Prekarietatearen haritik zintzilik
Astebetean bi langile kaleratu ditu Zuen Ondoan Oarsoaldea enpresak; azken bi urtean, zazpi izan direla esan du ELAk. Enpresa horretan langileek dituzten «baldintza kaskarrak» salatu dituzte.
Zaintzaren sektorea feminizatua dagoela ez da berria; berria ez den bezala, bertan ari diren langileen baldintzak eskasak direla. Beharrak bultzatzen ditu asko lan horiek prekarioak diren baldintzetan onartzera, beren egoera zaurgarria delako. Leonor Garcia Sanchez eta Lorena Ferreira Villanueva geriatria laguntzaileak dira eta zaintza lanetan aritu dira. Azken lana, Zuen Ondoan Oarsoaldea enpresan egin dute, kaleratu dituzten arte.
Enpresak kontratatzeko garaian gezurra esan ziela, eta kaleratzeko garaian ere gezurretan aritu dela salatu dute bi emakumeek, bien «profesionaltasuna» eta «ohorea» bera ere «erasotuta». «Lan kontratu mugagabea eskaini zidan enpresak, eta aukera horren aurrean, beste guztiak baztertu nituen, interesatzen zaigulako jakitea epe luze baterako lana izango dugula batetik bestera ibili beharrik gabe. Baina ez da horrela izan— azaldu du Garciak—egun osoa enpresarentzat behar nuen berak agindutako lanak egiteko: ordu erdi nuen Errenteriako etxe batean, ordubeteko lana ondoren Donibaneko beste etxe batean, ordubete San Pedron, eta atzera Errenterian beste ordu erdiz lana gauez. Hilabete amaieran ez zen 400 eurora iristen nire soldata».
Bere akats bakarra zenbat irabaziko zuen ez galdetzea izan zela dio, «lan egin nahi duzu, ez zara ausartzen galdetzera zenbat irabaziko duzun. 2 edo 3 orduko lana eskaintzen dizute, baina egun osoko disponibilitatea behar duzu».
Ferreiraren kasuan ia jardunaldi osoa egiten zuen zerbitzu ezberdinak batuta, eta egunero atzera eta aurrera ibili etxez etxe ordu erdiko eta ordubeteko jardunaldiekin, «1.000 euro inguru kobratu izan ditut, baina 07.45ean lanean hasi eta 20:30ean bukatuta». Bederatzi hilabete eman ditu Garciak enpresan eta lau Ferreirak; bat datoz biak: «Zuen Ondoan Oarsoaldea enpresa egoera zaurgarrian dauden pertsonekin probetxu ateratzen saiatzen da, jakin badakite lana behar dugula, eta egingo dugula esaten digutena kexatu gabe».
Langileekiko etikarik ez
Enpresaren arduraduna aipatu dute biek, langileekiko «etika eta errespeturik gabe» jokatzen duela nabarmendu dute: «Oihu egiten digu, berak esaten duena egin behar da, hala da eta kito». Tratu desegoki horren adibideak zerrendatu ditu Ferreirak bata bestearen atzetik: «Martxoaren 8an Mugimendu Feministak deitutako grebarekin bat egiteko asmoa nuen, eta hala jakinarazi nion grebaren astean bertan. Aurretik, ordea, gutxieneko zerbitzuak ezarri zituen eta nolakoak izango ziren galdetu nion, pertsonekin lan egiten dugulako, eta horiek gure beharra izaten dutelako. Oihuka eta haserre erantzun zidan ezin nuela greba egin, hilabete aurretik abisatu behar nuela. Horrela ez zela jakin arren, azkenean, ez nuen greba egin, ez nuen ausardiarik izan aurre egiteko».
