Politikariak uretara eraman ditu Pasaia Kayakek
Zenbait ordezkari politikok Pasaia Kayakek antolatutako piraguismo ibilbidean parte hartu zuten larunbatean.
Politikariak palista sentitu ziren pare bat orduz larunbatean. Pasaia Kayak piraguismo taldeak, badia piragua batetik ezagutzeko aukera eman zien hainbat politikariei. Erantzun aparta izan zuen gonbidapenak. Pasaiako Udaleko talde politiko ia guztietako ordezkariak izan ziren bertan, baita Gipuzkoako Foru Aldundiko ordezkari bat.
Palisten mailari dagokionez, batzuek bazuten eskarmentua, beste batzuek ordea batere ez. Pasaia Kayakeko gidaritzapean baina, denek gozatu ahal izan zuten eta ibilbidea gorabeherarik gabe osatu zuten.
Alabortzaraino joateko asmoa zuten, baina ibilbidea moldatu behar izan zuten, itsasoa zakarregia baitzen hasiberrientzat. Gauzak horrela, Trintxerpetik Gurutzeko puntaraino joan ziren, San Pedroko aldeak eskainitako babesa baliatuta. Pasaiako badiaz uretatik gozatzeko aukera izan zuten ordezkari publikoek.