«Txikiak gara, baina handiena bezain garrantzitsua da gure lana»
Lan berria, ‘Bernarda Albaren bost alabak’ estreinatzeko azken ukituak egiten ari da Orratx!. Txikitasunetik bada ere, euskara eta kulturaren alde egiten duten lana garrantzitsua dela argi diote.
Azaroan estreinatuko du azken lana Orratx! Antzerkiak. Beti bezala, Lezon egingo du, etxean, ikusleek goxoen hartzen duten espazioan, Gezala Auditoriumean. Ez du lan makala aukeratu oraingoan Lezoko taldeak, zein eta Federico Garcia Lorcaren La casa de Bernarda Alba.
Bernarda Albaren bost alabak izenburuarekin ekarri dute euskarara, Garazi Ugalderen itzulpen biribilarekin. Ez omen du lan erraza izan itzulpena egiteko, Lorcak esaera zahar ugari eta poetizazioa baliatu zituen-eta 1936an idatzi eta 1945era arte estreinatzeko aukerarik izan ez zen antzezlana idazterakoan. «Pozik» emaitzarekin, hala azaldu dira Lierni Fresnedo zuzendaria eta Mertxe Larrea antzezlea, «erronka handia izan da, baina neurria hartu diogu».
Gauza bat argi dago, estreinaldian ez dute ikusle bat bera ere epel utziko.
Bernarda Albaren bost alabak da oholtzara eramango duzuen antzezlana, izenburua egokituta, Fernando Garcia Lorcaren lana aukeratu duzue. Zaila izan al da?
Mertxe larrea: Izenburua moldatu dugu, eta gidoiaren egokitzapena nahiz itzulpena ere egin dugu.
Lierni Fresnedo: Garazi Ugalde antzezlea eta ni aritu gara gidoiarekin. Berak itzulpen lanak egin ditu, berea jarri dio. Pertsonaia batzuk kendu egin ditugu eta testua ere egokitu egin dugu, Garcia Lorcaren poetika hori pixka bat jaitsi egin dugu, haragitik ekartzeko. Hor mantentzen du poetika hori, baina ulergarria eginda, eta Garazik [Ugalde] lan bikaina egin du oso zuzen izateko publikoarekin. Herri esaera oso erdaldunak ditu, eta horiek euskarara ekartzeko lanak izan ditu. Uste dugu, lehenengo aldia izango dela euskaraz egingo dena, guk behintzat ez dugu ezagutzen inork euskaraz egin duenik antzezlan hau.
Zergatik La casa de Bernarda Alba?
Fresnedo: Beti izan dugu antzezlan hori egiteko gogoa, eta une honetan bat izan ezik, gainontzeko kide guztiak emakumeak gara. ‘Orain da momentua’, pentsatu genuen, eta egin. Feminismoaren inguruan ematen ari den mugimenduarekin ere interesgarria iruditzen zitzaigun unea, obra honek gauza horietaz hitz egiten duelako. Duela mende bateko gizarteaz mintzo da, eta aldatu bada ere, ohartzen zara hor dagoela ez hain urruti, ez ditugula hainbesteko pausuak eman emakumeok.
Normalean ikasturte amaierarekin, ekainean egiten duzue estreinaldia. Aurten azaroan egingo duzue. Zer dela eta?
Fresnedo: Bi antzezle berri hasi ziren taldean eta aukeratu dugun obra oso potentea da. Denbora eman behar geniela erabaki genuen, eta horregatik aurtengo estreinaldiaren data aldaketa. Azaroaren 23 eta 24an egingo ditugu emanaldiak, 20:00etan, Gezalan. Prozesua izan da motelagoa, polikiago joan gara, eta ikastaroa egin dugu tartean.
Larrea: Ana Perezekin izan da ikastaroa, eta gorputza, testuak bakoitzak nola adierazten dituen, nola sentitzen dituen, nola ateratzen duen bere espresioa landu dugu. Oso prozesu polita izan da, hilabete eman dugu eta oso-oso aberasgarria izan da guretzat.
Poncia izango zara zu, Mertxe, antzezlanean, Bernarda Albaren neskamea. Nola sentitzen zara paper horretan?
Larrea: Ondo sentitzen naiz. Adinarekin bat dator, pertsonaia ere neskame txiki mozkotea da, eta ondo ematen dit. Kosta zait, baina uste dut horretan adinak ez duela laguntzen [barrez], testuak ikastea inoiz baino gehiago kostatu zait. 22 urte daramatzat hemen, Orratx!-en hasieratik, eta hau izango zen gehien kostatu zaidana.
