Mikel Arruti (Lezoko EH Bildu): "Udaletxeko ateak eta leihoak zabalduko ditugu"
Lezoko hautagaitzetako zerrendaburuei elkarrizketak egingo dizkie HITZAk. Ziklo horretan bigarrena EH Bilduko Mikel Arruti da.
Udal hauteskundeetan Lezon zerrenda aurkeztu duten alderdietako zerrendaburuekin elkarrizketa zikloa abiatu du HITZAk. Lau alderi politikok dituzte hautagaitzak Lezon, eta horietako hiruren buruek baiezkoa eman diote HITZAri. Mikel Arruti EH Bilduren hautagaiari egindakoa da ziklo horretako bigarrena. Hautagai den-denei galdera berberak egin dizkie HITZAk.
Zergatik eman behar diote zu buru zaren hautagaitzari botoa lezoarrrek?
Boto eskean aritzea ez zait gustatzen, ez naiz eroso sentitzen. Norberak ongi dakizki bere arrazoiak eta hartzen duen erabakia, edozein dela ere, ziur ongi hartutako erabakia izango dela. Apaltasunez, baina irabazteko asmoarekin aurkeztu gara, alkatetza lortzeko intentzioarekin. Guk udalean aritzea herrigintzaren beste atal gisa ulertzen dugu. Atal indartsua eta garrantzitsua. Horregatik egiten dugu lan udalgintzan eta horregatik gustatuko litzaiguke alkatetza lortzea: herrigintza indartzeko eta herrigintzan sakontzeko.
Azken urteotan ikusi dugu Lezo kanpoko interesen begiradapean zegoela: kanpoko portua, Gaintxurizketako plataforma logistikoa… Kapital handien nahi eta interesei erantzuteko proiektuen mehatxua gainean dugu. Kanpotik, lezoarron behar, nahi eta interesei kasu egin gabe ezarri nahi izan dira proiektu horiek. Interes horien ordezkari dugu gurean EAJ eta hori beste behin argi geratu zen legegintzaldi hasieran, eurekin hondakinen gaineko akordio lortu arren, goitik edo hobe esan, kanpotik, akordioa lortu zuten EAJko ordezkariak kargutik kenduarazi zituztenean.
Kanpotik halako indarrak daudenean, beharrezkoa da jakitea guk zer nahi dugun. Horretan, noraezean ibili garen sentsazioa dut, nora iritsi nahi genuen zehazki jakin gabe. Garrantzitsua izan da denbora eta espazioa hartzea behar bezalako gogoeta egin eta indarberritzeko. Horren guztiaren ondorioa da Lezo Errotik prozesuarekin hasitako bidea: apaltasunez egindako bidea, desberdinen artean osatutako bidea, Lezon irudikatutako bidea, lezoarrok eta lezoarrontzat sortutako bidea. Irten gara noraez horretatik, badakigu nora joan nahi dugun eta badakigu bide hori nola egin nahi dugun: herritarrekin batera eta euren behar, nahi eta interesei erantzunez. Bidea eta egiteko modua dira gure ezaugarri. Bi ardatz horietan zintzo bagabiltza, ziur naiz, berandu baino lehen, uzta oparoa jasoko dugula.
Alkate bazara, zer da egingo duzun lehen gauza?
Sinbologia erabiliz: udaletxeko ate eta leihoak zabalduko ditugu; politika bulego gris eta ilunetan egitetik kaleko argitasun eta koloreekin egitera pasako gara. Herritarren iritzia entzun nahi dugu eta horretarako galdetegi edo antzeko bideren bat abiatuko dugu: herritarrek dituzten kezkak zeintzuk diren ezagutzeko, herriari buruz duten ikuspegia jakiteko, udaletxearen funtzionamenduari buruz duten iritzia ezagutzeko… Herritarrekin batera aritu behar dugu lanean. Hauteskundeak irabazteak ez du esan nahi herritar guztiek gure asmo, ideia, ikuskera edo proiektu osoarekin bat egiten duenik. Tranpa egitea dela uste dut. EH Bilduk bere bideorria idatzi du Lezo Errotik prozesuan. Hor jarritako norabidean lan egiteko konpromisoa hartu dugu, baina baita malgutasunez jokatzekoa ere. Herritarren gehiengoaren nahiak eta beharrak jarri behar dira erdigunean etengabe eta bide hori egiteko modurik egokiena zein izan daitekeen eurekin batera adostu. Filosofia aldaketa bat eskatzen du honek guztiak eta ez da erraza izango, eredu perfekturik ez dago, ziur guk ere akatsak egingo ditugula, baina hasiera-hasieratik herritarrak ahalduntzea (eta ondorioz, instituzioek boterea galtzea) izango da gure helburua.
Lezo eta Pasaiako Portua: zer nolako harremana izan beharko lukete bi erakundeek?
