«Informazio gehiago, ez da informazio hobearen baliokide»
Veltek ‘Nik sinesten dizut’ liburuaren aurkezpena egin zuen asteazkenean Antxon. Bortxaketaren mediatizazioaz hitz egiten du bertan, 2016ko Iruñeko talde bortxaketa oinarri izanda.
2016ko sanferminetako bortxaketak, beste batzuek izan ez duten oihartzuna izan zuen. Zergatik?
Liburuaren abiapuntuetako bat hori da hain zuzen ere; zerk bihurtzen du gertaera nahiko arrunt bat eta zehazki bat, halako ikur? 2016ko Iruñeko sanferminetan bortxaketa gehiago izan ziren eta urte osoan zehar ere ematen dira, baina ez dute kasu hark izan zuen oihartzuna. Hainbat faktoreren ondorio izan zen; nagusia, akaso, mugimendu sozialek eta bereziki mugimendu feministak garatu duen sentsibilizazioa da. Iruñeko talde feministek aldez aurretik lan handia egin zuten indarkeriak har ditzakeen formak identifikatzen, eta horren araberako erantzunak antolatzen. Era berean,azken urteotan sanferminetan parte hartzen duten eragile eta peñekin elkarlanean aritutakoak ziren, eta horri esker eraso sexistekiko sentsibilizazioa handiago zen.
«Mugimendu feministak urteak eman ditu jaietako eragileekin lanean»
Beste faktore bat, testuinguru politikoa izan zen. Iruñeko Udalean agintea zuten indar politikoak gaiari heltzeko gogoz ziren, uste baitzuten gizarte osoari eragiten dion arazoa zela, eta ezin zela ezkutatu.
Liburuan argi banatzen dituzu bi testuinguru politiko: UPNrena, eta aldaketaren laukoarena.
Argi utzi behar da erakundeak ez direla inoiz ezeren abangoardia izango, eta kasu honetan mugimendu feministaren atzean edo parean kokatu behar direla. Baina ukaezina da ezberdina dela erakunde batek ardura bere gain hartu eta indarkeria matxista gizarte osoari eragiten dion arazoa dela publikoki aitortzea, eta horren araberako erantzuna ema-tea. Kasu eredugarri bat salaketak jartzeko guneena da. Udalak ez baditu jartzen, emakumeei salaketak jartzeko bi bide geratzen zaizkie besterik ez: auzitegiak eta polizia; eta jakina da egoera oso beldurgarria izan daitekeela hori. Iruñean guneak areagotzeko apustua egin zuten eta eragina izan du, erasoa jasaten duten emakumeek salaketak egiteko gune babestu bat baitute. Protokoloak ere hobetu dira,eta horren ondorioz erantzunak zuzen eta eraginkorragoak dira. Iruñean urrats horiek eman zituzten, laukoa boterean zela.
Jendearen erantzuna ikusita, UPN ez bezala, Nafarroako sektore sozial kontserbadoreek izaera aldaketa izan dutela uste duzu?
Kasu honen ezaugarrietako bat, sektore kontserbadoreenak ere eskandalizatu direla da, neurri handi batean hedabideek lehen unetik jarri zutelako fokua gaian. Protestetan ikus zitezkeen bi joera: bata feministagoa, kritika soziala oinarri zuena; eta bestea, eskandalizatuena, gertatutakoa onarpen mugetatik harago zegoela uste zuen jendearena. Herritarrak mobilizatzea ongi badago ere, haien kritika nahiko miopea da, garrantzia erasoaren ezaugarri zehatzei ematen diote, irakurketa orokorrik egin gabe. Ondorioz, salbuespenezko esparrura eramaten dute berriz ere indarkeria matxista.
«Protestetan bi joera ikus zitezkeen: bata feministagoa, bestea, eskandalizatuena»
Bestekotasunaren kontra egiten duzu. Askori kostatzen zaie onartzea erasotzailea edonor izan daitekeela, baita hurbileko norbait ere, ezta?
Gure buruarekiko ardurak saihesteko joera dugu; erasotzailea beti da bestea. Beti bilatzen dugu erasotzaile sexuala ezberdin egiten duen ezaugarri hori. Sanferminetako kasuan askok nabarmendu zuten erasotzaileetako bi guardia zibila eta militarra zirela, eta ezin zela beste jarrerarik espero haiengan. Gertutakoari logika bat emateko elementuak bilatzen ditugu, onartu ordez indarkeria gure gizarte sistemaren oinarrian dagoen baliabideetako bat dela, gutxiengo batek bere pribilegioak eusteko duen baliabidea hain zuzen ere. Indarkerian hezten gaituzte. Neskei txikitatik irakasten digute indarkeria horren beldur izan behar garela, eta zentzuz jokatu behar dugula erasorik ez jasateko. Ezin dugu bakarrik korrika egitera joan, ezin dugu ezezagun baten kotxean igo, eta ez zaigu komeni ezarritako arauetatik harago joatea.
