EH Bildu: "Ongizatea, berdintasuna eta berriztagarriei begirako diru zatiak murrizten ari da gobernu taldea"
Emendakinak aurkeztu dizkio EH Bilduk EAJ eta PSE-EEk osatzen duten gobernuak aurkeztu duen proiektuari. "Emendakinen helburua, lezoarren bizitza hobetzea, eta herritarrak erdigunean jartzea da". Egin duen emendakinen zenbatekoa 300.000 eurokoa da.
2020 urterako 8.840.000 euroko aurrekontu proiektua aurkeztu du gobernu taldeak. Aurrekontu proiektu horren aurrean, kezka azaldu du EH Bilduk. Izan ere, koalizio subiranistaren esanetan lezoarren ongizateari, herritarren ahalduntzeari, genero berdintasunari eta energia berriztagarriei dagozkien diru zatiak murrizten ari dira, “gobernu taldearen hitzetatik haratago, aurrekontuak aztertuz gero azken urteetan hartutako joera mantentzen dutela ikus daiteke”.
Hori ikusita, emendakinak aurkeztu dizkio EH Bilduk EAJ eta PSE-EEk osatzen duten gobernuak aurkeztu duen proiektuari. “Emendakinen helburua, lezoarren bizitza hobetzea, eta herritarrak erdigunean jartzea da”. Egin duen emendakinen zenbatekoa 300.000 eurokoa da eta aurretik aipatutako lau ildo nagusietara bideratu ditu: “Lezoarron ongizatea, herritarren ahalduntzea, genero berdintasuna, eta energia berriztagarriak. lau ildo nagusi horiek ia 280.000 euroko poltsa osatzen dute”.
Gizarte larraildiko laguntzen arloan eta zehazki familiei ematen zaizkien diru laguntzetan gobernu taldearen aurrekontu proiektuaren gaineko %40ko igoera proposatu du EH Bilduk, 10.000 euro gehiago bideratzea; 35.000 euroko diru zatia proposatu dute arlo horretarako. Adin txikiko programei begira berriz, %37,74ko igoera edo 20.000 euro gehiago proposatu ditu koalizio subiranistak, ingurune irekiko programara bideratutakoa litzateke, zehazki, eta guztira 73.000 euroko diru zatia suposatuko luke.
Bazterkeria egoeran edo horretara heltzeko arriskua dutenei begira ere jarri da EH Bildu Gizarte Zerbitzuetako zorroan %99ko igoera planteatuta; baztertuta izateko arriskuan dauden pertsonei begira partida sortzea proposatu du, gainera. 9.900 euro gehiago proposatu ditu gizarte zerbitzuetako zorrorako, 10.000 euro lirateke guztira; eta bazterketa egoeran jausteko arriskuan diren herritarrei begirako partida berrira 25.000 euro bideratzea proposatu du.
Berdintasuna izan da aipatu duen beste arloetako bat eta horretan, aurrekontu proiektuan bildutakoa bikoiztea eskatu du 15.000 euro gehiago bideratuta (orotara 30.000 euroko diru zatia luke arloak). Parte hartze prozesuak sustatzeko berriz %200eko igoera proposatu du, 20.000 euroko igoera (guztira 30.000 euro), eta herritarrek erabakitzeko inbertsioetarako berriz partida sortzea. Azken horretarako, 90.000 euro proposatu ditu.
Energia berriztagarriei begira, argiterian jarri du fokoa EH Bilduk, eta berriztagarrien gaineko azterketa egiteko partida sortzea proposatu du 15.000 euroko diru zatia bideratuta.