Olinpikoa bihurtzeko gutxiago falta da
Antolatzaileek bideoa zabaldu dute sare sozialetan Herri Olinpiadak iragartzeko.
Atzerako kontaketa hasi da. Lau egun baino ez dira falta Lezo olinpikoa bihurtzeko. Izan ere, larunbatean, hilak 31 egingo dute Herri Olinpiaden lehen saioa eta irailaren 7an, berriz, Final Handia. Hamabost taldek eta 150 lezoarretik gora hartuko dute parte Herri Olinpiadetan, eta inor ez dutela epel utziko agindu dute antolatzaileek.
Ostiral arratsaldean photocalla egingo dute 20:00etan hasita, eta probaren bat ere egin beharko dute parte hartzaileek puntuak metatzen hasteko. Momentuz, olinpiadak iragartzeko bideoa zabaldu dute sare sozialetan, eta HITZA-k antolatzaileekin hitz eginda osatutako erreportajea argitaratuko du ostiraleko papereko edizioan.