Berdinetik berdinerako harremana eskatzen dugu, errespetuzko harremana. Portuarekin elkarbizitza orekatua izan nahi dugu. Portua egin aurretik Lezo hemen zegoen. Herritarren bizi kalitatea eta portuko langileen lan-baldintzak jarri behar dira erdigunean eta ez gutxi batzuen mozkin ekonomiko hotza. Nola esan dezake Tapia andereak abuztuko sutzarra gertatu eta gero herritarrok portuko txatarrari eskerturik egon beharko genukeela? Nola liteke herritar batek protesta gisa agintariei errauts apur bat bota eta Portuko lehendakari den Felix Gartziandia jaunak ostikoz hartzea? Hori al da herritar guztion zerbitzura egon beharko luketen agintarien aldetik merezi duguna? Hori al da zor diguten errespetua? Iazko abuztuan jazotako sutzarra ez zen istripu isolatua izan. Portuaren inguruan bizi garenok egunero ikusten dugu ez direla beharrezko neurriak hartzen. Badirudi Eusko Jaurlaritzatik eta Portuko Agintaritzatik iristen zaigun mezua honako hau dela: portuak sortzen dituen “albo-kalteak” onartu beharko dituzue langileak lanik gabe geratzea nahi ez baduzue. Dikotomia hori onartezina iruditzen zaigu. Portuaren jarduera jasangarria izango dadin hori gidatzeko irizpide bakarra ezin da izan ekonomikoa. Portuak, irizpide sozialak ere aintzat hartu behar ditu: sortzen duen aberastasunaren banaketa, langileen lan-baldintzak… Bai eta ingurumenari lotutakok ere: sortzen duen kutsadura murriztea, inguruko herritarren bizi-kalitatea… Elkarrekin hobekuntza plan bat landu behar dugu, urgentziaz kutsadura gutxituko duten neurriak aplika daitezen eta epe luzera, beste portu-eredu bat eraikitzen joateko.
Gaintxurizketa ingururako hainbat logistika egitasmoz hitz egin da azken urteetan. Zein iritzi duzue horien gainean?
Lehen esan bezala, lezoarron iritzia kontuan hartu gabe egin nahi digute plataforma logistikoa. Herritarrok horri buruz dugun iritzia zein den galdetu ere ez digute egin. Lezoko EAJk eta PSEk Lezorako eta lezoarrontzako oso proiektu interesgarria izango dela esaten dute, onuragarria izango dela, lanpostu ugari sortuko dituela, ekonomikoki aberasgarria izango dela. Ekonomikoki aberasgarria ziur izango dela, baina norentzat? Betiko eraikuntza enpresa handientzat. Galdera sinple bat egin nahiko nieke: hain ona bada halako plataforma logistikoa herrian izatea, hainbeste lanpostu sortuko baditu, hain aberasgarria bada, Irunen zergatik ez dute nahi? Irunen trenbide-sare handia dago eraikia, askoz merkeago izango litzake bertan egitea; zergatik ekarri nahi dute Gaintxurizketara? Dena onurak badira, zergatik ez du interesik inguruko beste herriren batek? Argi gera dadila hori esanda ez nabilela Irunen edo inguruko herri batean eraiki behar denik esaten ari. Lezoko Plan Orokorraren aurka doan proiektua da, herriko lur zati handia galduaraziko digun proiektua da, bertako bizilagunen eta orokorrean lezoar guztion bizi kalitatea kaltetuko duen proiektua da, Lezori onurarik ekarriko ez dion proiektua dela iruditzen zaigu. Pasaiako Portu Agintaritzak egindako azterketa batean portuarentzat plataforma logistikoa onuragarria ez zela zioen. Ez da proiektu jasangarria. Bizimodu duina eta osasuntsua eragiten duen eredu ekonomikoa behar dugu.
Hondakinen kudeaketa: zein izango da zuen apustua legealdi berrirako?
Pena da, baina kudeaketa hutsa izan beharko lukeen gaia alderdion arteko gatazka politikorako erabili da. Guk ere, autokritika zintzoa egin dugu eta egia da, urte hauetan gai honekin asko ikasi dugula. Orain bi legegintzaldi gai honen kudeaketa behar bezala egiten ez genuen asmatu. Erraustegiaren eraikuntza geratzeko urgentziak, gaia herritarrekin behar bezala ez lantzera eraman gintuen. Ikasi dugu eta ez da berriro gertatuko. Baina, egon da bestelakorik ere. Gaur egun uste dut guztiok pentsatzen dugula birziklatu egin behar dugula; ezin dugula jarraitu hondakin guztiak nahasirik ateratzen; norbanakoon ardura dugula hondakinak bereiztea. Denok larritu gaituzte plastikoz jositako itsaso eta hurbileko kostetako irudiek. Horrekin batera, birziklatze helburuak argi izanda, bestelako bilketa sistema bat EAJko ordezkariekin adostera heldu ginela oso presente dugu. Hori lortzeko gaitasuna erakutsi genuen eta uste dugu lortutako akordio hura abiapuntu egokia izan daitekeela aurrera begira. Ez da nahikoa, ordea. Halako gaiak udaletxeko lau paretetatik kanpora, herritarrekin, gardentasunez eztabaidatu eta adostu behar ditugu. Gure aldetik kontsentsuak bilatuko ditugu eta azken erabakia, galdeketa bidez, herritarren esku utziko dugu.
Horiek aipatuta, ez dut esan gabe utzi nahi, gai honen inguruko zalaparta sortu zenean genuen mehatxuak, erraustegiarenak hain zuzen, bizi-bizirik jarraitzen duela. Ez zait iruditzen inork nahi duenik osasun eta kutsadura arazoak sortzen dituen halako eraikuntza bere herrian edo inguruan. Gure ardura ere bada erraustegia geldiaraztea. Bitxia bada ere, beste herrialdeetan erraustegiak ixten ari diren bitartean, hondakinak erraustea alboratzen ari diren bitartean, Gipuzkoan, sortzen duguna baino hondakin gehiago beharko duen erraustegia ezarri nahi digute. Hasieran esanikora itzuliz, komeni da argi izatea hemen bakoitzak zeinen interesei erantzuten dion.