Elkartasun emanaldia antolatu du iganderako 'Badia Ertzean' ekimenak
Falta direnen hutsunea ez dutelako ahaztu, Jon eta Enrikeren gitarra badia ertzera eramango dute berriz ere. Elkartasun jaialdia 18:00etan hasiko da Juanba Berasategi auditorioan.
Elkartasun eta askatasun doinuak ekarriko dituzte beste behin Puerto Santa Mariako espetxetik Pasaiara. Auzolan autogestionatuaren bitartez egungo espetxe politika salatuko du Badia Ertzean herri egitasmoak. Ekainean sortuta, kulturaren bidez, harresiak bota eta zubiak eraikitzeko asmoa dute sortzaileek.
Helburu horri jarraiki, Jon eta Enrikeren gitarra erabiliko dute metafora gisa, berdin delako zenbat harresi eta oztopo jartzen dituzten, musika geldiezina da. Bada, igandean oholtzara eramango dute berriz ere Jon eta Enrikeren gitarra, kasu honetan, Juanba Berasategi auditorioan kokatuko da oholtza hura.
18:00etan emango diote hasiera jaialdi kulturalari, Donibaneko aiton-amonen etxeko taldeak ekarritako antzezlanarekin. Jarraian musika kutsua hartuko egunak. Liher Etxarrik eta Lidek kontzertua emango du eta ondoren bertso musikatuak izango dira Doni eta Peioren eskutik. Bertsoen ondoren beste bi kontzertu; Bipiñin eta Andoni Oilokiegi arituko dira agertokiaren gainean. Gorka Urra luthierrak ere haren ekarpena egingo du eta eguna bukatzeko, Unai eta Itsasok euskal dantza garaikidearen erakustaldia egingo dute.
Antolatzaileek Jon eta Enrikeren gitarraren inguruan biltzeko gonbida luzatu diete herritarrei, haien hutsunea oroitzeko eta herriko ehun solidarioa zabaltzen jarraitzeko.