Bi hamarkada pasa antzerkia egiten. Zein izan da Orratx!-en ibilbidea?
Fresnedo: Momentu onenak eta txarrenak urtero-urtero etortzen direla esango nuke nik, obra bakoitzarekin. Une kritikoak eta euforia, eta hori interesgarria da, horrek gauza berriak egiten ari garela esan nahi duelako. Bakoitzak baditu bere erronkak.
larrea: Une gogorrak ditugu batez ere sorkuntza egin behar izan dugunean, antzezlanerako testuak sortu behar izan ditugunean.
Fresnedo: Zailtasuna duen zerbait hutsetik sortzea eta zurea ez dena, ulertzea. Denak du bere zailtasuna.
Zein alde ikusten duzue duela 22 urteko Orratx! hura eta egungoaren artean?
Larrea: Tablak kenduta, bidean hartu dugun esperientzia, antzeko ikusten dut guztia.
Fresnedo: Bat nator. Oholtza gainean aritzeko erraztasuna asko nabaritzen dut. Egia da urte asko daramagula elkarrekin lanean eta kode asko ezagutzen ditugula. Ez dut uste nire pertzepzioa denik, nabaritzen da lan handia dagoela atzean.
Larrea: Hogei urte ez dira alperrik pasa, kaskagorrak izango gara, baina azkenean gelditzen zaigu zer edo zer. Azken lanarekin gertatu zait lehen irakurketan testuak ez ulertzea, eta ez duzuna ulertzen memorizatzea zaila da, eguna joan eta eguna etorri zentzu handiagoarekin egiten duzu, ohartzen zara esaten duzunaz, eta badakizu haserre esan behar duzula hau, eta beste hori barrez, eta hura goxo goxo…
Fresnedo: Hori da prozesurik interesgarriena aktore batean; testu bat hartzen duzu eta arrotza da zuretzat, baina poliki-poliki zureganatzen duzu eta transmititzen duzu. Aktoreak transmisoreak dira, nola eman besteei; baina besteei informazio hori emateko zuk landu egin behar duzu, ulertu, sentitu… aktore baten lanean hori da politena, eta prozesu hori ikusten da.
Zein da herriko antzerki talde batek hainbeste urtez irauteko sekretua?
Larrea: Zuzendaria, gure kasuan, giltzarria da. Hori argi utzita, beste faktore bat da hasieratik hiruzpalau lagun hor mantendu izana etengabe.
Fresnedo: Aurten izan dugu gure une kritikoa. 20. urteurrenarekin batera taldekide batzuk utzi egin zuten, beste une batean zirelako eta bat-batean nukleoa hor gelditu zen, lau lagun. Egin beharreko lana egitea erabaki genuen, eta ez bazuen gehiagorako ematen horraino helduko ginela erabaki genuen, onartzeko puntuan ginen Orratx! tope batera heldu zela.
Bat-batean, utzita zuten bi kide itzuli ziren, bi berri hasi ziren eta zortzi lagun ginen berriz ere lanean. Urtero ez dakigu noraino iritsiko garen. Nukleo hori hor egoteak asko laguntzen du.
Onartu behar dugu beste momentu batean gaudela, horrelako gizarte batean gaude, oso aldakorra. Talde lana, kolektibitatea, ez da lehentasuna, bakoitzaren lana baizik. Une horretan gaude eta onartu behar dugu; horren aurrean egokitzapena egin beharra dago.
larrea: Bide batez, ateak zabalik ditugu antzerkiaren mundura etorri nahi duen guztiarentzat, gazte, zahar, gizon, emakume, aritu edo ez aritua. Denak dira ongi etorriak, horrek ere taldea aberastuko duelako.
Amateurrak zarete antzezleak, baina profesionalen mailaren inbidiarik ez duzue.
Fresnedo: Aurrekoan kale antzerki bat ikusten izan nintzen, eta bukatu zenean esan zidan batek, ‘zuen kaleko antzerkiak ez dio inbidiarik honi’. Gure kale antzerkia askoz ere hobeagoa zela esan zidan, distantziarekin begiratuta berak, teknikoki, aktore aldetik… Hori entzutea izugarria da, ni ez naizelako gai hori ikusteko, baina beste batek esatea izugarria da, pozgarria. Askotan hor zaude eta ez zara oso kontziente egiten duzunaz.
Uda osoa ezer egin gabe eman dugu eta lehen zatia entseatzen hasi ginenean, iraila hasieran, ikusi nuen eta oso onak iruditu zitzaizkidan. Transmisio polita, bizia, ondo eramana ikusi dut aktoreen aldetik.
