"Eskola komunitatea sendotzeko balio izan du jaiaren antolaketak"
Bi egun baino ez dira falta Euskal Eskola Publikoaren Jairako. Helburua, Euskal Eskola Publikoaren aldeko aldarria egitea, baina ez edonola, jai giroan baizik. Maialen Oliveri Koldo Mitxelena ikastetxeko ama da, Koldokide Guraso Elkarteko kidea eta jaiaren antolatzaileetako bat.
Bi egun baino ez dira falta Euskal Eskola Publikoaren Jairako. Egitarau oparoa prestatu dute Koldo Mitxelena ikastetxeko Koldokide Guraso Elkarteko kideek, eta ez dira bakarrik aritu lan horretan Errenteria-Oreretako zein Oarsoaldeko gainontzeko eskola publikoen laguntza izan dute egun handia egi bihurtzeko.
Helburua, Euskal Eskola Publikoaren aldeko aldarria egitea, baina ez edonola, jai giroan baizik. Igandean helduko da jaia, baina aurretik, bihar bertan, hainbat ekintza ere antolatu dituzte bezperatik heltzen direnentzat: bisita gidatua, haur jolasak eta kontzertua haurrei begirakoa.
Igandean bertan, sei gune izango dira prest hamaika ekintzekin datozen guztiek gozatzeko. Eguzkiak ere bat egin du jaiarekin.
Honakoa, Maialen Oliveri Koldo Mitxelena Ikastetxeko amari egindako elkarrizketa.
Zer suposatu du zuentzat, Koldo Mitxelena ikastetxeko gurasoentzat, Euskal Eskola Publikoaren Jaia Errenterian ospatzea eta zuen eskolatik antolatzea?
Suposatu du lan ikaragarria, eta gure lanorduetatik kanpo egiten dugun zerbait denez, gure familiei eta beste gauza batzuei denbora kentzea. Iruditu zitzaigun une aproposa zela halako zer edo zeri heltzeko, baginelako taldetxo bat lan hori asumitzeko prest, eta behin hori erabakita, lan handia suposatu du antolaketak. Egia da, ordea, bidean ikasi dugula gauza pila bat, eta balio izan digula bai Koldo Mitxelena ikastetxean bertan komunitatea sendotzeko, baita Bizarain, Cristobal Gamon, eta Lezo Herri Eskola nahiz Elizalde Herri eskolarekin lan sarea eta elkarlana aktibatzeko ere.
Gure asmoa, gainera, aurrerantzean ere elkarlanean aritzea da, ez da jaiarekin amaituko elkarlan hori. Jaiaren antolaketa elkar ezagutzeko abiapuntua izan da. Indartu egin gara, Oarsoaldean indarra hartu dugu, eta horregatik bakarrik jada urte honetako lan guztiak merezi izan duela uste dugu.
Zenbat lagun ari zarete?
Bost guraso ari gara talde motorrean, eta horrekin batera hogei laguneko lantalde bat dugu. Egia da edonori laguntza eskatuta beti erantzuna baiezkoa dela, jendea prest dago laguntzeko eskatu bezain pronto.
Nola bizitzen ari dira guztia Koldo Mitxelenako ikasleak?
Harro daude. Etxean hala antzematen dugu, harrotasuna, zerbait handia egiten ari garela sentitzen dute. Jarduera asko egin ditugu ikasturtean zehar, eta beraiei balio izan zaie baloratzeko ikastetxea, lan handia egin duelako eta inplikazio izugarria izaten ari delako hezkuntza komunitate guztia. Egun handi bat izango da beraientzat, gure herrian, guk antolatuta.
Koldokide Guraso Elkartea erreferente bat da. Urtean zehar hainbat jarduera antolatzen dituzue, lan eta inplikazio handia dago atzean. Nola lortzen da gurasoak horrela inplikatzea?
Ez dakit nola lortzen den, ez da ohikoa. Badira urte batzuk indarra hartu zuela Koldokidek, eta iritsi da une bat konturatu garela garrantzitsua dela guraso elkarteetatik orokorrean egiten den lana, eta badaukala eragina ikastetxearen egunerokotasunean. Horrek kontzienteago egiten gaitu eta inplikazioa areagotu egiten da. Kontzientzia hartzea da gakoa, ikustea merezi duela lan hori egitea, azkenean gure seme-alaben onurarako delako.
Seme-alabak eskolara ekarri eta bertan uztea baino zerbait gehiago dela hezkuntza pentsatzen duten pertsonak topatzea dela gakoa uste dut. Guk zer esan handia dugu gure seme-alaben hezkuntzan, gauza asko egin ditzakegu ikastetxeekin elkarlanean. Onura seme-alabentzat da.
Zergatik Euskal Eskola Publikoa?
Hezkuntzak izan behar duelako gizartean dauden desoreken orekatzailea. Edozein dela ere norberaren abiapuntua, hezkuntzaren arduretako bat da gabezia edo desoreka horiek orekatzea, benetan jende guztiak izan dezan aukera berdintasuna. Hori bermatzeko hezkuntzak behar du publikoa, doakoa, mundu guztiarentzat berdina.
Jaira etorriko direnei zer eskatzen diezue antolatzaileek?
Jende guztia etortzera animatu nahiko nuke. Eguraldi oso ona dago iragarrita, jarduera mordoa antolatu ditugu adin guztietako jendearentzat, eta egun polita pasatzeko aukera izango dute bertaratzen diren guztiek.
Bestalde, zentzuzkoak diren aholkuak: garraio publikoa erabil dezatela, errespetuz joka dezatela, birzikla dezatela, eta noski, ongi pasa dezatela aldarrikapena eta jaia uztartuta.