Bidea egiten ari dira
Komunikazioa feminismotik nola eraldatu aztertu zuten atzo Emakumeen Etxean. Solasaldia gidatzen lau emakume feminista, bakoitza komunikazioaren esparru ezberdinean aritua: Bea Egizabal ipuin kontalari eta clowna, Danele Sarriugarte testugintzan aritua, Laura Contreras idazle, poemagile, blogera eta aktibista feminista, eta Rebeca Varela antzezlea, hezitzailea eta aktibista feminista.

Komunikazioa feminismotik nola eraldatu aztertu zuten atzo Emakumeen Etxean. Solasaldia gidatzen lau emakume feminista, bakoitza komunikazioaren esparru ezberdinean aritua: Bea Egizabal ipuin kontalari eta clowna, Danele Sarriugarte testugintzan aritua, Laura Contreras idazle, poemagile, blogera eta aktibista feminista, eta Rebeca Varela antzezlea, hezitzailea eta aktibista feminista. Costa Ricakoak dira Contreras eta Varela, eta Colectiva Caminando eta Radio Calles y Cuerpos kolektiboko kideak, aktibismoan, irrati komunitarioan eta kale ekintza poetikoan aritzen dira.
Sorginlore elkarteak antolatuta egin zuten mahai ingurua atzo. Assumpta Aierdi Sorginlore elkarteko kideak gidatu zuen saioa. Giro segurua, errespetuzkoa, konfiantzazkoa sortu zuten Emakumeen Etxean. Konplizea. Atzoko saioaren helburua, kultura eta pedagogia parte hartzailea feminismotik sustatzea izan zen, kulturan dauden diskurtso eta sinbologiak eraikitzeko garaian emakumeek duten lekua aldarrikatuta, “eraikuntza horretan parte hartzea gure ahotsak, gure isiltasuna, gure eskaerak islatuta egotea. Eta horretarako behar dugu espazioa, behar dugu tresna, ahalduntze banakakoa, taldekoa eta espazio sinbolikoak okupatzea”.
Komunikazio feministaz aritu zen Sarriugarte. Argia aldizkarian elkarrizketak egiten hiru urte daramala azaldu zuen kolaborazioak egiten hiru astean behin idazle eta itzultzaileak, eta eskola paregabea izan duela esperientzia hori aitortu: “Uste dut komunikabideetan gogoeta egin dela komunikazio feministaren gainean, eta gakoa, nire ustez, edukiaz gain egiteko modua feminista izan dadila da”.
Zalantzarik ez du Sarriugartek, “baldintza batzuk jarriz gero lortu daiteke emakumeak komunikabideen parte izatea, eta ardura horretarako kazetariona da eta ez elkarrizketatuena”.
Garai batean feminismoarekin lotutako emakume asko elkarrizketatu zituela esan zuen, “publikoak direnak eta bost orrialdeko elkarrizketa idazteko moduko gauzak egin dituztenak, eta niretzako bada erronka bat bestelako subjektuak ekartzea: gaiak ez izatea beti liburu bat idatzi duzula, tesi bat egin duzula, pelikula egin duzula. Horiek bai, baina bestelako lanak ere nola ekarri dut erronka. Egunerokoan ezagutzen duzun jendea dago elkarrizketa bat duela pentsatzen dudana, hori nola egin da gakoa”.
BERRIA-k bizigiro atalean Orozkoko Okina den Julia Barberenari egindako elkarrizketa nabarmendu zuen Sarriugartek horren harira: “Oso elkarrizketa onak egiten dituzte atal horretan, baina azken orrialdean dago, eta orri bakarrera doaz. Komunikazio feministan beste erronka bat iruditzen zait hori, espazio publikoaren eta espazio pribatuaren arteko banaketa, gure gizartearen banaketa horrek ere eragiten du zeri deitzen zaion politika, ekonomia, eta zer sartzen den, kasu honetan, Bizigiron erabakitzeko garaian”.
Idazle esperientziaz ere hitz egin zuen, sorkuntzaz. Bertsolaritzak inbidia ematen diola onartu zuen, bertsolariena lan kolektiboa delako, “literaturarena, berriz, oso esparru indibidualizatua da. Zalantza dut eremu horretan zer den komunikazio feminista”.
Komunikazio feminista eraiki
Beren jardueraren bidez komunikazio feministaren alde eragiten duten galdetuta, Egizabalek eragiten duela esan zuen, bere kasuan hautu bat dela feminismotik aritzea, “feminista naiz nahi dudalako izan, baina deseraikitzeko gauza ugari ditugula aitortuta. Zehar lerro bat da nire egunerokoan feminismotik aritzea. Plazan emakume batez uneoro hitz egiten duzunean feminista bihurtzen da, hutsune itzala dagoelako. Menopausiaz hitz egiten ateratzen zara agertoki batera, plaza publiko batera eta zein da gaia feminismoa? Ez menopausia da, baina feminista da plazaratu ez diren gaiez ari zarelako. Behin sistema patriarkalaz ohartuta, betaurreko moreak janzten dituzu, nahigabe ateratzen da, zuk arreta horretan jarria duzu. Hori hankaz gora jartzea edota ikusaraztea da nire sorkuntzaren helburuetako bat. Estereotipoak apurtu, nire kontraesanak oholtza gainean jarri, hori da egiten dudana”.
Contrerasek hartu zuen hitza ondoren. Artetik eta kolektibotasunetik lan egiten dutela azaldu zuen. Kalea hartzen dute, espazio publikoa eta bertan hara eta hona ibiltzen dira mezu feministak zabalduz Colectiva Caminandoko kideak: “Kale nagusitik doan jendea interpelatzen dugu. Kaleko jazarpenarekin arazo larria dugu Costa Rican eta hori salatu dugu edo hitz egin dugu matxismoaz, edo amatasun alternatiboaz. Askotan emakumeoi ez digute aukera ematen gai horrietaz hitz egiteko, gure inguruneak ere ekiditen du, eta beti errutik edo emakumeok egin behar dugunetik hitz egiten digute”.
