eta errenteriarekin %100 konpromisoa duen lan talde sendoan konfiantza izatea da. Azken urteetan udal kudeaketa egokia erakutsi duten pertsonekin fidatzea da. Sozialki, kulturalki eta iraunkortasunean eredua den Errenteriaren aldeko apustuan sakontzea da. Aniztasuna aintzat hartuta, aurrera doan eta bakegintza eta elkarbizitzan erreferente argia den Errenteria bat.
Alkate bazara zein izango da egingo duzun lehenengo gauza?
Gure programan azaltzen diren konpromiso garrantzitsuenak heltzea litzateke lehen neurria. Adineko pertsonen saila sortzea nabarmenduko nuke. Izaera transbertsala luke udalarekin eta bere funtzioa gure herriko adineko pertsonei zuzendutako politika multzoaren koordinazioa litzateke.
Beharrezkoa da Hiri Ordenamenduko Plan Orokorraren errebisioa martxan jartzea (PGOU), espazioen ordenazioa ikuspegi feminista batetik egiteko konpromisoa hartuta.
Aurrera urratsa handiak egin ditugu hondakinen kudeaketaren arloan, baina aurrera egiten jarraitu behar dugu. Horrenbestez, edukiontzietan bota ezin daitezkeen hondakinak (pinturak, etxetresna elektriko txikiak…) jasotzeko auzokako txandakako sistema jarriko dugu martxan, jendeak garbigunetara joan behar ez izateko.
Azkenik animalien jabetzaren gaineko ordenantza martxan jarri nahi dugu, beti ere, animalien errespetua eta babesaren ikuspuntutik.
Azken bi agintaldietan Errenterian elkarbizitza eta bakegintzan zabaldutako bidea jarraituko duzue? Nola?
Bakea eta elkarbizitzarekin dugun konpromisoa berretsi nahi dugu, eta bide horretan, 2012an egia, justizia eta erreparazioa lortzeko hasi genuen elkarlana eta kontsentsuarekin jarraituko dugu, ez errepikatzea bermatzeko bai memoria historikoan zein hurbilekoan, zenetan Errenteria erreferente izaten ari den.
Giza eskubideen urraketaren erreparazioa izango da elkarlanaren ardatz nagusia. Hori da errenteriarrek eskatzen digutena alderdi politikoei eta udalbatzari. Zer gertatu zen jakitea, egia, errelatoak, memoria partekatu bat eraikitzen gertatu zena berriro ez dela errepikatuko bermatzeko. Denok izan behar dugu erantzunkide, eta goi mailako politika egin kontsentsu zabalak lortu eta elkarbizitzarako oinarri sendoak eraikitzeko.
Mugimendu feministak presentzia nabarmena izan du, eta indar handia duela erakutsi du azken bi urteetan batez ere. Indarkeria matxistak ez du etenik, zoritxarrez, eta neurri asistentzialetatik harago, neurri integralak eskatu ditu mugimendu horrek indarkeria matxista ezabatzeko. Nola erantzungo diozue horri?
Zoritxarrez indarkeria matxistaren gaitzak ez du etenik. Emakumeen kontrako indarkeria eremu lokalean ematen den giza eskubideen urraketa dira. Oztopoa dira emakumeak aske izan daitezen, eskubide beteak izan ditzaten, eta benetako berdintasunera heltzeko. Lehentasunezko gaia behar dute agenda politikoan eta segurtasun agendan, eta Errenteriako mugimendu feministarekin parte hartze prozesuak eginda ekintza planak eta protokoloak sortu behar dira. Alderdi politiko guztiok errespetuz jokatu behar dugu mugimendu feministaren independentziarekin, hura instrumentalizatzeko erabili gabe. Udalak neurria eman behar du eta konpromisoak hartu neurriz zehatzekin, eta emakumeen aurkako gehiegikeria edota indarkeriari aurre egiteko beharrezko bitarteko humano, tekniko eta ekonomikoak jarri behar ditu mahai gainean.
Horretarako ezinbestekoa da emakume taldeekin eta mugimendu feministarekin soinez soin lan egitea, emakumeek politikan parte hartze erreala izango dutela bermatuta. Horren adibide da Elkarrekin Podemosek Gipuzkoako Batzar Nagusietarako zerrendaburu gisa Maria Valiente kidea aurkeztu izana.
Indar handia duela erakutsi duen beste kolektiboa jubilatuena da. Urteak darama kalean hileko lehen astelehenero pentsio duinak, zahartzaro duina bermatzeko neurriak eskatzen. Nola helduko diozu gai horri?
Aurretik zehaztu dut hartuko dugun lehenengoetako neurrietako bat udalarekiko izaera transbertsala izango duen adineko pertsonen arloa sortzea izango dela. Pertsonak gure udal politiken erdigunean jartzea eta bereziki zaurgarrienak diren kolektiboak, pertsona guztiek bizitza duina izateko duten eskubidearekin konprometitzea da. Bizita duin gisa ulertuta oinarrizkoa beharrak ase dituztela, lana, hezkuntza, osasuna, kulturarako eta aisialdirako sarbidea, bakardadeari aurre egitea, zahartzaro aktiboa bultzatzea, eta jakina pentsiodunentzat eta jubilatuentzat pentsio duinak, bereziki emakume alargunentzat, egoera zaurgarrienean daudelako.
Aurreikusi daiteke emaitzak “estuak” izan daitezkeela.Itunetarako ateak zabalik al dituzue? Norekin?
Elkarrekin Podemosek programa ezkertiar eta aurrerakoia du. Horrenbestez, ezkerreko eta aurrerakoiak diren indarrekin elkarlanean aritzeko apustua egiten dugu herri hobeagoa eraikitzen jarraitu eta aurrera egiten segitzeko. Espazio politiko horretan dauden beste alderdien erantzun positiboa izatea espero dugu.
Herritarrek erabakiko dute hilaren 26an zein herri eta gizarte eredu nahi duten eta nork gidatu behar duen. Guk uste dugu edozein hitzarmen proposamen programatikoetan oinarrituta egin behar dela. Horregatik, gure lana eta konpromisoa da zubiak eraikitzea ezkerreko udal politikak egiten dituztenekin, guztiok amesten dugun Errenteriaren aldeko neurri aurrerakoiak dituztenekin, jakinik edozein akordio edo hitzarmen, publikoa eta herritarrekiko konpromiso zehatzekin izan behar duela.