Sanpedrotarrak Berioren kontra jokatu du finala larunbatean
Preferente Mailara igo da Sapedrotarra, iaz galdutako kategoria berreskuratuz; gazteen taldeak ohorezko mailara igotzeko aukera du oraindik ere.
Denboraldi bikaina osatu du aurten sanpedrotarrak taldeak. Lidergoan bukatu du denboraldia eta Berioren kontra jokatu du finala, larunbatean, 17:30ean, eta gertatuak gertatu, Preferentean jokatuko du datorren denboraldian, iaz galdutako maila berreskuratuta.
Talde nagusia, baina, ez da aurten fin ibili den bakarra. Gazteek Ohorezko Mailara igotzeko aukera dute oraindik ere, partidak amaitu dituen arren, Gazte Euskal ligara igotzeko azken fasean ematen diren emaitzen arabera lortuko duelako mailaz igotzea.
Oso pozik daude klubean talde gaztearen bilakaerarekin, bereziki lehen urtea dutelako lehian.
Horregatik guztiagatik, ospakizunak, zaleekin konpartitu nahi dituzte, eta Berioko zelaira joateko deia luzatu diete guztiei.
Futbol elkartetik iragarri dutenez, partida bukatuta, harrera egingo diete jokalari eta entrenatzaileei San Pedron. 20:30ean bilduko dira, herriko sarreran, harrera egiteko eta “egin duten denboraldi ederra eskertzeko”.
Ondoren denboraldi amaierako afaria izango dute.