Aurrekontuen gainean negoziatzen jarraitzeko asmoa azaldu du PSE-EEk, osoko zuzenketa aurkeztu badu ere
Aurrekontu proiektuarekin desadostasunak dituztela esan du Rodriguezek eta bi marra gorri aipatu, gizarte zerbitzuak eta ingurumena.
Gobernu taldeak aurkeztu duen 2020ko aurrekontuen balorazioa egin eta bere proposamena aurkezteko agerraldia egin du gaur eguerdian alderdi sozialistak. Jose Angel Rodriguez bozeramaileak eta Isaac Palencia zinegotziak azaldu dutenez, ez dute aterik itxi adostasunera heltzeko, oraindik ere akordioa lortzeko denbora dagoela iritzita —datorren asteartean egingo dute ez ohiko plenoa gaia aztertzeko— eta horretarako borondatea azaldu dute. Adostasuna lortzea ezinezkoa balitz osoko zuzenketa aurkeztuko du, “hala ere negoziatzen jarraitzeko borondatea dugu”.
Aurrekontu proiektuarekin desadostasunak dituztela esan du Rodriguezek eta bi marra gorri aipatu, “gizarte zerbitzuak eta ingurumena. Lehenengoan %2,62ko jaitsiera eta bigarrenean %11,51ko jaitsiera egin du gobernu taldeak aurrekontu proposamenean. Ezin dugu onartu bi sail horietan, guretzat ezinbestekoak direnetan murrizketak egitea”. Klima larrialdiaren inguruko adierazpena onartu zuela plenoak duela bi hilabete eta ulergaitza dela indarrak bikoiztu beharrean, murrizketak egitea gaineratu du Rodriguezek, “ezin da ulertu 2020ko aurrekontu proiektu horretan hondakinen prebentziorako zegoen 250.000 euroko diru zatia ezabatzea”. Garapenerako kooperazioan Errenteriako Udalak %0,7 inbertitzea ere ezinbestekotzat jo du alderdi sozialistak, “agintaldian zehar helburu horretara iristea beharrezkoa iruditzen zaigu, eta 2020rako izoztua jarraitzen du aurrekontu proiektuan. 2011tik dago izoztuta, eta 2018an 30.000 euroan murriztu zuten”. Gaiaren gainean mozioa aurkeztuko duela datorren hileko ohiko plenoan jakinarazi du Rodriguezek.
Adostasuna lortzetik urruntzen dituzten beste murrizketa batzuk ere aipatu ditu alderdi sozialistaren bozeramaileak: “Asfaltatze lanetarako erdira murriztu da aurrekontua, 200.000 eurotik 100.000 eurora pasata. Horrekin batera, ez ditugu hainbat inbertsio eta proiektu partekatzen”. Horien barruan, Itzulia Basque Countryren etapa bat hartzea Errenteriak, edo 2025eko plan estrategikoa egiteko parte hartze prozesua egiteko diru zatia aurreikusi du gobernu taldeak, “ez da Itzulia ez zaigula gustatzen. baina kontuan hartzen badugu bizilagunek dituzten beharrak, behar sozialak, uste dugu lehentasuna bigarren horiek direla”.
Palenciak aletu du alderdi sozialistak gobernu taldearekin adostasuna lortzeko proposatu duen proiektua, “planteatutako murrizketak ezabatzea, beharrezkoak iruditzen zitzaizkigun diru zatiak txertatzea eta gure ustez heobetu beharreko hainbat eremuren gaineko inbertsioak jaso ditugu horretan”. Proposamenaren oinarriak, ondokoak: gizarte zerbitzuak,. ingurumena, garapenerako kooperazioa, enplegu planak ugaritzea, tokiko segurtasun plana, kaleak asfaltatzea, paddel pistak estaltzea eta Galtzarabordako Urdaburu parkean, Sorgintxuloko igogailuan, Beraungo irisgarritasuna, san markorako igoera eta Versalleserako igoeran urgentziazko interbentzioak egitea.
Gaur gaurkoz akordioa erdiestea ezinezkoa izan dela esan dute Rodriguezek eta Palenciak “baina aurrera urratsak egin ditugu, eta gobernu taldaren aldetik borondatea eta jarrera aldatu dela esan beharra dago aurreko agintaldiarekin alderatuta eta hori eskertzekoa da. Gure proposamena jaso eta eztabaidatzeko aukera izan dugu”. Akordiorik gabe osoko zuzenketa aurkeztu du PSE-EEk, “hala ere denbora gelditzen da eta azken minutura arte, datorren asteartera arte prest gaude negoziatu eta adosteko aurrekontua”