Pello Jauregi: «Euskaraz hitz egiteko ilusioa berreskuratu dugu»
Kuadrillategi egitasmoa sortu zuen 2004an EHU-ko irakasleak, euskararen erabilerari bultzada emateko. Orain, ordea, Euskaraldiaren ikerketa zuzendari gisa aritu da pasaitarra: «Pertsona batzuen ohiturak aldatu dira».
Euskaraldiaren olatuak gogor jo zuen iaz Oarso Bidasoan ere. Zer nolako arrastoa utzi du?
Hemen ere arrasto asko utzi ditu, era ezberdinetakoak. Erabilera aldetik Euskaraldian jendea saiatu egin zen, jende askok benetako ahalegina egin zuen. Gero, herritarrengan zerbait gelditu dela esango nuke, agian aldaketa ez da ikaragarria izan, baina pertsona batzuen ohiturak aldatu egin dira. Nahiz eta aldaketa txikiak gelditu, horiek oso esanguratsuak dira, ohitura kontuetan zailena lehen pausua ematea izaten baita. Hizkuntza ohiturak erabat aldatzea prozesu luze bat da, patxadarekin hartu beharrekoa.
Ohitura horiek mantentzea da gakoa, hortaz.
Hori da. Egia da zerbait mantendu dela. Nolabait esatearren, Euskaraldian zehar 20 puntuko igoera izan zuen euskararen erabilerak, eta gerora, %5-6an mantendu da. Imajinatu: bi urtean behin bost puntuko igoera izango bagenu, erabileraren arazoa berehala konponduko genuke. Gauza beroa dagoenean jendeak gora egiten du, baina gero gauzak bere horretara bueltatzen dira. Bost-sei puntuko igoera asko da, modu soziologikoan begiratuta, etorkizun oparoa izan dezake. Beste pertsona batekin euskaraz hasten da bat, eta hori beste batekin, eta pixkanaka sare sendoa osatzen dugu. Ondo abiatu da prozesua.
Mantendu arren, bada oraindik zer hobetu. Nola?
Asko dago hobetzeko. Baina kontua da horretarako bide bat irekitzea, eta azkeneko urteetan desilusionatuta ginen aurrerapenik ikusten ez genuelako. Uste dut Euskaraldiak utzi duen beste arrastoetako bat ilusioa izan dela, berreskuratu dugu euskaraz aritzeko ilusio hori. Emaitzak ikusita, orain ikusten dugu badugula tresna bat laguntzen diguna poliki-poliki aurrera egiten.
Euskaraldian egon daiteke giltzarrietako bat?
Euskaraldiak gako batzuk ukitu ditu, giltzarri batzuk. Mugimendu kolektibo bat sortu dugu. Hizkuntza ohiturak aldatzea askotan kontzientzia kontu bezala ulertzen da. ‘Zuk egin nahi baduzu aurrera, egin’. Baina gauzak modu kolektiboan egin behar dira. Ez da norberaren kabuz egin beharreko zerbait, azkenean kaleko inertzia horiek jan egiten gaituztelako. Denek batera talde moduan eman behar dugu kolpe hori, tribu sentitu.
Gazteenak dira gehien egiten dutenak. Halere, hauen artean gaztelania da nagusi. Nola lortu hauentzako arnasgunerik?
Hor ur jauzi efektu bat dago. Gazteenek salbatu dute euskara, baina helduek delegatu egin dute, ematen du haurren edo gaztetxoen kontua dela, eta ez gurea. Haurrak helduei begira daude, eta gaztelaniaz eginez gero, eredu hori jarraitzen dute. Helduen erabilera igoz gero, gazteek ikusiko dute lan egiteko euskara behar dela adibidez, beharrezkoa izango dela esparru askotan. Datozen belaunaldiei erakutsi behar diegu haiek ere anima daitezen. Horregatik 16 urtean jarri genuen muga Euskaraldian, gazteei nolabait inbidia sortu nahian, zirikatzeko.
Bitarte horretan, nola sortu hauengan ilusio hori?
Kuadrillategin aurkituko dute, adibidez. Oso entrenamendu ona da Euskaraldirako. Esan daiteke Euskaraldi txiki bat dela, entrenamendu bat Euskaraldi handirako. Sintonia berean daude. Gero ohitura hori kalera eraman behar dute gazteek, kuadrilletan ere euskaraz egiteko. Hor dago gakoa.