Emakume bat hil da Markola etorbidean kamioi batek harrapatuta
Zabor bilketan aritzen den kamioi batek harrapatu du.
78 urteko emakume bat hil da gaur goizaldean Errenteriako Markola etorbidearen 39. zenbakian kamioi batek harrapatuta. 02:55ean izan da gertaera Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak jakinarazi duenez. Zabor bilketan aritzen den kamioi batek harrapatu du; San marko Mankomunitatearena da kamioi hori. Informazio iturri horien arabera, badirudi emakumea zaborra edukiontzian botatzera atera dela etxetik, eta orduan harrapatu duela zaborraren kamioiak.
Ikerketa zabalik du Udaltzaingoak, baina aurreratu dutenez istripua izan den zantzuak daude. Kamioi gidariari droga eta alkoholemia frogak egin dizkiotela jakinarazi du halaber udalak, eta emaitza negatiboa izan dela.
Doluminak familiari
PSE-EEk doluminak eman dizkio hildako emakumearen familiari gaur eguerdian komunikabideetara helarazitako prentsa ohar bidez, eta Udaltzaingoari eta Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailari gertatutako “ahalik eta azkarren” argitzeko eskatu die.
Aizpea Otaegi Errenteriako alkateak sare sozialen bidez helarazi dizkio doluminak hildako emakumearen familiari.
Istripu benetan lazgarria goizaldean gertatu dena. Gure doluminak eta berotasuna senide eta lagunei.
— Aizpea Otaegi (@AizpeaOM) September 11, 2019
Muy desafortunado accidente que se ha llevado por delante la vida de una vecina. Nuestro pésame y calor a las personas allegadas. https://t.co/dqdxdRK10E
Bide bera, sare sozialak baliatuta, helarazi dizkio doluminak familiari Ion Collar Elkarrekin Ahal Duguren bozeramaileak.
Triste noticia la de esta mañana, un sentido pésame a la familia y entorno de nuestra vecina.
Publicada por Ion Collar en Miércoles, 11 de septiembre de 2019
San Marko Mankomunitatearen oharra
San Marko Mankomunitateak prentsa ohar bidez adierazi dizkio doluminak hildako emakumearen sendiari. Ohar horretan, duela bere kamioetako batek harrapatu ostean hil den emakumearen heriotza “biziki” sentitzen duela esan du: “San Marko Mankomunitateak biziki sentitzen du ustez bere kamioetako batek harrapatu ostean hil den emakumearen heriotza, oraindik ere ezagutzen ez diren arrazoiengatik”. Mankomunitateak doluminak eta babes osoa eskaini dizkio emakumearen senide eta gertukoei, “era berean gure laguntza eta kolaborazio guztia eskaintzen dugu gertatutakoa argitzeko egingo den ikerketa prozesuan”.