Ostiralean hasiko da San Pedroko 34. Musika Abesbatza Astea
Ostiraletik igandera San Pedrok jaialdi historikoaren 34. edizioa ospatuko du. Larunbatean 13:00etatik aurrera 1994ko arraunlariak oroituko dituzte, Aita Manuel Egunean.
Asteburu bizia datorkie Sanpedrotarrei, urteroko, Musika Abesbatza Asteari hasiera emango baitiote ostiralean. Jaialdia guztiz errotuta dago barrutian; datorrena, 34. edizioa izango da. Lehen asteburua indartsu hasiko dute, abesbatzak eta arrauna uztartuz, V. Aita Manuel eguna, jaialdiaren barruan antolatuko dute eta. Herrian duten garrantzia dela eta, zeharo ezberdinak diruditen bi arlo dotoreziaz batzeko gai izango dira sanpedrotarrak.
Aurtengo protagonistetako bat, musikaria ez, musika tresna izango da, izan ere, San Pedro parrokian dagoen organoak 150 bete ditu aurten. Cavaille-Coll frantziar etxeak egina, 1869an iritsi zen San Pedrora 6.000 pezetaren —XIX. mendean dirutza zen— truk. Goi mailako organoa da, 54 notako klabierra eta 18ko pedalierra du, eta eskuz erabiltzekoa da. 1925etik 1936ra Tomas Garbizu Salaberria lezoarra musikaria arduratu zen organoaz. Rosario Vergara Urrestarazu sanpedrotarrak ordezkatu zuen.
Ostiralean hasiko da Musika Abesbatza Astea 20:00tan. Josu Elberdin konpositore sanpedrotarrak kontzertua eskainiko du hainbat lagunekin batera elizan. 1991az geroztik Karmengo Ama parrokiaren organista da Elberdin.
Larunbatean, ordea, arraunari egingo diote tartea, herriko patroi mitikoenaren omenez. V. Aita Manuel eguna ospatuko dute. Aurten Sanpedrotarra Arraun Elkarteak 1990ko hamarkadan emandako uzta oparoari begiratuko diote. 13:00etatik aurrera, Kontxako azken banderaren 25. urteurrena ospatuko dute eta 1989, 1991, 1993 eta 1994ko banderak irabazi zituzten arraunlariei aitortza egingo diete.
Abesbatza Asteak luze joko du aurten, hurrengo bi ostiraletan ere musika emanaldiak izango dira eta. Hilaren 22an Ana Belen Garciak joko du, Araoz Gazte Abesbatzarekin batera. Astebete geroago, Gerardo Rifok organoa jarriko du eta Ane Artetxek, bestalde, arpa joko du. Bi emanaldiak San Pedro Elizan izango dira 20:00tan.
Egitaraua.
Azaroak 15, ostirala.
- 20:00: Josu Elberdin eta lagunen kontzertua, San Pedro elizan. Txistuak, tronpeta, saxofoia eta klarineta uztartuko dituzte.
Azaroak 16, larunbata, V. Aita Mari eguna.
- 12:30 Harrera 1989, 1991, 1993 eta 1994ko Kontxako Banderak irabazi zituzten arraunlariei, Frontoi hondoko biribilgunean.
- 13:00: Aitortza ekitaldia arraunlariei, Torreko plazan. Euria egiten badu, ekitaldia elizan egingo dute.
Azaroak 22, ostirala.
- 20:00: Ana Belen Garciaren organo kontzertua Araoz Gazte Abesbatzarekin batera.
Azaroak 29, ostirala.
- 20:00: Gerardo Rifo organista eta Ane Artetxe arpa jolearen kontzertua.