Eta estreinaldia oraingoan ere, herrian. Lezoarren babesa baldintza gabea duzue?
Larrea: Bai hala da, ez dugu kexarik, estreinaldi guztietan bete da Gezala eta espero dugu oraingoan ere hala izango dela.
Herritarren babesa bai; instituzioena ere baduzue, laguntza ekonomikorik baduzue?
Fresnedo: Lokala badugu eta hori oso ondo dago, gure espazio propioa dugulako txikia izanda ere. Bestalde, diru laguntzei dagokienean aldundiak ez digu laguntzarik eman aurten, eta ez dakigu arrazoia.Badakigu herri txiki batean gaudela, talde txiki bat garela, baina egiten dugun lana egitura handiek egiten dutena bezain garrantzitsua dela uste dut. Zergatik ukatzen digute gure lekua? Antzerkia euskaraz egiten dugu guk, euskararekin harremantzeko beste espazio bat da antzerkia.
Larrea: Udala hor dago, baina beraiek soldata igotzen duten neurri berean ez digute guri laguntza igotzen. Kultura beti da azkena. Lokala badugu eta bizirauten dugu. Minimalistak gara [barrez], kaxoi bat dugu; armairua behar dugula? Zutik jarri, atea erantsi, eta badugu armairua. Hiru-lau gauza ditugu eta beti erabiltzen ditugu, ez digu eszenografia handirik egiteko ematen, baina egia da hori ere ez dela gure estiloa.
Zer espero duzue, estreinaldian, azaroan?
Larrea: Lezon harrera ezin hobea izan dugu orain arte. Jende gutxi etorriko balitz zer pentsatu izango genuke, uste dugu bi emanaldietan betea izango dugula aretoa.
Fresnedo: Bernarda Albak badu pisu bat, denok ezagutzen dugu eta badu tragedia, dramatismoa. Beldurra nuen horrekin, baina uste dut originalari astindu handi bat eman diogula forma aldetik, espresio aldetik… beste zerbait egin dugu. Ez dute zerikusirik bost aulki horiek gure lanaren mugimenduarekin, amaiera originalak bezala, tragikoa badu ere, eta trama mantentzen badu ere. Espresio aldetik askatasun puntu bat eman diogu, ez da hain itxia, hain iluna. Tragediak pisu handia du Lorcaren lanean, eta guk pertsonaia bakoitzak dituen drama txiki horiei eman diegu tartea.
Sarrerak noiz jarriko dituzue salgai?
Fresnedo: Antzezlana baino hamabost egun lehenago jartzen ditugu salgai beti, eta oraingoan ere hala egingo dugu. Kultur aretoan eta estankoan jarriko ditugu salgai, zortzi euroan.
Antzerkiaren egoera zein da gurean?
Fresnedo: Jende asko gaude bailaran antzerkia egiten eta ez dago inon zirkuitu bat, bertatik bertara ari garen, ondoko herrietan antzerkian ari garen horiek batuta erakusteko espazio bat. Interesgarria litzateke hilabetea edo astea antolatzea Oarsoaldeko antzerkia erakusteko, horren falta sumatzen dut.
Euskal Herrian amateurrean ari garenekin jaialdi bat antolatzea ere ongi legoke. Talde amateur mordoa gaude lanean, eta garrantzitsua litzateke gure arazoen berri izatea, harremana izatea. Instituzioetatik zer edo zer egitea ondo legoke.
Eta harrobia osasuntsu dabil?
Fresnedo: 11-13 urte arteko taldearekin urteak daramagu lanean, eta bikain erantzun dute. Hamahiru gaztetxo ari dira ikasturte berrian, taldea sendo dabil. 7-10 urte arteko haurren taldea jarri nahi genuen martxan aurten, eta ez da atera. Datorren urtean beste saiakera egingo dugu, garrantzitsua iruditzen zaigulako txikitatik hastea.
FITXA
Antzezlana: Bernarda Albaren bost alabak.
Aktoreak: Begoña Azpiazu, Mertxe Larrea, Joseba Salaberria, Edurne Agirrezabala, Begoña Amonarriz, Araitz Larrea, Usoa Odriozola.
Egilea: Federico Garcia Lorca.
Zuzendaritza: Lierni Fresnedo.
Itzultzailea: Garazi Ugalde.
Argiteria: Txema Rivera.
Diseinu grafikoa: Harira Komunikazio Grafikoa.
Jantziak: Orratx! Antzerki Taldea.
Laguntzaileak: Lezoko Udala, Patxi Larrea.
Produkzioa: Orratx! Antzerkia.
Telefono zenbakiak: 651 706 591/647 275 526.