'Madalenak S' kartelak iragarriko ditu aurtengo jaiak
Zaragozako Samuel Akinfenwa Onwusa da egilea. Herritarren saria, berriz, Bermeoko Aketz Zubia Mingolarraren 'Kolore Biziak' lanarentzat izan da.
Aurtengo Madalen jaiek badute irudia. gaur erabaki du epaimahaiak aurkeztutako lanen artean zein kartel izan den irabazlea: Madalenak S Samuel Akinfenwa Onwusa zaragozarraren lana izan da onena eta horretan ados izan dira epaimahaia osatu duten kide guztiak.
Gaur goizean erabaki eta une horretan bertan egin dute publiko kartel irabazlea Ion Collar Kultura zinegotziak, Arkaitz Barriola, Izaro Mariezkurrena eta Oihana Cereijo diseinatzaile grafikoek eta Jose Manuel Martinez jai batzordeko kideak.
Herritarren saria jaso duen kartela ere eman dute ezagutzera: Bermeoko Aketz Zubia Mingolarraren Kolore Biziak izan da. Alde handiarekin irabazi du Maitane Escudero Kultura dinamizatzaileak jakinarazi duenez: “320 boto jaso dira eta boto gehien jaso dituena, alde handiarekin, Kolore biziak lana izan da”.
181 lan aurkeztu dituzte lehiaketara, 49k pasa dute galbahea eta Xenpelar Etxean izan dira erakusketan. Akinfenwak 1.050 euro jasoko ditu eta Zubiak bi txartel jai batzordeak madalenetan antolatzen duen bazkarirako.