Greba egin ez bazuen ere, planteatze hutsak ondorioak izan zituen Ferreirarentzat: «Handik bi egunera alabarekin joan nintzen enpresaren egoitzara. Arduradunak bere bulegoan sarrarazi ninduen, eta alaba kanpoan gelditu zen, itxarongelan. Oihuka eta isiltzeko aginduz hartu ninduen, eta ez zidan erantzuteko aukerarik ere eman. Hori guztia nire alabak entzun zuen». Ez da enpresako arduradunari agintekeria leporatzeko izan duen gertakari bakarra, epaitegira joateko zitazioa jasota, zitazio horiek berak aurkeztu behar izan zituen langileak, edota alabarekin urgentziazko kontsulta batera joateko aukera ukatu zion arduradunak, zerbitzuak «eroriko» zitzaizkiola argudiatuta. Garciak ere bizi ditu halako egoerak, eta mediku hitzordua bertan behera utzi behar izan zuen «zerbitzuetako bat eroriko zenaren aitzakiarekin. Gurekin oihuka komunikatu da beti, eta langileoi aukerarik eman gabe».
«Gezurretan» oinarrituta
Kaleratzeak ere hala heldu ziren, «gezurretan oinarrituta», langile ohiek salatu dutenez. «Nire kasuan bulegora deitu ninduten eta diziplina espedientea zabaldu zidatela esan zidaten, erabiltzaile batek hainbat kexa egin zituelako nire gainean, atea ixteko kolpe handiak ematen nituela, altzarietan kolpeka ibiltzen nintzela, gaizki erantzuten niola, pertsiana apurtu nuela… Lur jota gelditu nintzen, ez nuen ezertxo ere ulertzen, gezurra delako». Zalantzarik ez du kexa horien atzean enpresa dagoela, eta ez du ulertzen arrazoia, «kaleratu nahi banaute kaleratzea dute, baina zergatik gezurrak asmatu, nire profesionaltasuna kolokan jarri, baita ohorea ere?». Injustizia. Hala definitu du Garciak bizi duen egoera.
Ferreirak, berriz, umiliazioa aipatu du, «gure burua babesteko aukerarik ez dugu izan. Amorrua, haserrea eragin dizkit, eta nire egoerarekin, nire lan beharrarekin jokatu dutela sentiarazi didate». Kaleratzeko arrazoia, bere kasuan, zerbitzu bat egin ez izana, «ez da egia, baina kalera bota naute. Beraiek ere badakite ez dela egia, enpresak asmatu duelako arrazoia neu kaleratzeko».
Bidean bat egin zuten Zuen Ondoan Oarsoaldea enpresan, eta astebeteko aldearekin bat egin zuten berriz ere Ferreira eta Garciaren bideek, oraingoan ELA sindikatuaren egoitzan. Ez ziren konforme gertatutakoarekin, eta ez ziren prest beren profesionaltasuna kolokan jartzen zuen «gezurretan oinarritutako» kaleratze bat asumitzeko. ELAra iritsita Pandoraren kutxa zabaldu zuten. Beren kasuek aurretik gertatu zirenak «alfonbra azpitik» atera zituztela esan du Ferreirak, «argi dago enpresa horrek ekiteko duen era dela, bere jarrera ohikoa dela».
Zazpi kasu bi urtean
Xabier Etxaniz ELAko Gizalaneko Oarso Bidasoko idazkariak aurretik heldutako beste kasu batzuekin lotu zituen bi emakume horien kasuak: «Kaleratze gutunak aurretik izandako beste bost kaleratzeen antzekoak ziren, enpresa berarenak eta hori ez da normala. Enpresak gezurrak erabili ditu kasu guztietan langileek babesgabetasun erabatekoa izan dezaten. Langileen ohorea eta profesionaltasuna zalantzan jarri dute bi kasuetan, baina ez da zer edo zer isolatua, egoera berean etorri zaizkigu ELA sindikatura enpresa horretan lan egin duten zazpi langile azken bi urte eta erdian».