Talde anitza da Colectiva caminando. Aktoreek, poetek, ikasleek osatzen dute. Komunikatu egiten direla erantsi zuen, hitz egiten dutela, gorputza jartzen dutela, interpelatzen dituztela beste pertsonak, deserosotasuna eragiten dutela, “hori da komunikazioa, eta baldintza horiek ez badira betetzen ez gara ezertxo ere komunikatzen ari”. Halaber, pertsona guztien errealitatea garrantzitsua dela esan zuen Contrerasek, baita emakumeen errealitatea ere, “gure ahotsa entzun behar dute, ulertu behar dugu gure bizitza eta esateko dugun guztia esan behar dugula, baita gustuko ez duguna, deseroso sentiarazten gaituena”.
Kolektiboari erreferentzia egin zion azken horren garrantzia nabarmentzeko.
“Emakumeok gure ahotsa, gure esperientzia jartzeak eta beste batzuk ez egitea hori gure ordez, batez ere gizonek, izugarrizko garrantzia du”. Ez du zalantzarik Varelak, ezinbestekoa da emakumeek kontatzea beren errealitatea eta ez daitezen beste batzuk iritzia ematen dutenak. Venezuelako La esquina caliente irratsaioa egin eta espazio publikoetan komunikazioa lantzen duen proiektuan oinarrituta erabaki zuten Radio Calles y Cuerpos irratsaioa egitea. Komunikazio espazioak, artistikoak eta performatiboak egiten dituzte horren barruan, espazio publikoetan, hiri zein herrietan: “Leku zehatz horretan arazo diren gaiak lantzen ditugu kaleko jazarpena dela, emakumeen etxebizitzarako eskubidea… helburua da irratsaioak kolektiboki sortzea eta izan daitezen emakume horiek parte kontatu ahal izateko dituzten arazoak elkarrizketa eta entzumenerako espazio bat sortuta”.
Komunikazio ofizialari alternatiba
Komunikazio ofizialari alternatiba eskaintzeaz aritu ziren, “beraien iritziak, eta herritarrei helarazten dioten informazioaren moduari aurre egin eta emakumeok gure informazio espazioak sortzea proposatzen dugu ez kazetaritza era formaletik, herrigintzatik baizik. Ikasten ari gara”.
Komunikazio feminista eraikitzeko egiten ari diren lanean oztopoak aurkitu dituztela esan zuten. Batzuk gehiago eta beste batzuk gutxiago. Egizabelek bereizi egin zuen periferian dabiltzanen lana, edota erdigunean ari direnena, “ez da gauza bera liburu bat idaztea eta irakurle pila batengana heltzea edota ipuin kontaketan aritzea herri txiki bateko liburutegian haurrekin. Nik kontatzen ditudan ipuinetan autobus gidaria azaltzen bada gizona da gehienetan zer esanik ez gaztelerazkoa bada ipuin hori. Nik bat batean horri Marisa izena jartzen diot eta normalizatu egiten duzu. Zailtasunak horrekin ez ditut izan inoiz, Euskal Herrian gaude eta hemen oso zaila da guraso batek esatea ‘aizu zapata pare hori zer? Bi neska?’ Zapata parea dira baina beren izenak dira Tina eta Nikolasa, lagunak dira eta bukaeran musu ematen dute. Periferian ez daude zailtasunak, behin publikoki oihartzun bat duzunean izan daitezke. Zailtasunik handiena nire kasuan nire buruarekin ditut, zuk jakitea zer esan nahi duzun. Euskaraz ari naiz nire sorkuntzan, eta gure euskal komunitatea sarmangarria da, babesten gara denak”.
Elkarrekin egoteak, kolektiboak balio duela oztopoei aurre egiteko nabarmendu zuen Varelak, “egiten ditugun ekintzetan irainak, eta jazarpena ere jaso ditugu. Hori kontuan izanda ere kalera ateratzearen beharra gailendu da, ezin dugulako espazio pribatu feministetan utzi gure lanketa, kalera atera behar dugulako. Horren ostean, auto zaintza eta sanazioa lantzen ditugu, beharrezkoa delako, emozioak eta sentimenduak jartzen ditugulako egiten dugun horretan eta eragiten digulako”. Zalantzarik ez du, artearen eta entzuketaren bidez egindako eraldaketa oro, txikia izanagatik ere, garaipen bat dute.
Gizarte matxista eta patriarkalek emakumea bigarren edo hirugarren lerroan uzten dutela salatu zuen Contrerasek, eta espazioak berreskuratzea ezinbestekoa dela erantsi, “biolentziarik gabeko espazioak behar ditugu, jazarpenik gabekoak, espazio publikoa hartu behar dugu. Indarkeria naturalizatuta dago, egunero ematen da, baina jendeak uste du normala dela eta ez da, biolentzia ez da normala, gure gorputzen kontrakoa biolentzia da, baita espazioetatik ateratzea, edota gutxiago ordaintzea gure lanagatik ere”.
Horiei aurre egiteko gakoa, berriz, kolektibitatea eta emakumeen arteko sareak eraikitzea: “Beste erakundeekin, beste emakumeekin batzea, hori da bidea. Gu hemen gaude gaur aurretik Costa Ricara joandako euskal emakumeei esker, hori da sareak egitea”.
Atzoko saioa hori izan zen, emakumeek emakumeentzat eraikitako espazio libre batean sareak eta konplizitateak josten jarraitzeko urratsa.