Errimetatik bertsoetara, La Basuk rap tailerra gidatuko du
Errenteriari neurria hartu dio La Basu raper bizkaitarrak. Etzi 12:00etatik 13:30era raparen nondik norakoak irakatsiko ditu Kalekaian.
La Basuk gidatuko du Kalekaiko Rap tailerra. Dirudienez, La Basuk gustua hartu dio Atlantikaldiari, eta zalantzarik gabe Atlantikaldiak gustu handia hartu dio La Basuri, hirugarren urtez jarraian Errenterian izango baita, jende guztia saltoka eta oihuka jartzeko, baita irakasteko ere.
Larunbatean Kalekaian izango da La Basu rap tailerra gidatzen, 12:00etatik 13:30era. Ordu eta erdi ez da nahikoa denbora goi mailako MC batean bihurtzeko, baina aski da zertzelada batzuk ikasteko eta lagun artean ongi pasatzeko. Rapeatzen hasteko jakin beharrekoak jorratuko dituzte bertan; errima osatu eta erritmoa sortuko dute, eta dena ongi badoa, bertsoren bat ere botako dute.
Dena dela, raparen egituraz gain, gauza garrantzitsuago bat irakatsiko du La Basuk, sentimenduak eta aldarrikapenak raparen bitartez adierazten hain zuzen ere. Tailerrean parte hartu nahi dutenek jaialdiaren webgunean izena eman behar dute.
Zaindu beharreko mezua
Zorionekoak ikasle izango direnak. Bilbotarrak mezu argi eta zuzena du, baina ez da iraingarria. Mezu hutsalak alde batera utzita, berdintasuna, aldarrikapen politikoak, gizarte mugimenduak eta euskararen defentsa bere nortasuna dira.
Europako ekialdeko jakiak eta sormena batuko dira Gastrogunean
Atlantikaldiaren izen ona, bertara datozen musikariek sortu dute hein handi batean. Baina Atlatikaldia askoz gehiago da, itsasoa aitzakiatzat hartuz, arlo askotariko kultur sortzaileen topalekua da, ideia ezberdinek bat egiten duten gunea.
Sortzaileen arteko elkartruke horretan oinarritzen dira Itsas Elkarrizketak. Jatorri, hizkuntz eta esparru ezberdineko artistak elkarlanean jarriko dira, kulturen arteko hartu-emanak aberasgarriak direla frogatuz.
Bulgaritz izeneko Itsas Elkarrizketak, adibidez, Euskal Herria eta Bulgaria batuko ditu bihar, gastronomiaren bitartez. Javi Bergara Mugaritzeko sukaldariak eta Kosta Kostov bulgariar chef eta DJak, Europako Ekialdeko ohiko errezeta bat birsortu eta berinterpretatuko dute, bien ekarpenak aintzat hartuta. Bi kulturen topaketa aberasgarria izango da, musikaz eta sormenez zipriztinduko den elkarrizketa gastronomikoa. Janaria aitzaki hartuta, kultur eta ideien bidegurutze bihurtuko da Gastrogunea bihar 18:00etatik 19:30era.
Gainera, prestatuko duten errezeta ezagutzera eman ez badute ere, gutxitan prestatuko dira Errenterian cevapcici, banitsa edota gulash bezalako plater goxo bezain ezezagunak.
Kosta Kostovek lan bikoitza izango du aurten Atlantikaldian. Larunbatean kontzertua emango du bulgariarrak Makalarekin batera. Janariarekin bezala, Kostovek Balkanetako ukituak ematen dizkio bere musikari. Sukaldeko mahaitik nahasketa mahaira egingo du jauzi Kostovek, bera bai sortzaile osoa.
Atlantikaldiaren helburu nagusietako bat kontzertu soilez harago joatea da, ez dadila izan musika emanaldi soila, baizik eta artisten arteko elkarreragin bizia. Horixe topatuko dute egunero Itsasargi Nagusira bertaratzen direnek. Jatorri, ohitura eta background ezberdineko artistak, musikaren bitartez solastuz eta mugak gaindituz.
