"Desagertutako marinelen familiek omenalditzat hartu dute erakusketa"
Pasaiako 'Petracho', 'Lasarte', 'Carreira' eta 'Marero' ontzien hondoratzeei buruzko hitzaldia egingo dute gaur San Pedroko liburutegian 18:30etatik aurrera.
Azken txanpan sartzear da Pasaiako udal liburutegietan ikusgai den Urperaketak erakusketa. Pasaiak beti izan du harreman zuzena itsasoarekin, baina ez beti pozgarria. Azken hamarkadetan gertatutako hainbat itsasontziren urperaketak gogoan ditu erakusketak, hala nola, Petracho, Lasarte, Carreira eta Marero Pasaiako itsasontziena. Gaur bertan izango dituzte hizpide lau hondoratze horiek, San Pedroko liburutegian, 18:30etik aurrera. Ana Maria Benitok itsas arkeologiatik eta Javier Mazpulek argazkilaritzatik, itsasontzi horien atzean dagoen memoria zaintzea eta oroitzea dute helburu nagusi. Aldez aurretik, liburua ere idatzi zuten eta Pasaiako liburutegietan dago eskuragarri. Erakusketako irudiez eta maketez —maketisten elkarteak emandakoak— inguratuta, HITZArekin aritu dira solasean.
Petracho, Lasarte, Carreira eta Marero izango dituzue gaur gogoan. Zer gertatu zen ontzi horiekin eta nola eragin zuten herriarengan?
Javier Mazpelu: Petracho 1944ko urriaren 9an hondoratu zen eta erakusketa honetarako ikertu dugun hondoratze zaharrena da. Andonegi zen bere armadorea. Petracho eta bere ontzi kide Anton portutik irten nahian ari ziren eta lehenak kolpea hartu zuen denboralearen ondorioz. Ez dago oso argi zer gertatu zen, baina uste da arroka bat jo zuela. Patroia azkar saiatu zen berriz ere porturatzen, baina olatu batek itsasontzia astindu zuen eta 8 arrantzale itsasora erori ziren. Hainbatek diotenez, olatu hark patroia bota zuen, eta jarraian beste batek itsasontzira eraman zuen. Bizitzan behin gerta daiteke horrelako zerbait. Guztira 6 arrantzale desagertu ziren. Itsasontzia, ordea, berreskuratu ahal izan zuten eta 1970eko hamarkadara arte arrantzatzen ibili zen.
Lasarte 1977an hondoratu zen eta misterio hutsa da harekin gertatu zena. Lasa armadore ospetsuena zen, eta bakailaoa arrantzatzen aritzen zen. Baina ordurako arrantza mota hori gainbeheran zegoen, eta Bou-ean arrantzatzen zuen Lasartek, hau da, bakarrik. Frantzia inguruan arrantzatzen bazuten ere, denborale baten ondorioz, Kantabria aldera jo zuten. Han, baina, denboraleak berdin-berdin harrapatu zien, eta haien azken mezuan, Santanderren ala San Vicente de la Barqueran sartzen saiatuko zirela zioten. Ez zuten haien berri gehiagorik izan. Hurrengo goizean ontziko materialak kostaldean eta San Vicente de la Barquerako ibaiadarrean agertzen hasi ziren, baita gorpuak ere. Tripulante guztiak hil egin ziren, eta inork ez daki zergatik hondoratu zen; motorraren arazo bat izan zitekeen, edota akats bat.
Ana Maria Palacio: Carreira-rena, kasurik arraro eta gordinena da; 23 metroko altzairuzko itsasontzi berri-berria zen, eta oraindik ere, inork ez daki zer gertatu zitzaien, ezta non dauden ere. 1996ko urtarrilean izan zen hori, eta denok oso gertuko dugu. Gran Sol-eko bidea hartu zuten, eta hilabete inguru eman behar zuten etxetik kanpo. Haien azken mezua urtarrilaren 8an izan zen, hortik aurrera ez dakigu zer gertatu zen. Erresuma Batuko erreskate ontziak hasi ziren Carreira bilatzen eta jarraian, frantsesak eta irlandarrak. Lizentzia bukatzen ari zela, eta haien berririk izan gabe, espainiar erreskate ontziak ere batu zitzaizkien. Oso lan zaila zen, ordea, 46.000 kilometro koadroko eremu bat miatu behar zuten eta. Ahalegin ikaragarriak egin ziren, baina materialaz gain ez zuten ezer topatu. Zamaontzi batek kolpatu zuela uste dute batzuk, baina ez dakigu.
