Aizpea Otaegi: "Programa zabal eta sendoa dugu, duela zortzi urte hasitako bideari segida emateko"
Errenteriako Udalerako hautagaitza aurkeztu duten bost alderdietako alkategaiak elkarrizketatu ditu HITZAk. Honakoa elkarrizketa horietatik bosgarrena eta azkena da, Aizpea Otaegi EH Bilduko alkategaiari egindakoa.
Zergatik bozkatu behar zaituzte herritarrek?
Azken bi legegintzaldietan gauza asko aldatu dira eta gehiengoaren irudipena da herria hobetu egin dela, gauza on asko egin direla. Aitortza hori kanpotik ere jaso dugu. Horren adibide garbia dira gizarte politikaren esparruan garatutako politikak Espainian jasotako aitortza, desberdinen arteko bizikidetzaren esparruan egin den lanak izan duen oihartzuna edota gazteentzako etxebizitza komunitarioa bezalako proiektuek eragin duten interesa. Arrakastaren adierazle dira baina guk gauza gehiago egiten jarraitu nahi dugu. Ni, ilusioz eta indarrez nator, nire onena eskaintzera, duela 8 urte abiatutako bideari segida ematera, aldaketan sakonduz eta esparru berrietara eramanez. Konpromiso hori da gure motorra.
Alkate bazara zein izango da egingo duzun lehenengo gauza?
Konfiantza eskertzea. Alkate banaiz, jende askoren konfiantzari eta babesari esker izango baita. San Juan bezperako soka dantzaren zortzikoa ikasten ere hasi beharko dut. Baina, batez ere, lanari heldu beharko diogu. Oso anbizio handiko programa landu dugu eta aurreko bi legegintzaldietan bezala, agindutakoa bete nahi dugu. Horretarako behar-beharrezkoa izango da lehen egunetik asmo handienei heltzea, lau urteko zikloan emaitzak ikusteko aukera izan dezagun. Eta, lehen unetik, herritarren eskutik hasiko gara, Plan Estrategikoa berritzeko prozesua abiatuz, auzoz auzo, esparruz esparru.
Azken bi agintaldietan Errenterian elkarbizitza eta bakegintzan zabaldutako bidea jarraituko duzue? Nola?
Normalizazio politikoari lotutako elkarbizitzaz galdetzen badidazu, esango nizuke, orain arte egindako bidean sakontzea dela asmoa. Herri honetan bizi izan dugun indarkeriaren ondorioak pairatu dituzten biktimei egia, justizia eta erreparazioa aitor dakien ekimenak garatzen jarraituko dugu. Baina herri honetan esparru horretan 8 urtetan egin den lanak arrakastarik izan badu lan isilekoari, diskretuari esker izan da. Alderdi guztiek argi izan dugu, gai hau eztabaida eta etekin politikoaren parametroetatik atera beharra zegoela. Horregatik utzidazu gai honi dagokionez, hori baino ez esaten; abiatutako bideari eutsiko diogula.
Bizikidetzari zentzu zabalagoan begiratuz gero, norberaren jatorriak, kulturak edo bizimoduak eragindako aniztasunaz ari bagara, garbi dugu aniztasun hori herri honen indargune gisa kudeatu behar dugula. Bizikidetza sendorako formula garbi dugu: elkarren ezagutza handiagoa, espazio partekatu gehiago, partaidetza handiagoa eta komunitate gehiago. Norabide horretan lan egingo dugu. Eta horretarako ezinbestekoa da hemen bizi garen guztiok aukera berdinak ditugula eta, ezberdintasunak ezberdintasun, komunitate bat osatzen dugula sentitzea.
Mugimendu feministak presentzia nabarmena izan du, eta indar handia duela erakutsi du azken bi urteetan batez ere. Indarkeria matxistak ez du etenik, zoritxarrez, eta neurri asistentzialetatik harago, neurri integralak eskatu ditu mugimendu horrek indarkeria matxista ezabatzeko. Nola erantzungo diozue horri?
