Txistorra postuak jartzeko eskaera epea zabalik da
Eskaerak Zu! Zure Udala zerbitzuan egin behar dira, han bertan edo Niessen Kulturgunean jaso daitekeen eredua erabilita.
Santomas egunean txistorra postuak jartzeko epea zabalik da eta interesdunek urriaren 7ra arte izango dute eskaerak aurkezteko aukera. Eskaerak Zu! Zure Udala zerbitzuan egin behar dira, han bertan edo Niessen Kulturgunean jaso daitekeen eredua erabilita. Eskaerarekin batera jarri nahi den postuaren krokisa aurkeztu behar da, neurri eta ezaugarriak adieraziz. Udalaren webgunean ere egin daiteke tramitazio osoa.
Santomas Batzordea dagoeneko hasi da lanean eta urriaren 4an egingo du lehenengo bilera aurtengo azoka antolatzeko. 19:00etan izango da Merkatuzarren, eta bertaratzeko deia egin die joan den urtean parte hartu zuten elkarte zein norbanakoei, eta aurten ere han egon nahi dutenei.
Txistorra postua jartzen dutenek antolaketan ere parte hartu behar dute, eta bilerara bertaratu behar dute.