Aurrekontuak onartuta, adostasunaren bidean aurrera urratsak eginda
Gobernu taldeak aurkeztutako aurrekontu proiektuak egin du aurrera, azken horrek eta PSE-EEk transakzionatutako emendakina txertatuta.
Aurrekontuen gaineko eztabaida izan zuen mahai gainean udalbatzak atzoko saioan. Hiru proposamen mahai gainean, bost minutuko etenaldia, eta ohikoa baina eztabaida lasaiagoa izan ziren atzoko saioaren ezaugarri nagusiak. Gobernu taldea osatzen duten EH Bildu eta Elkarrekin Errenteriak aurkeztutako aurrekontuek aurrera egin zuten, baina tartean, PSE-EErekin transakzionatutako emendakinaren harira moldaketa batzuk eginda. Ez zuten lortu atzoko saioan Ordenantza Fiskalekin lortutako adostasuna —aho batez onartu zituzten horiek— baina bide horretan urrats bat aurrera egin zutela esan daiteke gobernu taldea eta PSE-EEri dagokionean. Azken horrek, osoko zuzenketa aurkeztu zuen, baina bertan behera utzi zuen asmo hori transakzionatutako emendakina aurkezterakoan.
Bestaldean, EAJ. Hiru zinegotziak bakarrik gelditu ziren eta aurkeztu zituzten hamahiru emendakinek ez zuten aurrera egin. Argazkia ez ohikoa orain gutxi arte, baina azken aldian badirudi beste arlo batzuetan urratutako akordioetarako bidea zabaldu dela udal politiketan ere.
Udal gobernu taldeak aurrekontu proiektu bat aurkeztu eta mahai gainean jarri zuela azaldu zuen Garazi Lopez de Etxezarreta Ogasun zinegotziak, “publiko egin genuen proiektu hori eta aldi berean oposizioko bi taldeei aurkezten saiatu gara. Hilabete luzea pasa da lehenengo proposamena mahai gainean jarri genuenetik eta negoziazioak egiteko aukera egon da”. Negoziazio horietan adostu dute emendakina transakzionala gobernu taldeak eta alderdi sozialistak. 320.000 euroko kopuru bat du emendakin horrek, baina diru kontuez harago doan akordioa sinatu dutela azaldu zuen.
Akordioa gora behera, gobernu taldeak aurkeztutako proiektua bere horretan mantenduko da Ogasun zinegotziaren hitzetan, ” ez da ezer erori” doiketa batzuk egin badituzte ere diru zati batzuetan: “320.000 euro horiek aurrekontuaren %0,006 suposatzen dute, baina batez ere, mahai gainean jarri ditugu denok konpartitu genitzakeen proposamen eta ideiak osatu zezaketenak hoberako gobernu taldearen aurrekontu proiektua; ezer erori gabe, ezer gehiegi mugitu gabe txertatu ahal izan ditugu eta horri esker akordio batera iritsi. Garrantzitsuena, sentsibilitate ezberdinek izan ditzaketen kezka eta begirada horiek, ahal den neurrian, dokumentu bakarrean jasotzeko saiakera; zinez horri bere garrantzia ematen diogu”.
Hainbat arlotan, aurrekontu proiektuan jaitsierak izan direla esan dutenei erantzun zien ondoren Ogasun zinegotziak. Aurrekontua aztertzeko garaian garrantzitsua dela beste begirada bat ematea nabarmendu zuen, “ez soilik gastu orokorrari arloka erreparatzea, baizik eta arlo bati egozten dizkiogun gastu eta programa guztiak, horiei esker egiten ditugulako politika publikoak. Sail bakoitzari gehitzen dizkiogun pertsonal gastuak eta inbertsioak kontuan izan behar dira, horrek ematen digulako askoz ere argazki errealagoa ulertzeko zein den sail bakoitzaren pisu espezifikoa aurrekontuaren osotasunean”. Halaber, jabearazten dituela, udalean lan egiten duten pertsona guztiei esker ere ari direla politika publikoak aurrera eramaten gaineratu zuen, “igoera eta jaitsiera logika hori edo irakurketa sinplista bat eginez ez dugu argazki erabateko erreala izaten”.
