Ostegunean piztuko dute Lezoko Gabonetako argiteria
Lehenengoz, ekitaldia egingo dute argiak pizteko: Aitor Bordako presidenteak zapalduko du argiak pizteko botoitxoa.
Ostegunetik (hilaren 5etik) kolore, edo argi berezia bai behintzat, izango dute Lezoko kaleek. Lezoko Udalak jakinarazi du osteguneko 18:00etan piztuko direla Eguberrietako argi apaingarriak. Aurten, lehenengoz, horiek pizteko ekitaldia egingo dute Gurutze Santuaren plazan.
Argiak pizteko botoitxoa nork zapalduko duen ere jakinarazi du udalak: Aitor Bordako presidenteak izango du ardura hori. Izan ere, udalaren asmoa da urtero-urtero herriko eragile edo elkarte bateko ordezkariek ematea hasiera argiztapen aro bereziari.
Behin argiak martxan, 20:00etan, Jaixkipe txarangak herriko kaleak alaitzeko kalejira egingo du.
Argi apaingarriak herriko hainbat kale eta tokitan jarri dituzte, tartean hainbat zuhaitz, kale argi, edo udaletxean. Aldi berean, udaletxearen atarian ez da faltako Eguberrietako zuhaitza.
Erosketak, Lezon
Udalak, bestalde, lezoarrei gonbita egin die Eguberrietako erosketak herrian egin ditzaten eskatu die. Garaia bertako saltokientzat berezia izaten da, eta udalak nabarmendu du, tokiko komertzioak bizia ematen dietela Lezoko kaleei Eguberrietan, baita urte osoan ere. “Horregatik”, zehaztu du udalak, “kale argiztapenaren bitartez herritarrei bertako saltokietan kontsumitzeko deia egin nahi diegu, tokiko merkataritzaren kontzientzia har dezaten, guztioi baitagokigu bertakoa, tokikoa babestea eta zaintzea.