‘Errimak bi oinetan’ ikuskizuna aurkeztuko du Haatik Dantza Konpainiak
Bertsolaritza eta dantza uztartuz, hastapenetara itzuliko dira Haatik konpainiako kideak. Aurrestreinaldia bihar izango da, Urnietako Sarobe Arte Eszenikoen gunean 19:00tan.
Urrats ausartak emateagatik dira ezagunak Haatik Dantza Konpainiako kideak. Begiratu batean, ez dirudi bertsolaritza eta dantza garaikidea uztartzea erraza denik. Haiek baina, bertsoari dantza jarri zioten 2011an eta ordutik ibilbide arrakastatsua baino ez dute izan. Errimak Oinetan, ikuskizunak konpainiaren lana ezagutzera eman zuen, Euskal Herrian baita atzerrian ere.
Zortzi urte beranduago, beste bertso batzuei dantza berriak jarriko dizkie Haatikek. Errimak bi oinetan lehen ikuskizunaren formatu berdina izango du. Neurri batean, aro bati amaiera ematen ari direla azaldu du Aiert Beobide antxotar zuzendariak, “badirudi zirkulua ixten ari garela”. Beobide eta Unai Elizasu dira proiektu berriaren zuzendariak. Bien lanaren emaitza da ikuskizuna, lehena koreografo aparta baita eta bigarrena, bertsolaritzan aditua. Zuzentzeaz gain, bestelako ardurak izango dituzte biek, Beobide dantzaria ere izango da eta Elizasu, gai jartzailea.
Errimak bi oinetan, bigarren zati bat baino, duela zortzi urte hasitako bidearen jarraipena dela dio Beobidek, “argi genuen formatuak gehiagorako ematen zuela, oso aldakorra baita. Bertsoak, dantzak, gaiak ala doinuak aldatu egin daitezke, egiturari uko egin gabe. Duela hiru urte, proiektua berreskuratzea erabaki genuen Unai eta biok eta iazko udaran ekin genion ikuskizuna prestatzeari”. Formatu bereko obra da, baina inondik inora obra berdina, norberaren zortzi urteko ibilbide profesionala gehituz ikuskizuna aberatsagoa baita.
Dantza garaikidea, bertsolaritzara egokituz aukera berriak esploratu ahal izan dituzte, mugimenduen bitartez, mezuetan sakonduz. Bertso saio ezberdinak irudikatzen ditu ikuskizunak eta bertsolaritzan, mezuak du garrantzia gehien, “ hitzak dantzaren bitartez helaraztea balio erantsi bat ematen dio obrari. Hori da ezberdintasun nagusia” esan du zuzendariak.
Espazioaren erabilerari dagokionez, oso dinamikoa da Errimak bi oinetan. Testuingurua, bertso saio ala afari bat izanik, atrezzoak eta argitasunak ez dute halako garrantzirik eta ondorioz malgutasun handiagoa ematen die dantzariei, antzezlekuak aukeratzerakoan. Antzoki handi batean bezala, plaza ala frontoi xume batean ere ikusi ahalko da, garrantzia mugimendu, doinu eta hitzetan baitago.
Hainbat bertsolariren ekarpenak jaso dituzte, besteak beste, Odei Barroso, Sustrai Colina edota Uxue Alberdiren bertsoak. Hala ere, Xalbador eta Lazkao Txiki historikoei ere tartea egin diote zuzendariek, “garrantzi handiko bi bertsolari dira, haien bertsoak mugimenduaren bitartez birpentsatzen ahalegindu gara”. Dantza, bertsolaritza, musika, hitzak… ikuskizun dinamiko bezain bizia da Errimak bi oinetan, publiko ezberdinak elkargune batera ekartzeko aproposa.
Lehen saioak
Nahi dutenek, Errimak bi oinetan bihar bertan ikusteko aukera izango dute, Urnietako Sarobe Arte Eszenikoen Gunean. Aurrestreinaldia arratsaldeko 19:00etatik aurrera izango da. Sarrerak 5’5 euroan saltzen dira, honako webgunean.
Bihar joan ezin dutenek, beste aukera bat izango dute ostiralean 20:00tan Hondarribiko Itsas Etxea Auditoriumean. Orduan izango da lanaren aurkezpen ofiziala, asteburuaren hasiera girotzeaz arduratuko dira Haatikeko dantzariak. Sarrerak Kutxabankek jarri ditu salgai internet bidez, 3 euroan