Erresidentzietako gatazkan arduraz jokatzeko eskatu dio aldundiari plenoak
ELAko erresidentzietako langileek mozioa aurkeztu zuten atzo plenoan. Langileei elkartasuna adieraztearekin batera, Gipuzkoako Foru aldundiari gatazka laboral eta sozial hori konpontzeko ardura har dezan, eta aldundiari berari greba egiten den egoitzetan eman gabeko zerbitzuaren zati proportzionala egoiliarren senideei itzultzea onartu du plenoak.
Gipuzkoako Erresidentzietako langileen borroka luze doa. Zaintzarena, sektore feminizatua izanik, soldata arrakala eta lan baldintza prekarioak nagusitzen dira, eta zehazki lan baldintza horiek hobetzeko borrokan ari dira, beren egoera duintzeko eta horrekin batera erresidentzietan diren adinekoek ere zaintza duina izan dezaten. Lau urte baino gehiago daramate hitzarmenik gabe langile horiek,eta hortaz, lan baldintzak hobetu gabe. Zaintzan ari diren langileen %98 emakumeak dira, gainera, eta gizonenak diren beste sektore azpikontratatuen aldean, kale garbitzaileen aldean esate baterako, 6.000 euro gordineko soldata arrakala dute. Adinekoen egoitzetan, gaur egun, nagusiek ordubete eta erdiko arreta eskasa hartzen dutela salatu dute langileek, “hain urria da pertsonala, ezin dugula kalitatezko zerbitzurik eman”, eta hori guztia gutxi balitz, Gipuzkoako Foru Aldundiak zerbitzuaren %90 finantzatzen badu ere, greban diren langileek salatu dutenez, “ez du erantzukizunik hartu nahi gatazka konpontzeko”.
Aldarrikapen hori plenora eraman zuen atzo ELA sindikatuak. Errenteriako Erresidentzietako ELA sindikatuko langileek 118 egunetik gora bete dituzte greban, eta atzokoan beren borroka eta eskaeren berri lehen eskutik helarazi zieten ordezkaritza politikoa duten udal talde guztiei.
Langileek aurkeztutako mozioak hiru eskaera zituen. Errenteria-Oreretako erresidentzietako ELAko langileei elkartasuna adieraztea eskatu zuten, oro har Gipuzkoako egoitzetako langileekiko, eta haien borrokarekiko; Gipuzkoako Foru aldundia, zerbitzuaren %90ko finantzatzailea premiatzea epe labur batean gatazka laboral eta sozial hori konpontzeko ardura har dezan; eta aldundiari berari eskatzea greba egiten den egoitzetan eman gabeko zerbitzuaren zati proportzionala egoiliarren senideei itzultzea.
Feli Velazquez ELAko delegatuak eta Sanmarkosene erresidentziako langileak hartu zuen hitza. Erresidentzietako langileek beren borroka ikustarazi nahi izan dutela plenoan parte hartuta azaldu zuen langileak, “lan baldintza duinen alde ari gara borrokan, eta Gipuzkoako erresidentzietako milaka eta milaka erabiltzaileei kalitatezko zerbitzua emateko”. Adinekoekin “negozioa” egin nahi izatea leporatu zion langileak Gipuzkoako Foru Aldundiari, “horretarako prekarietatea, desberdintasuna eta soldata arrakala ezartzen digu sektoreko langileei, eta lagun dituen enpresei negoziorako bezero-zorroa errazten die. Horri ezarritako ratio eskasak gaineratu behar zaizkio. Guztia batuta, zerbitzu eskasa da ondorioa. Ekuazioa erraza da, finantziazio publikoa, lan baldintza txarrak eta eskasak diren ratioak, negozio ziurra suposatzen du berentzat. Hori pentsatzeko nahikoa proba ditugu”.
