Pasaian egingo du hurrengo geldialdia, 'Ur Handitan' saioak
Xabier Madariagak gidatutako saioak etenaldia egin du Pasaian, herriak portuarekin duen harremana gertutik ezagutzeko.
Herri gutxik dute Pasaiak duen harremana bere portuarekin. Pasaitar askorentzat ezezaguna den mundu hori nolakoa den jakiteko etorri da Xabier Madariaga aurkezlea Pasaiara. Herriak duen izaera berezia eta portuak bertan duen pisua aintzat izango ditu, ETB 1eko Ur Handitan saioko Portua Bizilagun kapituluak.
Pasaia lau arima dituen udalerria da, barruti bakoitzak nortasun propioa baitu. Denei eragiten die portuak, —onerako zein txarrerako— baina bakoitzari modu ezberdinean. Zama ontziei maniobrak edota arrantzaren mundua zuzenean ikusiko ditu Madariagak.
Ontzi eta eraikinez gain lau barrutietako hainbat hiritarrekin hitz egingo du aurkezleak, portuarekin duten harremana ezagutzeko. Zamaketarien jardunaz hitz egingo du Eneko Sistiaga sanjuandarrarekin eta herri bereko Serafina Puyrekin ikuspegi historikoa jorratuko du.
Gazteen iritzia aintzat hartzeko San Pedroko Xabier Isasa eta Joseba Otxoarekin bilduko da begi-haundi tabernan eta Garbiñe Izagirreren eskutik Trintxerpen murgilduko da, 70. eta 80. hamarkadetako arrantza krisiaren berri izateko.
Antxon, portuari lotutako famili baten ikuspegia jasoko du Madariagak. Javier Esnaolaren anai eta aitaren lantokia izanik, bertako langile eta makina artean hazi zen. Esnaolak gainera, Luzuriagaren itxieraren harira, barrutiak bizi izan duen aldaketa azalduko du.
Portua Bizilagun, Pasaiako Badiaren atmosfera, astearte gauean 22:00etan ETB1en ikusgai.