Jose Angel Sanchez (Lezoko PSE-EE): "Konpromisoak bete ditugu. Lezoarrek emaitzak nahi dituzte"
Lezoko hautagaitzetako zerrendaburuei elkarrizketak egingo dizkie HITZAk. Ziklo horretan lehena PSE-EEko Jose Angel Sanchez da.
Udal hauteskundeetan Lezon zerrenda aurkeztu duten alderdietako zerrendaburuekin elkarrizketa zikloa abiatu du HITZAk. Lau alderi politikok dituzte hautagaitzak Lezon, eta horietako hiruren buruek baiezkoa eman diote HITZAri. Jose Angel Sanchez PSE-EEko hautagaiari egindakoa da ziklo horretako lehena. Hautagai den-denei galdera berberak egin dizkie HITZAk.
Zergatik eman behar diote lezoarrek botoa zu buru zaren hautagaitzari?
EH Bilduk egin zuen kudeaketa eskasaren ondoren, Lezo eta baita udala ere martxan daude arlo ekonomikoan, eta herria lasai dago arlo sozialean. Eta horren arrazoia da PSE-EEk agintaldian azaldu duen erantzukizuna, eta aldi berean gobernu taldean ezarri duen erritmoa.
Ogasun saileko arduradun izan naiz agintaldian. Herriko datu ekonomikoak aztertu ondoren, lau urte hauetan ez ditut udal zergak igo, udalak zuen zorra jaitsi egin dut, eta udalak 2,5 milioi euroko soberakina du. Lezoarrrek dituzten behar eta eskaerak betetzeko bideratuko dugu soberakin hori, hala nola gizarte zerbitzuetara, enplegura, kulturara eta hiri mantenura.
Aldi berean, Enplegu alorra ere kudeatu dugu, eta udalaren aurrekontuaren %3 enplegu planetara bideratu dugu. Ingurumen sailean ere egon gara, eta Agenda 21ek eskatutakoak bete egin ditugu, energia alorrean eraginkortasun eta kontsumo murrizketa neurriak hartu ditugu kaleetan eta udal eraikinetan, eta Jaizkibelgo nahiz Gaintxurizketako eremu naturalak babestea gure lehentasunen artean izan dira.
Hau da nire aurkezpen gutuna. Konpromisoak bete ditut. Lezoarrek emaitzak nahi dituzte, eta sozialistok gure proposamenak bete egin ditugu.
Alkate bazara, zer da egingo duzun lehenengo gauza?
Herriko agente sozial, kultural eta politikoekin bilduko nintzateke, Lezorako dudan egitasmoa jakinarazteko, eta hori aberasteko gonbita egingo nieke. Egitasmoaren oinarriak dira kalitatezko enplegua sortzea, tratuan berdintasuna eta sexu aniztasuna bermatzea, garapen iraunkorra, gazteen emantzipaziorako aukerak sortzea, gure adinekoak eta bazterketa arriskuan daudenak babestea, baita herriko kultur eragileak eta euskara bultzatzea ere.
Lezo eta Pasaiako Portua: zer nolako harremana izan beharko lukete bi erakundeek?
Badiaren benetako biziberritzea, Lezori dagokionez, gauzatuko da portuak sortzen duen zaratarengatik Lezok uzten dionean ingurumen zonalde degradatu bat izateari, baita airearen kalitateari eta kutsatutako lurrei ere irtenbidea ematen zaienean ere. Arraitoki (udal kiroldegiaren ondoan) herriari eman diezaiotela nahi dugu, eta horrela Lezoren nahiz badia osoaren biziberritze urbanoaren zati garrantzitsu bat gauzatuko da, herritarren bizi kalitatean eraginez. Horretarako, Portu Agintaritzarekin akordioetara iristea beharrezkoa eta premiazkoa da.
Gaintxurizketa ingururako hainbat logistika egitasmoz hitz egin da azken urteetan. Zein iritzi duzue horien gainean?
Gaintxurizketa babestu behar den ingurune naturala da. Eremu horretan Agroaldea bat sortzeko apustu egiten dugu, bertan dagoen lehen sektorea laguntzeko eta euren produktuak errazago sal ditzaten. Gainera, bertarako bidegorri bat egitea proposatzen dugu, baita industriaguneak berritzea ere. Beste jarduera ekonomiko batzuk izan dezakete lekua Gaintxurizketan, baina ez duguna nahi da, Oiartzunen EH Bilduk egin bezala, Gaintxurizketa Lanbarren II bat bihurtzea.
Hondakinen kudeaketa: zein izango da zuen apustua legealdi berrirako?
Galdera honek EH Bilduko hautagaiarentzat du zentzua bakarrik, atez atekoa itzuliko denaren ezeztapena gauzatzeko beharra baitu, beldur delako hauteskundeak berriz ere galduko dituela. EH Bilduren koherentzia gabezia horren aurrean, PSE-EEren sendotasuna dago, eta horri eskerrak ezarri zen bosgarren edukiontzia Lezon. Gogorarazi nahi dut EAJk, EH Bildurekin batera, apustu egin zuela sistema misto baten alde. Atez atekoa amesgaiztoa izan zen.