[Galeria] Euriak ez die animoa kendu korrikalariei
33.379 korrikalarik parte hartu dute 2019ko Behobia-Donostian. Euriak lasterketa baldintzatu badu ere, ohiko giro alaiaz lagunduta burutu dute ibilbidea.
Eguraldiak ez du batere lagundu, baina korrikalari zein zaleek ez dute huts egin. Aspaldidanik iragarri bezala, euriak 2019ko Behobia-Donostia maratoi erdia baldintzatu du, baina korrikalariek ez dute animoa galdu. Lasterketa ezberdina da Behobia-Donostia, sortzen den giro berezi eta alaiagatik.
Giro polita da hain zuzen ere, ehunka zaleek sortu dutena Errenterian, euriak zenbait lagun blai eginda utzi baditu ere. Parte hartzaileek eskertu egin dute uneoro jasotako babesa.
33.379 pertsonek eman dute izena aurten Behobia eta Donostia banatzen dituzten 22 kilometro eta 500 metroak burutzeko. Aurtengoa, Behobia-Donostiaren 55. edizioa izan da, baina mende bat bete du, 1919an antolatu baitzen lehen aldiz.
HITZA gertutik jarraitu du lasterketa Errenterian eta honako irudi hauek bildu ditu.