'Badia agerian uztera' deitu du Pasaiako EH Bilduk biharko
Abenduaren 6an euskal herritarrek ez dutela deus ospatzeko adierazi du koalizio abertzaleak. Horren ordez Pasaiari buruz gehiago jakiteko aukera emango diete herritarrei, badia oinarri hartuta.
Bihar abenduaren 6a izango da, Espainiar Estatuko Konstituzioaren eguna, eta jende askorentzat jai eguna. Bezperan, Pasaiako EH Bilduk adierazpen ofiziala helarazi die herritarrei, haien iritziz “euskaldunek ez dutelako ospatzeko ezer”. Subiranistek manifestazio nazionala antolatuko dute bihar Bilbon, baina gertuago ere badutela “zer egin” jakinarazi du Pasaiako EH Bilduk.
Etorkizuneko Pasaia nolakoa izango den eztabaidatzera deituko dituzte herritarrak. Etorkizunari begira ari da lanean EH Bildu eta horretarako ezinbesteko dute herritarren iritzia biltzea. Helburu hori betetzeko asmoz, Badia agerian izeneko ibilaldia antolatuko dute bihar goizean. 11:00tan jarri dute hitzordua, Antxoko Gure Zumardian. Bertatik abiatuta herriarekin eta badiarekin lotura zuzena duten gaiak izango dituzte hizpide; historia, arkitektura…