Jose Angel Rodriguez: "Bakarrik gobernatzeko emaitza jaso nahi dugu, gure programa garatzeko"
Errenteriako Udalerako hautagaitza aurkeztu duten bost alderdietako alkategaiak elkarrizketatu ditu HITZAk. Honakoa elkarrizketa horietatik laugarrena, Jose Angel Rodriguez PSE-EEko alkategaiari egindakoa.
Zergatik bozkatu behar zaituzte herritarrek?
Errenteriarrei PSE-EE bozkatzea eskatu diet herrian dauden arazoak konpontzeko proposamenak ditugulako, hura ekonomikoki suspertzeko gai garelako, baita egoera zaurgarrienean dauden familiak babesteko ere, eta etorkizunera begira jartzeko. Aurkeztu dugun hautagaitzak eskarmentua eta gaztetasuna uztartzen ditu, baina batez ere, gure herriarekin dugun konpromisoa.
Alkate bazara zein izango da egingo duzun lehenengo gauza?
Lehenengo gauza udalaren egoera ezagutzea izango da, izan ere, gobernu taldeak ez digu berririk ematen. Alkate gisa hartuko dudan lehen neurria auzo guztietan garbiketa eta hiri mantenurako neurriak urgentziaz ezartzea izango da.
Azken bi agintaldietan Errenterian elkarbizitza eta bakegintzan zabaldutako bidea jarraituko duzue? Nola?
Gaur egun arte egin dugun diskrezio eta errespetu arauak oinarri hartuta, gainontzeko alderdiekin batera lanean jarraituko dugu. Orain arte egindako lan guztiak jarraipena izan dezan aritu gara. Dagoeneko hainbat konpromiso hartu ditugu datorren agintaldian beren eragina izango dutenak pixkanaka.
Mugimendu feministak presentzia nabarmena izan du, eta indar handia duela erakutsi du azken bi urteetan batez ere. Indarkeria matxistak ez du etenik, zoritxarrez, eta neurri asistentzialetatik harago, neurri integralak eskatu ditu mugimendu horrek indarkeria matxista ezabatzeko. Nola erantzungo diozue horri?
Alderdi feminista gara eta konprometituta gaude genero indarkeriaren aurkako borrokarekin. Feminismoak modu transbertsalean zeharkatzen du alderdi sozialistaren programa, eta horrekin batera berdintasun arloan proposamenak egin ditugu. Besteak beste, Errenteriako III Berdintasun plana egitea proposatzen dugu, baita genero indarkeriaren kontrako lehenengo plana ere. Lana eta tokiko ekonomiaren aldeko lehen hitzarmen feminista egitea proposatu dugu, gainera. Puntu ilunak ezabatzea, erasorik gabeko jai batzuen alde lan egitea, edota beste udalerri batzuetan martxan jarri diren erasoen aurkako APPak abiatzea aztertzea garrantzitsua da.
Indar handia duela erakutsi duen beste kolektiboa jubilatuena da. Urteak darama kalean hileko lehen astelehenero pentsio duinak, zahartzaro duina bermatzeko neurriak eskatzen. Nola helduko diozu gai horri?
Jubilatu eta pentsiodunen beharrak udalaren politiken erdigunean jarriko ditugu. Uste dugu, ezinbestekoa dela Zahartze Aktiborako Udal Programa martxan jartzea, eta adinekoentzat tutelatutako etxebizitzak eraikitzea. Halaber, jubilatuen elkarteetako ekintzak sustatzen jarraituko dugu eta bio osasungarriak diren kirol eremuak berritu eta berriak sortuko ditugu. Isolamendua eta bakardadeari aurre egiteko lan egingo dugu gainera, hori delako adineko pertsonek duten arazoetako bat.
Aurreikusi daiteke emaitzak “istuak” izan daitezkeela.Itunetarako ateak zabalik al dituzue? Norekin?
Gure borondatea, bakarrik gobernatzeko moduko emaitza jasotzea da gure programan jaso ditugun politikak garatu ahal izateko. Hori azalduta, Errenterian urte asko eman ditugu gobernuan, ezberdinen arteko itunak egiteko bokazioarekin beti ere: EAJ, EA, IU edota EE. Duela lau urte Errenteria Irabazizekin ituna egiten saiatu ginen, baina beraiekin elkartu ginenerako EH Bildurekin sinatuta zuten jada hitzarmena. Oraingoan aurretik esan dute EH Bildu babestuko dutela berriro, irabazi edo ez. Kuriosoa da jarrera hori, Errenteriaren alde egiteko beste alderdiekin hitzarmenak egiteari atea ixten diotelako. Guk ez diogu ezeri ezetz esan, emaitzen zain izango gara, eta ituna egiten saiatuko gara Errenteriako bizilagunen interesak ahalik eta ondoen babesteko.