Horrek susmo txarra piztu zuen sindikatuan, alarma gorriak saltarazi zituen, izan ere, jarrera bera izan duela enpresak kaleratze guztietan dio Etxanizek, «horiek guk dakizkigunak, ziurrenik halako kaleratze gehiago izan dira». Langileen profesionaltasuna kolokan jartzearekin batera, enpresak bere jarrerarekin langileak beldurtzea bilatzen duela argi dute sindikatuan, «kaleratzen dituztenean erreklamaziorik egin ez dezaten. Zorionez bi langile hauek urratsa egin dute, eta horregatik ateratzen ari da argitara Zuen Ondoan Oarsoaldea enpresako arduradunak langileekiko duen jarrera desegokia, lan baldintza prekarioak eta agintekeria».
Kaleratze gutunak kasu guztietan «oso agresiboak» izan direla nabarmendu du Etxanizek, «langilea lur jota uzten dute, babesgabe». Zalantzarik ez dute hirurek, kaleratze gutunek gidoi bati erantzuten diotela argi dute, langileak interesatzen ez zaizkienean kaleratu ahal izateko, «deseroso bihurtzen zaizkienean erditik kentzeko». ELAko ordezkariekin enpresaren nagusiak izan zuen jarreraz ere mintzo da Etxaniz, «enpresako pertsonaren adeitasuna berekin hitz egiten ari den pertsonaren otzantasunaren araberakoa da, eta aurre egiten diozun unean oihuka hasten da, baita sindikatuko ordezkariekin ere, beraz, zer ez du egingo langileekin. Ezin da onartu enpresa horri aukera bat bera ere ematea».
Enpresa pribatuak eskaini
Horren harira hitza hartu du Gabierrotako adinekoen egoitzan ELA sindikatuko ordezkaria den Rosa Rojok. Borroka luzea egin zuten bertako langileek enpresak baldintza duinak eta hitzarmen justua onartu zezan, baita lortu ere.
Bide horretan Errenteriako Udalak jokatutako papera nabarmendu du Etxanizek, «udala inplikatu zen eta baldintza duinak dituen hitzarmena lortu genuen langileentzat».
Rojok, baina, salatu egin du udaleko Gizarte Zerbitzuetako gizarte langileek zaintzarako enpresa pribatuen aukera eskaintzea bertara jotzen duten erabiltzaileei. Lehen eskutik bizi izan zuela egoera hori esan du Rojok, «aitari balorazioa egin zioten eta erabaki behar genuen pertsona bat hartu ordu batzuetarako edo beste bideren bat aukeratu».
Arkisozial enpresako langilea da bera, Gabierrotako Adinekoen egoitzan zaintza lanak egiten ditu eta sobera ezagutzen du, beraz, zein baldintzetan egiten den lana sektore horretan, bere enpresan hitzarmen duina lortu baitute borroka luzearen ondoren, «harritu egin ninduen Arkisozial aipatu eta berehala esatea gizarte langileak garestia iruditzen bazitzaidan erakutsiko zidala zaintza lanak egiten zituzten enpresa pribatuen txartelak, eskura zituela. Tartean, Zuen Ondoan Oarsoaldea enpresarena erakutsi zidan. Ezin nuen sinistu».
Haserre azaldu da Rojo, «ez zait normala iruditzen udaleko gizarte langile batek enpresa pribatu bat eskaintzea zaintza zerbitzua kontratatzeko erabiltzaile bati, udalak bere zerbitzua duenean azpikontratatua. Hori gutxi balitz, Caritasen bidez banuela pertsona bat kontratatzeko aukera esan zidan. ‘Zer ari zara eskaintzen, dokumentaziorik ez duen atzerritar bat kontratatzea?’ galdetu nion. Zertarako aritu naiz ni nire lan eskubideen alde borrokatzen, gero langileak baldintza prekarioetan dituzten enpresa batera kontratatzera joateko entzuteko?».
Horrekin amaitzera deitu du Rojok, «esatea dute enpresa pribatuak daudela eta bestelako alternatibak daudela, eta erabiltzaileak erabaki dezala zer egin eta nora jo, baina enpresa pribatuen txartelak erakustea eta aipatzea izugarria iruditzen zait».
