Futbol egokitu eskola sortu dute Mindarak eta Oiartzun Kirol Elkarteak
Oinez dabiltzan elbarritasun intelektuala zein fisikoa duten 12 urtetik gorako lagunei begirakoa da eskola. Belarrezko zelaian jokatzeko aukera eskainiko duen Gipuzkoak bigarren eskola izango da, Eibar Kirol Elkartearenarekin batera.
Aukera eskaini nahi diete, zelaia jarri beraiek ere izan dezaten futbolean taldean eta modu arautuan jokatzeko aukera. Mindara elkartearen eta Oiartzun Kirol Elkartearen eskutik, oinez dabiltzan elbarritasun intelektuala zein fisikoa duten lagunek beren neurrira, beraien beharretara egokitutako futbol eskola izango dute. Eskolaren hasiera data finkatzeko zain, izena emateko epea zabaldu dute, eta baldintzak betetzen dituzten 12 urtetik gorakoek parte hartu dezakete. Interesdunek, Mindara elkartearen posta elektronikora bidali behar dute mezua.
Jokalariak nahi dituzte orain proiektuari bizitza emateko, eta dagoneko dezentek egin dute bat, baina baita boluntario lanetan arituko den jendea. Horiek ere, Mindara elkartearekin harremanetan jarri beharko dute posta elektroniko bidez.
Saioak noiz hasiko diren zehazteke badago ere, entrenamendu egunak eta orduak finkatu dituzte. Oiartzungo Karla Lekuona futbol zelaina izango dira ostegunetan 17:00etatik 18:00etara.
Oiartzun KE eta Mindara elkarteak sortu duten futbol eskola, Gipuzkoan, belarrezko futbol zelaian arituko den bigarrena izango da. Eibar Kirol Elkarteak Gipuzkoako Foru Aldundiarekin elkarlanean abiatu zuen ezaugarri hori duen futbol egokitu eskola pasa den urtean. Areto futbol egokitua egiten duten beste lau eskola dira Gipuzkoan.
Urrats garrantzitsua, beraz, Errenteria eta Oiartzunen kokatutako bi elkarte horiek egin dutena kirol inklusiboaren alde.
