Gazteak erdigunera
Eskubidean proiektuak ahotsa eman die Pasaiako gazteei. Ahotsa eta hitza izango dute hemendik aurrera. Herria hobetzeko proposamenak Antxora eraman zituzten Pasaiako ikastetxeetako ikasleek.
Agerikoa badirudi ere, nekez bultzatu daitezke gazteei zuzendutako —eta ondorioz etorkizunari zuzendutako— politikak gazteak aintzat hartu gabe. Aintzat hartzea, ordea, ez da soilik gazteen beharretan pentsatzea, baizik eta gazteei haien beharrak gauzatzeko tresnak ematea. Betiko paternalismoa alde batera utzi eta gazteengan konfiantza erakustea; funtsean subjektu politiko gisa tratatuak izatea.
Hori da hain zuzen ere Pasaiako Udalak herriko beste hainbat eragileekin batera egin nahi duena. Etorkizunean gazte aktibo eta parte hartzaile izan daitezen, beharrezkoa da gaztetatik gizartearekiko ardurak haien gain hartzea. Hausnarketa horretatik tiraka, Pasaian BiziHezi Eskubidean herri egitasmoa programa sortu dute. Gazteak erdigunean jarriko dituzte azpian jarri ordez. Egitasmo kolektiboa da gainera, Pasaiako Udala bultzatzaileetako bat da besterik ez. Eskubidean proiektuak aurrera egiteko,haiekin harremana duten eragile guztien konpromisoa beharrezkoa da, familiena, kultur eta kirol elkarteena, udal zerbitzuetako hezitzaileena eta zer esanik ez, ikastetxeena.
Pasaiako Karmengo Ama, Anunciata eta Pasaia-Lezo Lizeoak hausnarketarekin bat egin eta gazteen autonomia eskoletatik bultzatzeko konpromisoa hartu dute. Gazteen parte hartzea eta herriarekiko interesa sustatzeko asmoz, herrigintzan aritzeko aukera eskaini diete; nola? Herria hobetzeko proposamenak elkarrekin landuz eta garatuz.
Ikasleen topaketa
Hilabeteak eman dituzte haien hausnarketa propioak egiten,herritar guztien, eta bereziki gazteen ongizateari begira. Gogor eta seriotasunez lan egin ondoren, proposamen sorta ikaragarria eraman zuten azaroaren 22an Pasai Antxon egindako topaketara hiru ikastetxeetako ikasleek. Gaztetxoak izanagatik ere, zentzuzko eta zuhurtzi handiko proposamenak egin zituzten hainbat tailerretan; generoari, kirolari, gure hitza entzuni, zineari, tailerrei, eta ekologiari lotutakoak besteak beste, zenbait heldu zur eta lur utzita.
Antxoko topaketan konpromiso handia erakutsi zuten eta alai parte hartu zuten ekintzetan LH eta DBHko gazteek, egitasmoaren helburua lortuz. Heldu askok ez bezala, gazteek herriaz kezkatzen direla frogatu zuten. Gainera, plan bikaina izan zen goiza klaseetatik kanpo eta lagun artean pasatzeko.
Gazteak hiritar sentitzea da Eskubidean proiektuaren helburu nagusia
Gazteekiko harremanetan, luzaz bertikaltasuna izan da irizpide nagusia. Erakunde jakin batek, ikastetxeek edota elkarteek erabaki izan dute zer den gazteek behar dutena eta nola jokatu be-har duten. Agerikoa da gazte as-kok ez dutela interes handirik erakusten, eta tarte labur baten ondoren, bultzatutako neurriek indarra galtzen dutela. Eta hein batean zentzuzkoa da; haiek diseinatu ez duten prozesu baten parte izatea eskatzen baitzaie.
Egoera hori iraultzeko asmoz, eragileekin elkarlanean gazteek prozesu guztietan parte hartzea bermatu nahi dute. Eskubidean proiektua ekimen kolektiboa da. Bertikaltasunari uko egin, eta sare zirkularraren alde egiten du, zeinetan gazteak erdigunean izango diren. Bizitzan topatuko dituzten zailtasunez jabetzeko modua dela uste du Ibai Saavedra Pasaiako Udaleko Kirol teknikariak, «proposamen ugari egin ditzakete, baina azkar ohartzen dira denak ez direla bideragarriak eta dena ez dagoela haien esku. Emaitzak, lanaren eta antolaketaren bitartez iristen direla ulertzen dute».
Gazteei hitza ematea, gainera, ikasketa prozesu autonomo bat bultzatzearen baliokide da, hausnarketa propioak egiten baitituzte; iturri gehiago eskatuz, ura publikoki eskaintzearen garrantziaz ohartzen dira; baina baita ur zerbitzuak zentzuz kudeatzeak duen garrantziaz ere. Kalean wifia eskatuz, teknologia berrien demokratizazioaz ari dira; baina Interneten jarrera arduratsuak sustatzeaz kezkatu behar dira ere bai.
Gazteak erdigunean jarriz, gizarte osoan eragiten ari direla dio Iyuya Urrutia udaleko Haur eta Nerabeen Eskubideen teknikariak, «gazteei hitza emanez hiritar kritikoak sortzen dira, eta horrek eragin zuzena izango du hurrengo belaunaldien gizartearen bilakaeran». Eskubidean proiektua «harro egoteko modukoa» dela diote bi teknikariek, Euskal Herrian ez baita horrelakorik bultzatu beste inon. Ez da erronka makala izango, baina herriko eragile guztiekin elkarlanean lor dezaketela uste dute.
