Bi lehiaketa antolatuz ekingo dio udazkenari Itsastarrak Mendi Taldeak
2020an 70 urte beteko ditu Itsastarrak Mendi Taldeak. Ospakizun berezia izanik, mendi argazki eta elkartearen irudia berritzeko lehiaketak antolatuko ditu udazkenean.
Zazpi hamarkada eman dituzte Itsastarrak Mendi Taldeko kideak mendi batetik bestera, maldan gora eta maldan behera. Ez da edonolako urteurrena, eta Trintxerpen badakite. Elkarte batek 70 urtez bizirautea lortzen badu, garai berrietara egokituko delako da, eta itsastarrek hala egin dute.
Hori dela eta, 2020an sartu baino lehen, elkartearen irudia berritzeko lehiaketa antolatu dute Trintxerpeko mendizaleek. Ez da bakarra izango, mendi argazki lehiaketa ere antolatu baitute.
70 urte bete aurretik, elkartearen irudia aldatu nahi dute. Zalantzarik gabe, erabaki sinbolikoa da. Gaur egungo testuingurura egokitzen den irudia izango da, baina elkartearen betiko nortasuna zainduko duena.
Lehiaketan parte hartzeko baldintzak betetzen dituen edonork aurkeztu ahalko du bere hautagaitza. Trintxerpeko eragile historikoa izanik, barrutiaren izena aipatzea eta kolore urdina agertzea balio erantsia emango diote irudiari. Diseinuaren sinpletasuna eta mendizale izaera izatea ere aintzat hartuko dituzte.
Hautagaitzak aurkezteko epea, urriaren 15ean amaituko da. Diseinuak formatu fisikoan entregatu beharko dira, Trintxerpeko Musika Eskolan, ohiko ordutegian. Elkarteko bost kidek osatuko dute epaimahaia eta urriaren 28an jakinaraziko dute zein diseinuk irabazi duen lehiaketa.
Sari banaketa, 2020an izango da. Urtarrilaren 23an ezagutzera emango du Itsastarrak Mendi Elkarteak urteurreneko egitaraua eta burutuko dituzten txangoak. Ekitaldia aitzaki hartuta, irudi berriaren diseinatzailea sarituko dute Trintxerpeko alkateordetzan. Irabazleak, 500 euro, elkartearen irudi berridun elastikoa eta 70. urteurrenaren oroigarria jasoko du. Gainera, Itsastarrak Mendi Taldearen mendi irteera batera joateko gonbidapena jasoko du.
Denbora gehiago izango dute mendiko argazki lehiaketan parte hartu nahi dutenek haien hautagaitza aurkezteko, azaroaren 8ra arte alegia. Elkarteak facebook atarian laburbildu du lehiaketaren araudia. Bi kategoria izango dira, haurrena (14 urte arte) eta helduena. Argazkiaren aurkezpenari dagokionez, digitala, JPG formatuan eta 1800 Px-ko erresoluzioa izan beharko du. Pertsona bakoitzak 3 argazki aurkeztu ahalko ditu gehienez.
Argazkiak elkartearen helbide elektronikora bidali beharko dira, azaroaren 8a baino lehen. Gipuzkoako Argazkilaria Elkarteko bi ordezkarik eta mendi taldeko zuzendaritzako kide batek osatuko dute epaimahaia eta haien erabakia behin betikoa izango da. Azaroaren 15ean ezagutzera emango dute irabazlearen izena.
Sari banaketa ordea, 2020ko otsailaren 23an egingo dute, Trintxerpeko alkateordetzan. Saria: 300 euro helduentzat eta mendiko ekipamenduetan gastatzeko 50 euroko txekea.