Berrerabilera ziurtatzera dator Trukegunea
Trukagunea jarri dute martxan Errenteriako Udalak, Ekoguneak eta Gurutze Gorriak elkarlanean.
Hondakinen Prebentziorako Europako Astearekin bat egin du Errenteriako Udalak eta horren harira, agerraldia eskaini du Gurutze Gorriko kideekin batera hilabete honetan hasi eta datorren urteko urtarrilera arte martxan izango den proiektua aurkezteko: Trukegunea. Ekoguneak eta udalak elkarlanean jarri dute martxan iniziatiba hori, eta produktuen berrerabilpena sustatzera dator. Gurutze Gorriak lagundu egingo du proiektu hori modurik egokienean gauzatu dadin.
Jose Manuel Ferradas Ingurumen zinegotziak, Maider Gonzalez Garmendia Gipuzkoako Gurutze Gorriaren Osasun arduradunak, eta Jose Antonio Fernandez Errenteria, Lezo eta Oiartzungo Gurutze Gorriaren presidenteak eman dute agerraldia gaur iniziatibaren nondik norakoak azaltzeko Galtzarabordako kiroldegiaren kafetegian, izan ere, bertan kokatu dute Trukegunea. Iniziatiba Gipuzkoako hamar udalerritan dago martxan, Errenteria-Orereta eta Oiartzunen tartean, eta helburua herritarrek erabiltzen ez dituzten baina erabilgarri dauden objektuen bilgunea izatea da Ferradasek azaldu duen moduan: “Prebentzioa, eta berrerabilpena giltzarriak dira hondakinren gaian arduraz aritzeko. Iniziatiba honen bidez, etxean ditugun, erabiltzen ez ditugun baina beste pertsonek erabil ditzaketen objektuak Trukegunera ekartzea da helburua, berrerabilpena sustatzea”.
Iniziatibaren barruan, objektuak Trukagunera eramatera joaten diren pertsonek ezingo dituzte hamar baino gehiago utzi aldi berean. Produktuek gutxieneko kalitatea izan beharko dutela nabarmendu du Ferradasek, “ez da edukiontzia alternatibo bat, kontua ez da etxea hustu eta hona ekartzea dugun guztia, ekartzen den hori beste norbaitek berrerabiltzeko moduan egon beharko du”. Trukegunetik objektuek hartu nahi dituztenek ere, bertara joan eta hartzeko aukera izango dute, besterik gabe, eta ez dute gainera hartzeko beste objekturik utzi beharko trukean. Astelehenetik larunbatera 09:00etatik 20:00etara izango da Trukegunera joateko aukera, eta igandetan, berriz, 09:00etatik 14:00etara.
Bertara heltzen diren objektuek gutxieneko kalitatea dutela bermatzea izango da Gurutze Gorriko boluntarioen lana. Gonzalezek osasuna eta ingurumenaren arteko harremanaren garrantzia nabarmendu du, “oinarrizkoa eta zuzena da harreman hori, arnasten dugun airea kutsatuta baldin badago ezinezkoa da osasunez ondo egotea, edota jaten ditugun elikagaiek sustantzia kaltegarriak baldin badituzte berdin. Arrazoi horregatik egin du Gurutze Gorriak bat iniziatiba honekin, uste dugulako herritar guztien kontzientziazioa ezinbestekoa dela berrerabili edo birziklatzeko garaian”. Keinu bakoitzak, txikia izanagatik ere, berebiziko garrantzia duela erantsi du, “bizi garen gizartea eraldatzea suposatzen dutelako; finean, osasuna eskubide unibertsal gisa defendatzea da”.
Trukagunean jasoko diren objektuak
Udalari eskerrak eman dizkio Fernandezek baita Kutxa fundazioari ere Gurutze Gorriari iniziatibarekin bat egiteko deitu izanagatik. Ingurumenaren gaiarekin bereziki sentsiblea dela Errenteriako Gurutze Gorria esan du presidenteak: “Elkarlan honek aukera emango digu ingurumen sailarekin gehiago aritzeko. Iniziatiba honetan, Gurutze Gorria Gaztea saileko boluntarioak arituko dira laguntzen”. Azken horretan, 8 eta 30 urte arteko boluntarioek hartzen dute parte; beraien lana, Trukegunera heltzen diren objektuen jarraipena egitea izango da, berrerabiltzeko moduan dauden, kalitate gutxienekoa eskaintzen dutela ziurtatuko dute.
Trukegunean, liburuak, musika, cd originalak, etxetresna elektriko txikiak, elektronika, brikolajea eta lorezaintza, kirol eta aisi produktuak, musika tresnak eta jostailuak jasoko dituzte.
Trukegunea iniziatiba nagusia izango da baina ez udalak egingo duen bakarra hondakinen prebentziorako astearen barruan. Auzo konpostajea eta etxe konpostajea sustatu nahi dituela udalak herritarren artean nabarmendu du Ferradasek eta horren harira, hilaren 25ean 09:30etik 13:30era Zumardian egiten den astelehenetako azoka txikian informazio postua jarriko du, “edonork gerturatu eta gaiari buruz dituen zalantzak argitzeko aukera izango du”.
Hirugarren ekintza lerroa ere egin du udalak. Azken hilabeteetan 7 ostalaritza gune eta 8 fruta dendekin janari xahuketa ahalik eta gehian saihestea helburu duen jarduera martxan izan du, “hamabost saltoki horiekin lan pertsonalizatua egin da eta dendaren diagnostikoa egin ondoren, ekintza plan berezitua aurkeztu zaie hondakin gutxiago sortzeko, berrerabiltzeko, eta gaika modu egokian biltzeko”. Saltokietako arduradunek, beren aldetik, konpromisoa hartu dutela hobekuntza proposamen batzuk aurrera eramateko azaldu du Ferradasek”.
Azken aipamena, Errenteria-Oreretako gaikako bilketari egin dio Ingurumen zinegotziak. Bilakaera oso positiboa izan duela esanda hobetzeko aukera handiak daudela oraindik argi du: “2014an genuen %32ko tasatik %60ra igaro ginen 2018an. Herritarren sentsibilizazioak gora egin du, baina oraindik hobetzeko aukera handiak daude”. Bide horretan lanean jarraitzea dela gakoa dio, “eta horretan segituko dugu”.