Mugimendu feminista egiten ari den lana ikaragarria da eta uste dut erakundeetatik dagokigula geure buruari galdetzea, nola erantzun diezaiekegun politika publikoen esparrutik feminismoak proposatzen dituen eraldaketa sakonei, azaleko proposamenetan geratu gabe. Indarkeria matxistari dagokionez, giza eskubideen aurkako urraketa larria da, emakumeek gehien jasaten dutena, eta zuk diozun bezala, ez du etenik. Egiturazkoa den gaitz horri aurre egiteko azken urteetan hainbat ekimen jarri ditugu martxan. Horren adibide dira Eraldaketa Feministarako Eskola edota indarkeriaren esparruan ere eragile garrantzitsu izan nahi duen Emakumeen Etxea martxan jarri izana. Baina asko dugu egiteko eta, gure programan, bizimoduak erdigunean jartzeari buruz hitz egiten dugunean, emakumeek indarkeriarik gabe bizitzeko duten eskubideaz ari gara, besteak beste.
Gure ustez, ezinbestean bi norabidetan lan egin beharra dugu: indarkeria prebenitzen eta indarkeria jasan duten emakumeen eta euren seme-alaben arreta hobetzen. Uste dut baterako zein besterako, datozen urteetan funtsezko tresna izango dela Emakumeen Etxea. Laguntza eta orientazioa jasotzeko garaian erreferentziala izatea lortu behar dugu. Baina indarkeriaren gaiari ezin zaio Berdintasun Sailetik bakarrik erantzun: Udaltzaingoa eta Gizarte Zerbitzuak bezalako udal-sailen rola, inplikazioa eta koordinazioa oso garrantzitsuak dira. Baita Osakidetza edo Ertzaintza bezalako eragileekin lankidetza ere. Guzti hau esanda, beste kontu bat ere nabarmendu nahi nuke: udalaren eta mugimendu feministaren arteko lankidetzaren beharra eta udalak oso prest egon behar duela, orain arte bezala, mugimendu feministaren ekarpenak eta proposamenak entzun eta bideratzeko.
Indar handia duela erakutsi duen beste kolektiboa jubilatuena da. Urteak darama kalean hileko lehen astelehenero pentsio duinak, zahartzaro duina bermatzeko neurriak eskatzen. Nola helduko diozu gai horri?
Mugimendu feministarekin gertatzen den bezala, pentsionisten mugimenduarekin ere erabateko lankidetza eta solaskidetza ezinbestekoak dira, horixe baita euren beharrei eta proposamenei modu integralean erantzuteko modu bakarra. Horretarako, Adinekoen Kontseilu Soziala sortuko dugu. Bere lehen eginkizuna gure herriko adinekoek bizi duten errealitatearen diagnostikoa egitea izango da, askotariko alderdiak aztertuz: diru-sarrerak eta oinarrizko bizi-baldintzak; etxebizitzen baldintzak eta irisgarritasuna; osasun-egoera eta mendekotasuna; partaidetza soziala eta komunitate mailako integrazioa; etab.
Diagnostikoaren emaitzak oinarri hartuta, Adinekoen Kontseilu Sozialarekin elkarlanean diseinatutako politika zehatzak eta adostuak jarri nahi ditugu martxan. Beste ekimen garrantzitsu bat Adinekoen Behatokia martxan jartzea izango da. Izan ere, adinekoak, gero eta gehiago izango dira gure gizartean, gero eta premia anitzagoak izango dituzte. Horregatik, behar beharrezkoa zaigu bizi duten errealitatearen argazki hori aldiro-aldiro eguneratzeko Behatokia bezalako tresna bat.
Aurreikusi daiteke emaitzak “estuak” izan daitezkeela.Itunetarako ateak zabalik al dituzue? Norekin?
Guk gobernatzen jarraitzeko bokazioa dugu, horixe baita duela 8 urte abiatutako bide berriari segida emateko modu bakarra. Eta edozein negoziaketarako, gure programa izango da elkarrizketen abiapuntu eta helmuga. Batetik, oso zabala eta sendoa dela uste dugulako. Bestetik, herritarrekiko kontratu baten gisa ulertzen dugulako. Edonola ere, udal-gobernuaren egonkortasuna garrantzitsua da politikak ahalik eta kontsentsu zabalenez aurrera eraman ahal izateko eta azken lau urteotako gobernu-akordioak horretarako aukera eman digu. Horregatik, legegintzaldiaren balorazioa ona da. Ikus dezagun herritarrek zer dioten!