Azken hori praktika ohikoa dela esan du Etxanizek, «Irungo udalean eta Hondarribikoan ere eman da antzeko egoera, eta borroka latzak ditugu gai horrekin ez delako onargarria. Udal langileek beren zerbitzu propioa sustatu behar dute, ez pribatua». Zaintza eredua kolokan jarri du Etxanizek, «zerbitzu merkeagoak eskaintzen dira langileen lan baldintzen kontura, eskainiko duzun hori gutxiago kostatuko zaio erabiltzaileari, baina langileen baldintza prekarioen kontura izango da, eta horretan eragin handia du kontratatuko duenaren kontzientziak».
Kaleratzea, bidegabea
Hori beste gakoa. Sektore feminizatuetan ari direnak, ezinbestekoa den zaintzan adibidez, prekarioa izateari utzi eta baldintza duinetan lanean has daitezen.
Garciak lortu du bere kaleratzea bidegabea izan dela onartzea, enpresarekin egindako adiskidetze saioan. Zain da Ferreira, ordea; oraindik ez du adiskidetze ekitaldirako datarik. Bi langileek egin dute urratsa, ordea, atzera bueltarik ez duena, «ez dugu onartuko prekarietatean lanean izan nahi gaituen enpresarik, ez gaude prest injustizia honen aurrean isiltzeko».
Enpresako arduradunak ez du adierazpenik egin izan nahi
Hitza harremanetan jarri da Zuen Ondoan Oarsoaldea enpresako arduradunarekin bi langile ohiek eta ELA sindikatuak egindako salaketaren gaineko adierazpenak eskatzeko. Arduradunak uko egin dio inolako adierazpenak egiteari, eta beharrezko erantzun eta azalpenak dagokion lekuan eta unean egingo dituztela esatera mugatu da.
Adinekoen egoitzetan borrokan ari dira langileak, hitzarmen eske
Gipuzkoako adinekoen egoitzetako langileak borrokan ari dira hitzarmen duina eskatzeko. Greban dira aste honetan LABeko sektoreko langileak. Asteartean hasi zuten eta bihar arte izango dira greban. Borrokaldiarekin batera hainbat protesta antolatu dituzte langileek hitzarmenaren alde, eta besteak beste, asteartean, Gipuzkoako Foru Aldundia okupatu zuten eta banaka atera zituen Ertzaintzak. Herrialdeko hitzarmena lortzea du helburu sindikatu abertzaleak.
Hitzarmen horrek izan behar dituen ardatz nagusiak ere zehaztu ditu sindikatuak: oinarrizko soldata toki eta foru administrazioen menpe dauden langileen bataz bestekoarekin homologatzea; kontratazio zuzena, mugagabea eta aldi osokoa izatea; langileen ratioak eta mailak ezarriko dituen lan batzorde parekidea sortzea; eta prestakuntza kontutan izateko puntu garrantzitsua izatea. LABen arabera, Gipuzkoako helduen egoitzetako 5.000 langile dago herrialdeko hitzarmenik gabe.
ELA ere hitzarmen eske
ELAko adinekoen egoitzetako langileek ere egin dute greba. Hilaren 10ean amaitutzat eman zuten 62 egun eta gero. Halere, salatu dutenez, ez da aldatu enpresen eta diputazioaren jarrera gaiarekiko, eta horrenbestez, langileek greba egun eta mobilizazio gehiagori atea zabalik utzi diete, «ez dugulako atzera urratsik egiteko inolako asmorik».
Lan baldintza duinak lortu nahi dituztela esan dute ELAko adinekoen egoitzetako langileek, eta lanaldi partzialekin, lan karga izugarriekin, eta soldata arrakalarekin amaitu nahi dutela.
Erresidentzietako borrokaren gaineko sozializazio eguna egin zuen ELA sindikatuak hilabete hasieran, eta Errenteriako Foru plazan egin zuen amaiera ekitaldia. Gizarte eredua jokoan dagoela nabarmendu zuen ELAk ekitaldi horretan, eta zaintza langileen borrokak garrantzi handia duela gizarte osoarentzat erantsi zuen, «asko dugu jokoan».