Dekretu berria, atzerapausoa
Hitzarmena bi urte baino gehiagoz blokeatuta dutela nabarmendu zuen Velazquezek, eta gogor salatu foru aldundiak bere esku zegoen guztia egin zuela ELA, Adegi eta Matia 2020 enpresen artean lortutako akordioa “zapuzteko”. Eusko Jaurlaritzako Lan Sailaren zuzendariak deitu zuen bilerara ez azaldu izana ere leporatu dio aldundiari langileak. Halaber, gaitzetsi egin zuen uztailaren 31n Eusko Jaurlaritzak onartu zuen dekretu berria: “Oso larria da 21 urte geroago dekretu berriak gure adinekoen zaintza alde batera uzten jarraitzen du, egoiliar bakoitzari eman beharreko arreta denbora murriztu du, zerbitzu publiko baten pribatizazioaren alde egiten du, kanpo uzten ditu etxebizitza komunitarioak, erresidentzia txiki eta tutoretzapeko etxebizitzak, ez du langileen eta egoiliarren segurtasuna bermatzen gaueko ordutegian, egokitzapen mekanikoak, komunak, bentilazioa, eta gela bikoitzak indibidualak bihurtzea bakarrik sortuko diren erresidentzia berriei baino ez dizkiete ezarriko, ez du erizaintza zerbitzua 24 ordukoa bermatzen, ez du hobekuntzarik suposatzen sukalde edo garbiketan, lana prekarioagoa bihurtzearen alde egiten du, eta zatikako lan jardunen kontratazioaren alde egiten du. Badirudi euskal erakundeek adinekoen sektorea negozioa bihurtzearen alde gin dutela, eta ez azken bizitza urteen trantsizio duina”. Muturreko larrialdi egoera dela erantsi zuen Velazquezek eta alderdi politikoei mozioan bildutako puntuak babesteko eskatu zien.
EAJk eta PSE-EEk beste mozio bat aurkeztu zuten, alternatiboa, erresidentzietako ELAko langileek aurkeztu zutenaren aurrean. Hiru puntu bildu zituzten bi alderdi horiek beren proposamenean. Eguneko zentro eta adinekoentzako egoitzetan bizi den lan gatazkagatik kezka adierazi zuten lehen puntuan, gatazkak luze irauteak zerbitzua gauzatzerakoan erabiltzaileen eta haien senideen artean eragin ditzakeen gorabeherengatik. Lan gatazka horretan inplikatutako sindikatuetako eta patronaletako eragile guztiei lan gatazka amaituko duen akordio batera heltzeko eskatzea galdegin zioten bigarren puntuan Errenteriako Udalari, eta azkenik, Gipuzkoako Foru Aldundiari bereziki greba aldietan eta haren ikuskaritza zerbitzuen bitartez zaintzeko ematen den zerbitzuaren kalitatea eta bermatzeko greba deialdietan parte hartzen duten zentroetan ezarritako gutxieneko zerbitzuak betetzen direla.
Jose Angel Rodriguez PSE-EEren bozeramaileak aurkeztu zuen alderdi jeltzalearekin batera adostutako mozioa, eta ondoren eztabaidarako tartea zabaldu zuen Aizpea Otaegi alkateak.
Gipuzkoako Erresidentzietako langileei elkartasuna adierazi zien Elkarrekin Errenteriako Maite Gartziak, eta Gipuzkoako Foru aldundiari “dagokion ardura” bere gain hartu eta gatazkan esku hartzea eskatu zion gatazka konpondu eta kalitatezkoak eta duinak izango diren zerbitzuak eta lan baldintzak bermatzeko.
Atzoko udal osoko ohiko bilkuran ez zuen parte hartu Maite Peña EAJren zinegotzia eta jeltzaleen bozeramaileak. Bera da Gipuzkoako Foru Aldundiko Gizarte gaietako diputatua. Elixabete Muruak hartu zuen hitza EAJren izenean, eta bere hitzartzeak haserrea piztu zuen pleno aretoan bildutako langileen artean, ELAk aurkeztutako mozioan elkartasuna soilik sektorean ari diren langileekiko eskatzen zutela eta ez erresidentzietako erabiltzaile eta senideekiko, esan zuenean: “Azkenean beraiek dira egoera zaurgarrienean daudenak, eta gatazkaren ondorioak pairatzen ari direnak”.
