Lezoko PSE-EEren arabera, udal aurrekontu berriak herritarren beharrei erantzungo die
Ostegunean onartu zituen Lezoko udalbatzak 2020ko aurrekontuak, gobernu taldearen (EAJ eta PSE-EE) aldeko botoekin, eta EH Bilduren kontrakoekin. Lezoko PSE-EEk 2020rako udal kontuen irakurketa egin du, oinarrian jarriz onartutakoak herritarren beharrei erantzuteko kontuak direla. “Albiste ezin hobea da aurrekontuak aurrera atera izana”, esan du PSE-EEren udal taldeak.
Sozialisten arabera, onartutako aurrekontuekin jarraipena emango diete egun martxan dituzten egitasmoei, eta aurrera begirakoetarako oinarri izango dira. “Herri atseginagoa eta irisgarriagoa eskaintzea dute asmo aurrekontuek”, esan du Jose Angel Sanchez PSE-EEren udaleko bozeramaileak, “behar diren azpiegiturak sortuz, herritarren ongizatea bermatuz, ingurumena zainduz, euskara eta kultura bultzatuz, genero berdintasunean sakonduz, administrazioaren modernizazioan eraginez, eta enpleguan eta tokiko ekonomian ardura jarriz”. Aurrekontuen oreka nabarmendu du Sanchezek, “gainera, herriaren errealitateari erantzuten diote”.
Sanchezek nabarmendu du udal zerga eta tasa gehienek bost urte daramatela igoerarik gabe, baina hala ere, zorrik gabe ekingo dietela, adibidez, herrietako plaza eta kaleetan egin nahi dituzten inbertsioei, nahiz Ijurkon egin nahi den kaleko igogailuaren egitasmoari.
Aurrekontuen berritasunetan sakondu du Sanchezek. Esan duenez, Ingurumen Sailean %50eko igoera izan da, eta udalaren modernizazio eta aurrerapen teknologikoan 175.000 euroko inbertsioa egingo dela. “Aurrekontu honek lezoarrei aukera berriak emango dizkie”, ziurtatu du sozialisten eledunak.