Gizarte zerbitzuetan diru zatia jaitsi dela esaten duen diskurtsoa ez dela egia esan zuen horren harira: “Gizarte zerbitzuek sei miloi pasatxoko aurrekontua dute, iazkoarekin alderatuta %4ko igoera izan dute. Argi uztea garrantzitsua da”. Ingurumen arloak jaitsiera izan duela 2020 aurrekontuan dioen diskurtsoa ere biluzi zuen Lopez de Etxezarretak. “Ingurumenean 3.335.000 euroko aurrekontua aurreikusi dugu, jaitsiera aurreko urtekoarekin alderatuta 172.000 eurokoa da, eta hori da hain zuzen ere led argiterian izandako jaitsiera; jaitsiera egon bai baina, erabat justifikatua, inbertsio logikak ez direlako beti mantentzen; argiak jarri ahala gutxiago delako beharra baita horretara bideratutako aurrekontua”.
Kulturak %5eko igoera izan duela nabarmendu zuen, eta horrek orain zortzi urte abiatutako bidea sendotzen duela, “kultura aukera da herritarren kohesioa, herritarren bizimodua eta herria bera hobetzeko, eta apustu hori mantentzen dugu aurrekontuan”. Parte hartzeari ere egin zion erreferentzia, “datorren urtea hausnarketarako urtea izango da eta garrantzitsua da gure herriko etorkizuna marrazten lagunduko digulako; 109.00 euro ditugu etorkizuna definitzen laguntzeko, prozesu garrantzitsu bat egiteko erabiliko dugu, plan estrategikoa berritu eta elikatzeko, baita HAPOA berrizteko ere”.
Igogailuak, aparkalekuak, eta kirol instalazioak hobetzea jaso dutela inbertsioen barruan nabarmendu zuen, bestalde, “Beraungo kirol ekipamendua berritzen ari gara eta diru zati garrantzitsua dago; hezkuntzan, berriz, Markola eraikinean irisgarritasuna eta berrikuntza arloan hobekuntza egiteko diru zatia dago, eta Ondartxoko hiltegian abiatutako prozesuarekin segituko dugu”.
Akordiora heltzeko erakutsitako borondate politikoari egin zion erreferentzia Collarrek, “garrantzitsua dena Errenteria hobeagoa egiteko. Eredu ezberdinak ditugun arrean, akordiora heltzeko gaitasuna izan dugu”.
Harridura. hori izan zen ezaugarri nagusia EAJko zinegotzien artean atzoko saioan. Eli Murua EAJko zinegotziak PSE-EEren jarrera ezin zuela ulertu esan zuen: “Gizarte zerbitzuetako diru zatia murriztu egin dela esan duzue eta transakzionatutako emendakinarekin 100.000 euroan murriztu da pisu tutelatuetarako diru zatia eta 40.000 euroan soilik igo politika sozialen aurrekontua, beraz ezin dugu ulertu emendakin hori eta zuek babestea. Garrantzitsuak zirela esan duzuen kontu batzuk ez dira lotu emendakin horietan eta soberakinekin egiteko aukera bildu duzue, baina ez da konpromisorik; 700. urteurreneko aurrekontua 30.000 euroan murriztu da transakzionatuan, eta uste dugu garrantzitsua dela dirua bideratzea gai horri”.
Isaac Palenciak hartu zuen hitza alderdi sozialistaren izenean. Negoziatzen saiatu direla beharrezkoak ziren diru zatiak txertatzeko esan zuen alderdi sozialistako zinegotziak eta transakzionatutako emendakinak PSE-EEren hasierako espektatibak %100ean betetzen ez dituela aitortuta, aurrekontua hobetzen duela uste dutela azaldu zuen: “Langabezian dauden pertsona gehiagoren beharrei erantzuteko aukera izango du udalak, eta urgentziazko konponketa eskatzen duten eremuak konpontzeko aukera emango du”.