Txikiak izan arren, amets handiak dituzte gazteek
Gazteak dira, baina haiek argi dute; herrigintzari dagokionez asko dute esateko eta egiteko Pasaiako gazteek. Pozik bezain serio hartu dute Eskubidean proiektuak emandako aukera: elkarlanaren bitartez, herriari eragiten dioten hainbat prozesutan parte hartzearena, alegia.
Hainbat hilabetez klasean landuak izan ondoren, Antxora eraman zituzten euren asmoak Karmengo Ama, Pasaia-Lezo Lizeoa eta Anunciatako ikasleek, elkarrekin partekatzeko. Elene, Udane eta Iara Lizeoko DBHko ikasleek Gure hitza entzun proiektuan hartzen dute parte. Lehen aldiz, «goian dauden eragileek» gazteen ahotsa entzuten dutela nabarmendu dute, «orain arte lekuz kanpo sentitu gara. Baina orain badugu modu bat gure arazo eta kezkak helarazteko». Herrian zaborrontziak falta direla sumatu dute, eta Donibanen ez direla iturri gehiago behar, baizik eta daudenak behar bezala zaindu behar direla: «Iturriak badaude, baina ur gehiegi ematen dute, edo zuzenean, ez dute urik ematen». Horiez gain, gune ilunak argiztatzeko eta parkeak hobetzeko proposamenak egin dituzte. Bistan da, kasu egitekotan gazteek badituztela herrian eragiteko ideia positiboak. Gainera, Eskubidean proiektuak Pasaiako beste barrutiak hobeto ezagutzeko aukera eman diela azaldu dute, «izaera berezia du Pasaiak, eta normalean norberaren barrutira mugatzen gara. Baina proiektu honi esker barruti bakoitzak eskaintzen dituen zerbitzuak ezagutu ditugu, baita barruti bakoitzak dituen arazoak ere».
Gaizka, Markel eta Eider Karmengo Amako ikasleek jarrera arduratsua dute Pasaiarekiko. Gazteei eragiten dieten gaietan, euren parte hartzea guztiz beharrezkoa dela iritzi dute hirurek, «herrian jolas-parke berri bategiteko proiektua esleitzen bada, funtsezkoa da gure ahotsa aintzat hartzea; azken finean gu izango gara parke horien erabiltzaile nagusiak. Gure beharrak ezagutzen ditugu». Hala ere, gaztarotik harago joan behar du-tela badakite, eta hainbat proposamen populazio osoari lotutakoak dira, adibidez, ingurumenarekin zerikusia dutenak: «Ibaietako ertzak garbi mantentzeko neurriak ekarri ditugu gurekin». Ilusio handiz ekin diote lanari, eta espero dute ekimenak jarraipena izatea, «Eskubidean proiektua geroz eta indar handiagoa izatea nahiko genuke», adierazi du Karmengo Amako hirukoteak.
Anunciatan ikasten dute Ekiñe eta Aresek. LHko ikasleak dira biak, baina dagoeneko badakite proposamenak eginez, haur, gazte eta nerabeen eskubideen defentsa egiten ari direla. Haien iritziz, Pasaiako Udalak gazteak entzun ahal izateko, iradokizunak bidaltzeko sistema baten beharra dago. Hori dela eta, iradokizun horiek jasotzea izan dute helburu, «herriko hainbat tokitan buzoiak jarriko ditugu, nahi duenak bertan bere kezka eta proposamenak sar ditzan. Betetzen denean, udaletxera eraman ahalko lirateke zuzenean». Antxon dagoeneko jarri dituzte hainbat buzoi,esaterako, Txema gozoki dendan eta Gaztelekuan.
Ikastetxean hasitakoak etorkizunari eragingo diolako
Ikastetxeak dira, ziur asko, gura-soekin batera, ikasleen egunerokotasunean pisu gehien duten eragileak, eta gazteak erdigunean jartzeko paper garrantzitsua dute. Eskubidean proiektuaren berri izan bezain laster, Pasaiako hiru ikastetxeek, Pasaia-Lezo Lizeoak, Anunciatak eta Karmengo Amak, harekin bat egin zuten.
«Udalaren bitartez izan ge-nuen Eskubidean proiektuaren berri, eta gazteen garapenean eragiteko egitasmo oso interesgarria iruditu zitzaigun. Poliki poliki eta elkarlanean gazteek egun dituzten behar nagusiak eta dinamikak identifikatu ditugu», adierazi du Itsaso Elustondok, Pasaia-Lezo Lizeoko DBH-ko orientatzaileak.
Aurreiritziak alde batera utzi eta gazteengan konfiantza handiagoa izan behar dela uste du Karmengo Amako zuzendari Junkal Olaizolak: «Proiektuak egokia dela erakutsi du. Gazteei entzutea beharrezkoa da; ez soilik nerabeei, baita txikiagoak diren haurrei ere. Nahikoa da haien proposamenei kasu egitea, zentzuzko gauzak esaten dituztela ikusteko». Esku artean dutena garrantzia handiko proiektua dela argi du zuzendariak, etorkizuneko hiritarrekin ari baitira lanean.
Protagonisten artean, hau da, gazteen artean izandako arrakasta agerikoa da, gustura parte hartzen baitute proposatutako ekintzetan, «haien iritzia eman eta emaitzak eman ditzakeela ikusten ari dira, eta ondorioz, geroz eta ekarpen gehiago egin nahi dituzte», azaldu du Muni Alarburu Anunciata ikastetxeko koordinatzaileak.
Garrantzitsuena, ordea, pro-posamen eta ondorioen artean dagoena da, prozesua bera. Hori da gakoetako bat Itsaso Elustondoren ustez, gazteak prozesuan parte hartzeko prest daudela.Gakoa ez da zer behar duten, bai-zik eta zergatik eta nola lortuko duten helburua.