Jesus Mari Martiarena: "Orain hausnarketarako unea da, hitz egitekoa eta gobernua eratzekoa"
Lezoko EAJren zerrendaburu Jesus Mari Martiarenak lezoarrei eskerrak eman dizkie botoa emateagatik. Ez du baztertu beste alderdiekin akordiorik.
Atzoko udal hauteskundeen ondoren, balorazioetarako tartea hartzen hasi dira Lezoko alderdi politikoak. Horien artetik lehena Lezoko EAJ izan da. Jesus Mari Martiarena EAJren zerrendaburuak esker mezua zabaldu du, “eskerrak eman nahi dizkiegu lezoarrei atzo gugan jarritako konfiantzagatik; lan handia egin dugu azken lau urteetan eta pozik gaude udalaren gidaritzan egindako lanarekin, eta atzo lezoarrek azaldu ziguten babesarekin ere”.
1.310 lezoarrek eman zioten EAJri botoa atzo. Bigarren indarra izan ziren, EH Bilduren atzetik (1.418 boto). Martiarena: “Duela lau urte baino boto gehiago izan ditugu. Oso pozik gaude lortutako emaitzekin, nahiz eta EH Bildu aurretik geratu den. Garaile izan den EH Bildu zoriondu nahi dugu, eta baita alderdi sozialista ere, lortu dituzten emaitzengatik”.
“Orain hausnarketarako unea da”, esan du Mariarenak, “hitz egitekoa eta gobernua eratzekoa. Gure programak mahai gainean jarri beharko ditugu eta programei eman beharko diegu lehentasuna Lezok aurrera egiten jarrai dezan”. Hala, lezoarren alde lanean jarraitzeko konpromisoa berretsi du Martiarenak, eta herritarrengan “ilusioa” piztuko duten egitasmoekin herritarrei “aukera berriak” eman nahi dizkiete: “Legealdi bat motz geratzen da Lezorako proiektu oso bat garatzeko, eta beraz, lanean jarraituko dugu gure hauteskunde programan jasotako proiektuak aurrera eramateko”.
Martiarenak egindako azken adierazpen horien harira, ondoriozta daiteke Lezoko EAJ prest dagoela beste alderdiekin hitz egiteko, eta ez ditu akordiorako ateak ixten, gobernukoak ere ez. Hau da, ez du zehaztu oposiziotik lan egiteko asmoa duen, edo PSE-EErekin gobernu akordioa egingo ote duten.