Pasaiako EH Bildu udalbatzako indar politikoekin biltzen hasi da
2382 boto lortuta, Junkal Mintegia buru zuen lista garaile izan zen Pasaian. Koalizio abertzaleko kideek nabarmendu dute benetako irabazleak herritarrak izan direla, "indar politiko honek bere militante eta zaleekin prestaturiko proposamena izan da garailea".
Duela lau urteko hauteskundeekin alderatuta, EH Bildu izan da boza kopurua handitu duen alderdi bakarra. Gainera, hiru barrutietan indar nagusia izan ziren, Antxon, Donibanen eta San Pedron. Trintxerpen PSE-EEk lortu zituen boto gehien.
Emaitza onek baina, ez diote alkate postua ziurtatzen Mintegiari, PSE-EE eta EAJren arteko akordioak udal gobernutik kanpo utziko luke EH Bildu.
Lehen indarra den heinean, lehen pausua emateko ardura bere gain hartu du EH Bilduk, eta jada hasi da beste indar politikoekin bilkurak egiten, PSE-EE, EAJ-PNV eta Elkarrekin Podemos hurrenez hurren.
Subiranistek herritarren ongizatea oinarri izango dutela adierazi dute, “EH Bildurentzat, gobernua osatzea baino, garrantzitsuagoa da herriaren eta pasaitarren etorkizuna hobetzeko neurrien inguruko adostasunak bilatzea”. Portuko Agintaritzarekiko harremana, azpiegiturak, mugikortasuna eta horiek denak gauzatzeko finantziazioa dira aipatutako ardatzak. Gai horien inguruan hartutako erabakiek argituko dute nor izango duten bidelagun legealdi honetan.
Aurreko igandeko hauteskundeek elkar ulertzeko beharra berretsi duela gaineratu dute, “Pasaian akordioak ezinbestekoak dira denen artean herri honen etorkizuna eraikitzeko”.