Adostutako transakzionala gizarte zerbitzuei eta ingurumen arloei eragingo die. Honakoak dira zehazki transakzionatutako emendakinaren harira txartatu dituzten aldaketak: Adikzio ez kimikoen prebentziorako 20.000 euro; pobrezia energetikoaren diagnostikoa egiteko 15.000 euro; enplegu planetara, 50.000 euro; hirugarren adinekoen bakardadearen prebentziora, 20.000 euro; eraikinetan led argia jartzeko 56.000 euro; klima aldaketa egokitzapen planaren garapenerako 50.000 euro; hondakinen kudeaketaren prebentzioan 48.000 euro; hondakinen kudeaketaren prebentzioaren inguruko sentsibilizazio ekintzetara 52.000 euro.
Erremanenterako proposamena bildu dute emendakinean gainera. Horren barruan, auzoetan hainbat obra eta lan egitea adostu dute: Galtzarabordako parkeko pergola birgaitzea; Sorgintxulo kaleko igogailua egokitzea; Irisgarritasun azterketa egitea Aita Donostia eta Maurice Ravel kaleetan; kale asfaltatzea; Kaputxinogaina kalearen oinezkoen zatia konpontzea.
Halaber, elkarlanerako konpromisoa egin dute halaber, lehentasunezko jotzen dituzten hainbat gaien gainean: Gizarte Zerbitzuetako kartera eta mapa garatzea; hirugarren sektorean diru laguntza izendunak sortzeko hausnarketa abiatzea; agintaldian zehar lankidetza garapenerako diru laguntzetan %0,7ra iristea; diru laguntza izendun eta ohikoetako irizpide, epe eta balorazioen inguruko hausnarketa egitea.
Aurrera egin duena gobernu taldeak hasieran egindako aurrekontu proiektua dela esan zuen Lopez de Ertxezarretak, “adostasun honi esker bide bat egin dugu elkarlanean eta gauza batzuk hobetu dira”. Irakurketa partzial edo interesatuek ez dutela errealitatea den modukoa erakusten esan zuen berriz ere, “hori da politikak hainbestetan egiten duena. Oro har, oso positiboa da, hilabete izan dugulako lanketa egiteko eta nahi izan duenak aukera izan du mahai gainean proposamena jarri eta adostasunera heltzeko. Zinez pozten naiz, ohartu naizelako, EAJk aurkeztu dituen emendakin gehienak aurrekontuan daudelako, transakzionatuan daude edo egiten ari gara dagoeneko, eta horrek sintonian gaudela denak erakusten du”.
Elkarlanerako bideak mantentzea garrantzitsutzat jo zuen azkenik,”konpromisoak hartzea elkarrizketa presente egon dadin beti garrantzitsua da, onura baino ez dakar. Sinistuta gaude egiten dugun politikarekin, gure aurrekontu proiektua hor dago, aurrera aterako da, eta bidean, adostasunean, hobekuntzak egin izana oso berri ona da”.
EAJren emendakinean bozkatu zituzten banan bana lehenik eta jeltzaleen babesa baino ez zuten jaso; ondoren EH Bilduk, Elkarrrekin Errenteriak eta alderdi sozialistak transakzionatutako emendakina bozkatu zuten, eta hiru alderdien aleko botoa eta EAJko hiru zinegotzien kontrakoa jaso zuen. Azkenik, gobernu taldearen aurrekontu proiektua bozkatu zuten eta horrek EH Bildu eta Elkarrekin Errenteriako zinegotzien babesa jaso zuen; PSE-EEk abstentzioaren alde egin zuen eta EAJk kontra bozkatu zuen.