Foru aldundiari gatazka konpontzeko ardura har dezan eskatzen zitzaiola ELAren mozioan, baina gehiengo zabala duen sindikatuari ez zaiola ardurarik eskatzen salatu zuen bestalde Muruak, “hitzarmena negoziazio mahaian eztabaidatu behar dute patronalak eta sindikatuek”. Eta mozioaren azken puntuari ere egin zion erreferentzia, aldundiak egoiliarrei eman gabeko zerbitzuaren zati proportzionala itzultzeari alegia, “Bilduk gobernatu duen herrietan deskontatu zaie enpresei dirua, baina ez zaie itzuli erabiltzaileei, eta zehazki Errenteriako erresidentzian egoera eman zenean, guk dakigula behintzat ez zitzaien dirua itzuli”.
Ratioak ere aipatu zituen Muruak: “Txostena atera da, eta horren arabera ez dira soilik Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ratio hoberenak, estatuko onenak ere badira”. Azken horren harira, bertan ziren langileek “azal lodia” izatea leporatu zioten Muruari adierazpen horiengatik, eta “lotsagarritzat” jo zituzten.
Rodriguezek hartu zuen hitza berriz, eta erresidentziena arlo “estrategikoa” dela esan zuen: “beste gizarte eredu baten bidean gaude, pertsonen bizia erdigunean jartzen duen eredua da”· Erresidentzien lan gatazkaren agertokia “konplexua” dela, egoera gordindu egin dela eta ez dirudiela konponbide hurbila duenik ere esan zuen, “arazoa luzatzen bada berriz ere ondorioak erabiltzaileentzat eta langileentzat izango dira. Kezkatzen gaitu langileek bizi duten egoera eta uste dugu negoziazio prozesuak hitzarmen berdinzalea ekarri beharko lukeela, langile guztiei babes bera emango diena. Kezkatzen gaituzte ere erabiltzaileen senideen eskaerak gatazkaren inguruan. Uste dugu ezinbestekoa dela lortzea baliozko akordioa sektoreak ezinbestekoa duelako populazioaren zahartzea bezain handia den erronkari erantzuteko”. Langileen baldintzak, eta adinekoen bizi baldintzen kalitatea hobetuko dituen akordioa garrantzitsua dela esan zuen alderdi sozialistako bozeramaileak, baina lehentasuna adinekoek behar duten arreta bermatzea dela erantsi zuen, “eta arduraz jokatzea. Mahai batean esertzeko marra gorriak jartzea lan gatazka hau oraindik eta gehiago enkistatzea ekar dezakeela uste dugu, eta elkarrizketaren aldeko deia egiten dugu”.
Emakumea erdigunean jarri duen borroka
Itziar Ostolazak hartu zuen hitza EH Bilduren izenean eta lehenik eta behin eskerrak eman zizkien atzoko saiora bertaratu ziren erresidentzietako langileei, “120 egun greban bete dituzuelako zuetako asko, eta beste askok grebarik egin ezin eta isilean jardun duzuelako zuen eta denonak diren eskubideen alde borrokan; isilean diot, batzuen kasuan etxeko sostengu bakarra zaretelako edo migratzaile zareten horien kasuan areagotzen delako prekarietate honen aurrean jasaten duzuen zapalkuntza. Elkartasun osoa, beraz, adinekoen egoitzetako langile bakoitzari, kontziente garelako borroka hau gogor eta luzea izaten ari dela”.
Erresidentzietako langileen borrokari, emakumea erdigunean jarri izana aitortu zion Ostolazak, “ikustarazi duzue langile borroka eta borroka feminista bat direla, patriarkatua eguneroko borroka txiki handien bidez irauliko dugu; zuen borroka Euskal herriko emakume guztien borroka da”.
