Klimaren aldeko grebari babesa erakutsiko diote
Errenteria-Oreretak bat egin du protestarekin eta klimaren alde elkarretaratuko dira 19:00etan Xabier Olaskoaga plazan, Niessen Merkataritza Gunearen sarreran.
Pasa den ostiralean milioika lagunek bete zituzten munduko kaleak bete zituzten bizi dugun larrialdi klimatiko eta sozioekologikoari aurre egiteko neurri zehatzak eta eraginkorrak eskatzeko. Euskal Herrian hilaren 27an egin dute hitzordua, ostiralean, eta horren harira mobilizazio ugarira deitu dituzte. Errenteria-Oreretak bat egin du protestarekin eta klimaren alde elkarretaratuko dira 19:00etan Xabier Olaskoaga plazan, Niessen Merkataritza Gunearen sarreran. Ordu laurdeneko elkarretaratzea izango da eta Fridays for Future (Etorkizunaren Aldeko Ostiralak) mugimenduaren deialdiaren barruan antolatu dute.
Ostiraleko mobilizazioak egoeraren larritasun erakutsi nahi duela nabarmendu dute deitzaileek, “larritasun horrek eramaten gaitu erakundeei erantzukizunez joka dezaten. Larrialdi klimatikoa berehala deklaratu dezaten galdegin behar zaie, baita negutegi efektuko gasen isurketa ezabatzeko berehalako neurriak har ditzaten ere”.
Hainbat datu eman dituzte larritasunaren tamainaz jabearazteko: “Milioika espezie desagertze arriskuan dira giza jardueragatik, eta itzulerarik ez duen aldaketa klimatiko baten puntuan gaude ez badugu berehala gure ibilbidea aldatzen. Krisi ekologikoari ez erantzuteak, milioika lagunen heriotza suposatuko du; Lurrean bizitzeko ezinbestekoak diren espezieen desagertzea ekarriko du”.
Mobilizatzeko unea dela diote eta horretara deitu dituzte herritar guztiak, “gure oraina eta gure etorkizuna babesteko unea da”.