Ez dute eraso eta hildako emakume gehiagorik nahi
Ozen esan dute berriz ere, ez dutela eraso eta hildako emakume gehiago nahi, eta berretsi dute bidea autodefentsa feminista dela.
Astebeteko epean bitan atera da kalera mugimendu feminista salaketa egitera. Izan ere, azken hiru asteetan lau eraso sexista izan dira beste hainbeste emakumeen kontra. Kasu guztietan, bikote ohia izan da erasotzailea. Hori gutxi balitz, larunbatean 53 urteko emakumea erail zuen bere bikoteak Baionan (Lapurdi). Salaketa bikoitza izan zen beraz, atzokoa, larunbateko hilketa matxista eta egun berean Errenteria-Oreretan emakume bat bortxatu zutela gaitzesteko.
Hamarnaka lagun bildu ziren atzo, berriz ere, Niessen merkatalgunearen sarreran. “Nazka-nazka eginda”, hala azaldu da mugimendu feminista, eta lehenik eta behin, erasoa jasan duten emakumeei zein bere senideei elkartasun osoa eta besarkada indartsua helarazi zieten, “zuek jasandakoak gureak sentitzen ditugu”. Baionara begira jarri ziren gero, “ubelduraz beterik emakume bat aurkitu zuten bere etxean larunbatean, hilotz”. Datuak eman zituzten; izu-ikara eragiten duten zenbakiak dira: Aurten lau emakume erail dituzte Euskal Herrian; Frantziako Estatuan 129 dira hil dituztenak, eta 66 Espainiako Estatuan. Horiek oraindik amaitu ez den urteak utzi dituen datu ilunak, indarkeria matxistaren aurpegirik gordinena.
Ozen esan zuten berriz ere, ez dutela eraso eta hildako emakume gehiago nahi, eta berretsi zuten bidea autodefentsa feminista dela: “Ez gara biktimak, ez gara subjektu pasiboak, eta ez gara instituzioetatik bultzatzen diren neurri asistentzialekin konformatzen. Gure bizitzetatik indarkeria matxista desagertzea nahi dugu”. Politika errealak eskatu zituzten beste behin ere eta Manresako (Bartzelona, Katalunia) sententziak argi utzi duela emakumeentzat ez dela justiziarik salatu zuten, “ez gaituzte sinisten, ez gaituzte aipatzen, ezeztatu egiten gaituzte. Ez dira manadak, jauriak edo eroak, ez dira kasu isolatuak, patriarkatua da. Bortxatzaileen abokatuek seme onak direla diote, patriarkatuaren seme osasuntsuak direla diogu guk”.
Martxan jarritako egitura administratiboak eta politikek uneko neurri asistentzialak lehenesten dituztela salatu zuten, gainera, eta neurri integralak, aldaketa neurriak behar dituztela esan, “politika integralak behar ditugu, ausartak, eta zintzoak eta ez irudia ematekoak, hauteskundeak irabazteko, edo etekin politikoak lortzeko”.
Kalea emakumeen espazio gisa aldarrikatu zuten, herrietan libre ibili nahi dutelako, “plazak, udalak, komunak, antzokiak hartu behar ditugu”. Erasoen aurrean ez direla kikilduko esanda amaitu zuten elkarretaratzea: “Autodefentsan sakontzen jarraituko dugu, bai indibidualki, bai kolektiboki. Erasotzaileak izen abizenekin ezagutu, gure kaleetatik baztertu eta kanporatu arte ez dugu etsiko”.