Marero, hondoratu zen azken itsasontzi pasaitarra da, Carreira desagertu eta bi urte eskasera. Oso itsasontzi zahartua zen Marero, egurrezkoa, eta ez zen egokiena denborale gogor bati aurre egiteko. Abendua zenez, bete-betean zegoen Eguberriko kanpaina, eta itsasontzi ugari portutik kanpo zeuden. Halako batean iragarrita zegoen denboralea uste baino lehenago iritsi zen, eta Marero itsasoan harrapatu zuen. Ekaitza benetan bortitza izan zen eta Marerok ezin izan zion aurre egin; ziur asko olatu batek hondoratu zuen 8 arrantzalerekin batera. Carreira-ren kasua gogoan zutela, mobilizazio ikaragarriak izan ziren Pasaian, bilatzen jarraitu zezaten. Azkenean, Landen aurrean topatu zuten. Eragin handia izan zuen Pasaiarengan gertakari horrek.
Bihar, ordea, gai samurragoa jorratuko duzue, Buchenhein ontzia Donostiako Gros hondartzaren parte bihurtu zen.
J.M. 1976ko abenduaren 2an, gaur egun Zurriola hondartzan dagoen lekuan jo zuen lurra Buchenhein-ek, nola ez, denborale baten ondorioz. Eskoziatik zetorren ontzia eta berez, arazo teknikoak zirela medio izan zuen istripua. Hainbatek, ordea, kapitainaren akatsa izan zitekeela uste dute, Urumeako ibaiadarra Kontxako badiaren sarrerarekin nahastu izanagatik.
Nola edo hala saiatu ziren Buchenhain salbatzen, eta bereziki barrua zeraman karga. Irungo Carrillo enpresak itsasontzia erosi zuen, barkua konpontze aldera eta zama saltzeko, baina hutsegite galanta izan zen. Itsasontzia ateratzen ahalegindu ziren bakoitzean, kableak apurtu ziren eta azkenean, hondartzan bertan desegin behar izan zuten. 10 hilabete eman zituen ontzi hark Grosen, eta asko ziren bertara hurbiltzen zirenak, baita sartu ere.
A.M.P. Beste garai batzuk ziren. Zorionez ez zen biktimarik izan, eta horren ondorioz gaia samurragoa da jorratzeko, are gehiago; Buchenhain memoria kolektiboaren parte bihurtu da, baita kulturarena ere, Angel Lermak Buchenhain salbatu filmean prozesu guztia bildu zuen eta. Nahi duenak bihar ikusi ahalko du Trintxerpeko alkateordetzan, 19:00etan.
Azken ekintza hurrengo asteazkenean izango duzue, Antxoko liburutegian, ezta?
J.M. Bai. Gustav trader zamaontzi daniarra izango da protagonista. 1979ko abenduaren 19an Jaizkibelen magalaren kontra jo zuen portuan sartzen ari zela, motorrak huts egin zuen eta. Nola edo hala saiatu ziren atoiontziak Gustav trader salbatzen. Punta Ondartxo atoiontziak beste ontzia bitan lotzea lortu zuten, baina sokek ez zioten tentsioari eusten. Halako batean, olatu batek Punta Ondartxoko bi tripulante, Massimo Petrosa eta Manuel Herrero eraman zituen, biak zendu ziren itota. Gustav trader, bestalde, lurra jo eta zatitu egin zen. Miraria badirudi ere, biziraun egin zuten eta arroketara iristea lortu. Ez dakit nola lortu zuten, baina bi marinelek maldan gora igotzea lortu zuten eta Gure kabia baserrira iritsi ziren. Baserriko jabeek, hasierako ezustekoa gaindituta, laguntza eskaini eta herrian eman zuten abisua. Donibaneko herritarrek dena eman zuten haiei laguntzeko. Hurrengo astean istorioaren pasarte gehiagoren berri emango dugu Antxoko liburutegian, 19:00etatik aurrera.
A.M.P. Hitzaldi hori oso berezia izango da guretzat, Massimo Petrosa eta Manuel Herrero zendutako marinelen familiako kideak bertan izango dira eta. Haientzat oso hunkigarria izan zen norbaitek haien berri eman izana eta historia gorde izana. Ikertzen hasi ginenean, arreta nagusia ontziekikoa zen, ez hainbeste marinelekikoa, batez ere haien ohorea ez urratzeko. Baina ohartu gara, ikerketa ongi eginez gero, erakusketa marinel haientzat oroigarri modukoa dela, eta horrek lasaitasuna ematen diela ingurukoei. Desagertutako marinelen familiek omenalditzat hartu dute erakusketa; ardura handia da.
Urperaketena ez da ikertzeko gai erraza. Nolakoa izan da jendearen erantzuna erakusketarekiko?
A.M.P. Oso pozik gaude bisitarien erantzunarekin. Lan handia izan da eta nekatuta gaude, egia esan, baina ikasitakoa ikusita, merezi du. Sortzaileak bagara ere, hitzaldiak baliatzen ditugu guk jendearengandik ahalik eta informazio gehien biltzeko, nolabait kazetaritza lanetan aritzen gara. Urperaketak ez da kontzeptu hertsi bat, uneoro informazioa gehitzeko prest dago. Horregatik hitzaldien aukera bikaina izaten dira, datu soil batetik ikerketa oso bat abiatzeko.