Hibaikak lortu du Kontxarako txartela, eroso
Hirugarren sailkatu dira Hibaikako emakumeak estropada bikaina eginda.
Kontxarako sailkatze estropadan igandean eta hilaren 8an estropada handian aritzeko txartela lortzea zuen helburu Hibaikak. Lortu du eta eroso, gainera. Inge Ugarte patroi lanetan bikain, Madalen ontziko tripulazio guztia bezalaxe, eta ez diete hutsik egin zaleei.
A multzoko bederatzigarrenak izan dira errenteriarrak, mugitua izan den estropada eremuan, eta hirugarren sailkatu dira gaurko erlojupekoan 11:35:02ko denbora eginda. Ziaboga ere, bikaina.
Lehenengo sailkatu den Oriok baino 22 segundo gehiago behar izan ditu Errenteria-Oreretako ontziak, Arraun Lagunak baino 18 gehiago, eta Euskotren Ligan ari den Hondarribiako ontziak baino denbora hobeagoa egin dute Madalen ontzikoak gaurko estropadan. Galiziako ontzien beldur ziren, indartsu zetozen susmoa zuen amaia Gezala entrenatzaileak, baina haiei ere tarte handia atera die Hibaikak, sailkatu den bakarra 7. postuan egin du Madalen ontzikoetatik 10 segundora.
Lan bikaina, eta gogorra Hibaikarena. Kontxan lehiatzeko txartela eskuan, igandean hitzordua dute zaleek Hibaikako emakumeak animatzen Donostian.