«Beti bilatzen dugu erasotzaile sexuala,ezberdin egiten duen ezaugarri hori»
Mutilei, aldiz, indarkeria erakustaldia egin behar dutela irakasten diete, hori baita gizonak gizon izateko modua. Botere harreman berdinetik datoz bi ikuspegiak. Hau guztia barneratzea, ordea, deserosoa da, eta nahiago dugu pentsatzea erasotzailea arrotza dela.
Ez al dute eskuin muturreko korronte politikoek antzeko diskurtsoa erabiltzen?
Bai, eta kezkagarria da. Azken urteotan korronte politiko baztertzaileenak feminismoa instrumentalizatu nahian dabiltza, populismo zigortzailearen alde egiteko. Alegia, ez da kasualitatea horrelako kasu mediatikoetan korronte hauek haien agendan txertatu nahi izatea. Hedabideek erasotzaileak munstro gisa irudikatzen dituzte, gizatasunik gabekoak, aurrekariekin eta gainera egindako erasoak modurik gordinenean irudikatzen dituzte. Gizartea haserre eta itsututa dagoen horretan, eskuin muturrak konponbide zuzen bat eskaintzen dio jendeari, heriotza zigorra. Zenbat eta tripetatik gehiago hitz egin, geroz eta manipulagarriagoak gara. Egoera horretan posible da mugimendu batek manifestazioa deitzea horrelako zigorrak eskatzeko, nahiz eta gizateriaren kontrakoak izan. Zentzugabekoa da horrelako aldarrikapenak feminismoarekin lotzea.
Hedabideek izandako papera ere oso eztabaidagarria izan zen. Zergatik bihurtu zen kasu hau mediatiko eta sentsazionalista?
Bazegoen sanferminak eta eraso sexistak lotzen zituen narratiba bat, eta irudi horrek erakargarritasun handia zuen hedabideentzat, batez ere, 2013ko sanferminetako ukituak zuzenean grabatu zirenetik. 2016ko bortxaketaren kasuan, morbo asko sortzen zuen gaia zen, hasieratik zentzugabeko detaile asko filtratu ziren, non izan zen, nola, zehaztasunak. Datu horiek guztiak ez ditugu behar, batez ere biktimaren eskubideak errespetatze aldera. Baina jarrera politiko batetik ere, ez dugu horrelako datu morbosorik behar bortxaketa zer den jakiteko.
«Ez ditugu datu morbosorik behar bortxaketa bat zer den jakiteko»
Gaia morbosoa zen eta jende asko erakarri zuen, hortik aurrera kliken gerra hasi zen, eta epaiketak iraun zuen bitartean goia jo zuen. Baina kontutan hartu behar da, hedabideek ez zutela baimenik auzia barrutik jarraitzeko. Alde batetik ondo dago, biktima babesteko asmoa dagoelako. Baina bestetik, informazio jarioa interesatuen menpe geratzen da. Bortxatzaileen defentsak, adibidez, bere alde erabili zituen hedabideak. Eta kontutan hartu behar da jendeak berehalakotasuna eskatzen zuela, baina kazetariek ez zuten lehen eskuko informaziorik, beraz, edozein gauza albiste bihurtu zuten, zer zioten erasotzaileen ezagunek eta horrelakoak. Maiz humanizatzen zituzten. Biktimaren jarrera, ordea, etengabe ezbaian jarri zen. Hedabideek etikoak ez diren jokabideak ez badituzte gelditzen, tankera honetako narratibak gailentzen dira.
Nahikoa al da ildo zehatz batekoa izatea? Nola jokatu behar dute komunikalariek?
Edozein datu informazioa ez dela onartzea, abiapuntu ona litzateke. Informazio gehiago, ez da informazio hobearen baliokide. Testuingurua aintzat hartu beharko litzateke eta ez soilik datu morbosoak. Askok euren burua defendatzen dute esanez argitaratutakoa ez dela gezurra. Baina balio digu informazio horrek? Zer ekarpen egiten dio auziari? Arazo nagusia da kazetaritzan oraindik ere genero formakuntza oso gutxi dagoela, eta dagoena, gaizki ulertuta dago. Nire ustez ezinbestekoa da gai honen inguruan minimoen akordio bat lortzea hedabideen artean, denak ez duelako balio.