Zuzi olinpikoa gaur piztuko dute
Bihar hasiko dira Herri Olinpiadak, baina gaur lehen proba egin beharko dute izena eman duten taldeek. 150 lezoar, hamabost talde, denak final handira iristeko lehiatzeko prest.
Herri Olinpiadak bihar helduko dira Lezora, baina haiek girotze aldera, gaur bertan piztuko dute zuzi olinpikoa, eta bertan parte hartuko duten kuadrillek lehen proba egin beharko dute final handirako puntuak metatzen hasteko. Piztu Lezo dago Herri Olinpiaden atzean, eta horren barruan, berriz, lau lagun lanean buru-belarri ezerk huts egin ez dezan, eta zuzi olinpikoa itzal ez dadin: Maialen Pikabea, Mikel Cuesta, Garikoitz Mujika, eta Amaia Resende. Piztu Lezo kolektiboa Lezoko eragileek osatuta dago. Izenak ondo dion bezala, Lezo piztea, herritarren arteko harremana sustatzea, eta herria artikulatzea dute helburu; hori guzia ongi pasatzen duten bitartean, noski.
Uda hasieran hasi ziren Lezoko lau gazteak antolaketa lanekin, eta lan luzeak eman du bere uzta, aurten hamabost taldek hartuko dutelako parte (iaz baino bost talde gehiago) eta 150 lagunek. «Gora egin du parte hartzeak, iaz bederatzi taldek hartu zuten parte, 90 lagunek, eta aurten nabarmen hazi da kopuru hori», esan du pozik Pikabeak: «Gauzak ongi egiten ari garen seinale da, eta jendeak gustura parte hartzen duela erakusten du».
Olinpiadak Gazte Egunaren barruan hasi ziren antolatzen, bazkalostean, eta iaz erabaki zuten bi asteburutan egitea, «asmatu genuen aldaketa horrekin, eta aurten ere horrela antolatu ditugu Herri Olinpiadak, bi asteburutan. Bihar, Herri Olinpiadetako bi saio egingo ditugu, eta irailaren 7an, berriz, Gazte Eguna, eta horren barruan Herri Olinpiadetako final handia».
Gazte Eguna, seigarrenez
Seigarren urtez egingo dute Gazte Eguna. Aurten, Herri Olinpiadak direnak, Gazte Olinpiadak izan ziren aurretik eta bosgarren ekinaldia izango dute honakoa. Pikabeak azaldu du izenaren aldaketaren arrazoia: «16 urtetik gorako gazteei begira antolatu genituen lehenengo urteetan, baina iaz hainbat lagun hurbildu zitzaizkigun beraiek ere parte hartu nahiko luketela esaten. 40 urtekoak eta hortik gorakoak ziren. Ideia polita iruditu zitzaigun belaunaldi arteko harremana sustatzeko, herritar guztiak biltzeko, eta horregatik izen aldaketa aurten».
Behetik muga izango dute beraz, 16 urtetik gorakoak izan behar dutelako parte hartzaileek, baina goitik ez dago mugarik.
Bihar hasiko dira Herri Olinpiadak, baina gaur girotzen hasiko dira Lezo, eta 20:00etan photocalla antolatu dute horretarako. Hamabost talde parte hartzaileetako kideek beren taldearen ezaugarri izango den eslogana, oihua edota koreografia aurkeztu beharko dute, banan- banan; eta kontuz, puntuagarria izango da, beraz, landuta eramatea ezinbestekoa izango da finalera heldu nahi badute behintzat. Puntu bakoitzak garrantzia du irailaren 7ko final handian parte hartu ahal izateko.
Bihar goizez eta arratsaldez egingo dituzte proba saioak, eta hamaika jokori aurre egin beharko diete parte hartzaile trebeek zorroan tantoak pilatzeko: globo jolasa, zaku jolasa, lokotx bilketa, laranja jolasa, aulki jolasa, arropa kenduta kate luzea osatu, zapi jolasa, edota nortasun agiri jaurtiketa egin beharko dituzte. Fisikoki forman daudela, abilak direla erakutsi beharko dute, baina burua ere argi izan beharko dute, izan ere, Euskal Herriaren gainean duten ezagutza ere erakutsi beharko baitute, eta hainbat herriren izenak asmatu.
Final handira, lau talde
Irailaren 7an, Gazte Egunarekin batera helduko da final handia, eta goizez jokatuko dute eguerdian, bazkal aurretik, sari banaketa egiteko. Bazkari horretan ere parte hartzaile kopuruak gora egin du, «izugarri» antolatzaileek zehaztu dutenez, «265 lagunek eman dute izena, eta iaz 180 lagun izan ginen bazkarian».
Gaur eta biharko saioetako probetan puntu gehien lortu dituzten lau taldeak helduko dira finalera, eta han ere lanak izango ditu talde irabazleak, hainbat proba gainditu beharko dituelako.
Parte hartzaileek ongi pasatzea du helburuen artean Piztu Lezok, eta horretarako osagai nahikoak bildu dituzten zalantzarik ez da. Herri Olinpiadek, baina, ezinbestekoa dute ikuslegoa. Hori beste helburuetako bat dute. Aktiboki parte hartzen ez duten herritarrak kalean nahi dituzte, ikusle, taldeak animatzen eta herria girotzen, izan ere, hori da helburu behinena, Lezo piztea, herritarren arteko sareak egin eta sendotzea, harremana sustatzea. Lehiatzeko prest ez daudenak, beraz, badute ere zer egin bi asteburu hauetan: gozatu, girotu eta animatu.
Zuzi olinpikoa piztuko dute gaur arratsaldean eta bi asteburuz olinpikoa izango da Lezoko Unibertsitatea. Lehiakideak prest dira, eta ziur ikusleak ere ez direla faltako. Alea iacta est, irabaz dezala onenak. Edo behintzat, asko goza dezala.
Egitaraua
Gaur, ostirala
- 18:00. Photocalla Karlos Saldise plaza eta Tiñelu artean, Herri Olinpiadetan izena eman duten hamabost taldeekin. Ondoren luntxa.
Bihar, larunbata
- 11:00- 13:00. Herri Olinpiaden lehenengo saioa. Guztira zortzi proba jokatuko dituzte Goiko Plazan.
- 16:30-18:30. Herri Olinpiaden bigarren saioa. Guztira bost proba jokatuko dituzte Karlos Saldise plazan.
Irailak 7, larunbata
- 11:00. Gazte Egunaren hasiera. Ordu horretan bertan hasiko da Heri Olinpiaden final handia Karlos Saldise Plazan.
- 14:00. Argazki erraldoia eta txupinazoa.
- 14:15. Sari banaketa Karlos Saldise Plazan.
- 14:30. Gazte bazkaria Saldisen eta jarraian, Iñaki Labakaren emanaldia.
- 18:00. Poteo musikatua.
- 23:00. Trikidantz erromeria.
- 02:30. Musika txosnagunean.