Trintxerpek kalean ospatuko du Euskararen Eguna
Abenduaren 3an ospatuko den Euskararen Egunaren harira, egun osoko jaialdia antolatu dute, barrutiaren euskalduntzeari eusteko.
Pasaian euskaraz bizitzea ez da beti erraza, baina posiblea da. Maiz herriko demografia edo ildo politikoak aipatzen dira euskararen erabilera baxuaren arrazoi gisa. Arazoa ordea, herritarren hizkuntza ohiturekin du zerikusia. Hori argi dute Trintxerpen —Pasaiako barruti erdaldunena akaso— eta egoera iraultzeko asmoz, larunbatean barrutian euskaraz normaltasun osoz bizi daitekeela frogatuko dute, baita erdaldun eta euskaldunen arteko bizikidetza posiblea dela ere.
Datorren asteartean, abenduaren 3an Euskararen Eguna ospatuko da eta horren testuingurua baliatuz, egun osoko jaia antolatu dute Trintxerpeko Korkoiburuak, Pasaiako Udalaren Euskara Saila, Trintxerpen Euskaraz, Illunbe Musika elkartea, Illunbe Dantza Taldea, Ekaitza eta Boveda elkarteek. 11:00etatik aurrera, 13 orduz uztartuko dituzte, musika, jolasak, gastronomia, bertsoak eta ekintzailetza soziala.
Korkoiburuek gainera, Pasaiako Udaleko Euskara Sailari eskerrak eman dizkiote publikoki, espazioak lortzeko egindako lanarengatik. Pasaiako Portu Agintaritzak Ziriza Etxeko kudeaketa bere gain hartu zuenetik, herri eragileek ez dute hura erabiltzeko baimenik izan.
Larunbateko jaialdiaren egitaraua.
Azaroak 30, larunbata.
- 11:00-11:30 – Kalejira trikitilariekin Azkuenetik Gudari Plazara.
- 11:30-12:00 – Euskaraldia saretzen kale ekintza.
- 12:00-12:30 – Muxikoak.
- 12:30-13:30 – Haurrentzako eskulanak.
- 12:30-14:30 – Kantujira Trintxerpeko plazetan.
- 14:30-18:00 – Bertso bazkaria: Nerea Ibarzabal eta Joanes Illarregi. Bazkariko tiketak Erdibana Tabernan egongo dira salgai igandea azaroaren 24ra arte. Tiketak 18 euroan izango dira salgai helduentzat eta 8 euroan haurrentzat.
- 17:00-18:30 – Zinema Txikia: Freddy Igeldegi (Alkateordetzan)
- 18:00-22:00 – Erromeria Orots taldearen eskutik.
- 22:00-02:00 – DJ Korkoiburu.
Abenduak 3, asteartea. Euskararen Eguna.
- Haurrentzako jolasak.