Zaintzaren inguruko gogoeta eztabaida publikora ekarri izana ere eskertu zien Ostolazak eta Irantzu Varelak Berdea da more berria liburuan idatzitako gogoetako bat aipatu zuen, “ezinbestekoa den benetako lan bakarra zaintza da, hura gabe kapitalismoak bizirautea ezinezkoa luke, baita gizakiok ere. Zaintzea kapitalismoak emakumeoi ezarri digun lana da, eta lan hori gaizki ordaindu ere ez du egin; zaintzen derrigortu gaitu maitasunagatik, erruagatik, ohituragatik, eskaletasunagatik, ez gaitzaten seinala, edo hil ez gaitzaten’”. Zaintzarena eremu pribatuan eta ordaindu gabe egindako lana izan dela historikoki ekarri zuen gogora Ostolazak, “eta zuek pribatutik kalera atera duzue, zuek lortu duzue hori, zaintzaile zaretenok, eta zuek ere merezi duzue zainduak izatea. Lan baldintzak duintzea bada horretarako urrats txiki bat”.
Ardura politikoak dituztenak deseroso sentiarazi dituztela ere esan zuen EH Bilduko kideak, eta eskerrak eman zizkien langileei horregatik ere, “ez naiz nor foru aldundiari ardurak eskatzeko eta ez da nire asmoa zaintza lan feminizatu eta prekarizatuen ardura diputatuaren bizkar uztea, historian oso atzera joan beharko genukeelako estrukturala den errealitate honen arduradun anitzak izendatzeko, baina foru aldundiko gobernuan ardurak dituzuen taldeei eskatzen dizuegu erantzukizunez eta arduraz jokatzeko, horrelako gatazka baten aurrean ezinbestekoa den bitartekaritza kudeaketa burutzeko. Espero dugu aste honetan abiatu dituzuen elkarrizketak emankorrak izatea eta behingoz gainditzea gatazka. Zuei eskatu dizuedan moduan gure buruari ere eskatu behar diogu, eta guk udal honetan urrats txikiak eman baditugu ere asko dugu egiteko alor honetan”.
EAJri erantzun zion Ostolazak, ondoren. Zehazki, egoitzetako erabiltzaileei elkartasuna adierazten ez zitzaiela eta Muruak esandakoari, bere ñabardurak egin zizkion. Ostolazaren hitzetan, elkartasun hori “zalantzarik gabe” aipatzen da ELAko langileen mozioan, “langileen baldintzak duintzen hain justu, duintzen direlako erabiltzaile horien guztien baldintzak. beraz ulertzen dugun erabiltzaileen eskubideen eta duintasun horren alde egiten du mozioak, baita langileen borrokak ere”.
Errenterian erresidentzian izandako gatazkan ez ziela dirua itzuli erabiltzaileei udalak esanez EH Bilduren teilatura bota zuen pilota Muruak. Horri ere erantzun zion Ostolazak, eta TAO zerbitzuaren kasua ekarri zuen gogora: “ELA sindikatuak bideratu zuen TAO zerbitzuaren greba, eta grebak iraun zuen bitartean erabiltzaileei kuotaren parte proportzionala itzuli zitzaien. Praktikak badaude, beraz”.
EAJ eta PSE-EEk aurkeztutako emendakina bi alderdi horiek babestu zuten, eta kontra egin zuten EH Bilduk eta Elkarrekin Errenteriak; ez zuen aurrera egin, beraz. ELAren mozioak aurrera egin zuen EH Bildu eta Elkarrekin Errenteriako 12 zinegotzien aldeko botoekin. PSE-EE eta EAJren zortzi zinegotziek kontra bozkatu zuten.
Aizpea Otaegik hartu zuen hitza azkenik eta Gipuzkoako Foru Aldundiak erresidentzietako lan gatazkan izan dezaken ardura saihesteko “saiakera” sumatu zuela atzoko plenoan nabarmendu zuen, “iruditzen zait konponbidean jartzeko lehenengo urratsa ardura asumitzea dela. Greba luze doa, eta espero dut, ahal bezain pronto konponbidean jartzea. Eskerrik asko eztabaida hau udalbatzan lantzeko aukera emateagatik”.