Lehorreratzear da Zabarre
Astebete pasatxo falta da Zabarre lehorreratu eta bere herrira itzultzeko jaiekin batera. Datorren ostiralean izango da (ekainak 7) eta aurten ere jai egitarau askotariko eta zabala prestatu dute Mendekoste Jaiak merezi moduan ospatzeko.
Astebete pasatxo falta da Zabarre lehorreratu eta bere herrira itzultzeko jaiekin batera. Datorren ostiralean izango da (ekainak 7) eta aurten ere jai egitarau askotariko eta zabala prestatu dute Mendekoste Jaiak merezi moduan ospatzeko. Gaur goizean aurkeztu dute egitaraua Jesus Mari Martiarena Lezoko alkateak, Noemi Arberas Gizarte Ongizate eta Berdintasun zinegotziak, eta Xanti Val Kultura teknikariak.
Lehenik eta behin, eskerrak eman dizkiete jai egitaraua osatzeko lanetan aritu diren Lezoko talde eta eragileei, eta ondoren, egitarauaren gaineko zehaztapenak eman ditu Valek. Urtero legez, Zabarreren etorrerarekin hasiko dira jaiak. Kaian egingo diote harrera pirataz jantzita herritarrek Zabarrei eta haren tripulazioari: Bukaera berriz, zezen suzkoarekin emango diete Mendekoste Jaiei lezoarrek igande arratsean. Bi horien artean, hogeita zazpi ekintza, haur, gazte eta helduei begira, denek disfruta dezaten.
Valek nabarmendu dituenen artean, Lezo Herri Eskolako patioko muralaren margoketa larunbat goizean; The Bane, Ordu Txarra, The Jaig eta Half 8 Lezoko taldeen kontzertua; eta igande arratsaldeko Tio Teronen semeak taldearen Festamendua emanaldia.
Jaiak arduraz eta errespetuz bizitzera deitu du udalak, eta mendekosteetan ere parekidetasunaren alde egitea eskatu du. Horren harira, jai euskaldun, jasangarri, eta bereziki parekideak bermatze aldera, eraso sexistarik gabeko jaien alde egiteko helburuz, sentsibilizazio eta kontzientziazio kanpaina egingo du. Horrenbestez, jaien egitarauarekin abtera, eraso sexisten aurrean laguntza eskatzeko telefono zenbakia edo jarraitu beharreko protokoloaren inguruko informazioa jasoko dute lezoarrek etxean.
Ez da horri begira martxan jarriko duen neurri bakarra, izan ere, iaz egin zuen moduan, aurten ere indarkeriarik gabeko gunea jarriko dute Saldise plazan oraingoan. Ekainaren 8an (larunbata) izango da hori 19:00ak eta 22:00ak artean. Gunearen helburua izango da eraso sexista, matxista, homo-les-trans+fobo eta arrazakeriarik gabeko jaiak aldarrikatzea. Herritar guztiei deitu die udalak karpatik pasa eta bertan banatuko diren txapak, kartelak eta jaietako protokoloa jasotzera eta soinean eramatera jaietan.
Mendekosteen ondotik, Euskal Jaiak
Mendekosteak amaituta Euskal Jaiak helduko dira. Ekainaren 14tik 16ra egingo dituzte, eta Tiñelu elkarteak horien barruan antolatuko du sagardo eguna. Gurutze Santuaren plazan izango da azken hori ekainaren 15ean (larunbata). Euskal Jaien barruan giza probak egingo dituzte bestalde, eta emakumeen presentzia areagotuko dutela aurten zehaztu du udalak.
Mendekoste Jaien egitaraua
Ekainak 7, ostirala
- 17:45: Zabarreren ongietorria kaian.
- 18:00: Añorgako Gure Kabia eta Lezoko Aiton Borda abesbatzen emanaldia Gezalan.
- 19:00: Zabarre, udaletxeko atarira iritsiko da. Jarraian, Pirata txikiek hasiera emango diote jaiari pregoiaren irakurketarekin. Ondoren, Murixkaren agurraz gozatzeko aukera egongo da, eta Munttar txistulari taldearekin eta Buruhundi eta Erraldoiekin kalejira egingo da.
- 20:00: Preso eta iheslarien aldeko kartelada.
- 21:00: Piraten afari autogestionatua ospatuko da Gurutze Santuaren Plazan. Amaieran DJ Iker eta, jarraian, Oharkabe musika taldearekin erromeria Karlos Saldise plazan.
Ekainak 8, larunbata
- 9:30: Diana eskualdeko dultzaineroekin.
- 10:00: Lezo Herri Eskolako patioko muralaren margoketa.
- 10:00: Toka eta bote txapelketa Goiko plazan.
- 12:00: Buruhandi eta Erraldoien kalejira Munttar txistulari taldearekin Bekoerrota kiroldegitik abiatuta.
- 12:00: XX.mende hasierako erromerien dantzak herrian zehar.
- 13:00: Musika Eskolako banda eta Lezoko Dantzazaleen emanaldia Gurutze Santuaren plazan.
- 16:00: Truk txapelketa Tiñelu elkartean.
- 17:00: Xake txapelketa kaialdeko arkupetan.
- 17:30: Pilota eskolako partidak: alebinak eta infantilak, Josetxo Etxandi frontoian.
- 18:00: Muxikoak herrian zehar.
- 19:00: Buruhandi eta erraldoien kalejira Munttar txistulari taldearekin Bekoerrota kiroldegitik abiatuta.
- 19:00: Pintxopotea Karlos Saldise plazan.
- 19:30: The Bane, Ordu Txarra, The Jaig eta Half 8 Tomas Garbizu Musika Eskolako
taldeen kontzertua. - 22:00: Zezen suzkoa Gurutze Santuaren plazan.
- 23:30: Kontzertuak Karlos Saldise plazan: Gonapeka, MCOnak eta Las Tea Party.
Ekainak 9, igandea:
- 9:30: Diana Eskualdeko dultzaineroekin.
- 10:30: Pintxo lehiaketa haur eta gaztetxoentzat Karlos Saldise plazan.
- 12:00: Herri kirolen erakustaldia Gurutze Santuaren plazan. Iban Ugartemendia harrian, eta Jon Etxeberria eta Aratz Mugerza aizkora lanetan. Karmele Gisasola txingak eta harria.
- 12:00: Buruhandi eta Erraldoien kalejira Munttar txistulari taldearekin, Karlos Saldise plazatik abiatuta.
- 16:00: Altxorraren bila. Irteera Gurutze Santuaren plazatik. Mozorrotuak etorri!!
- 17:30: Tio Teronen Semeak: Festamendua dantza emanaldia.
- 19:30: Eztanga anai-arrebak Trikitrilariak.
- 21:45: Zezen suzkoa Tomas Garbizu Lezoko Udalaren Musika Eskolako bandarekin Gurutze Santuaren plazan.