Eguzkik ingurumen arloan aurrekontua handitzea eskatu dio udalari
2020ko aurrekontuetan ingurumen arlora bideratutako diru zatia %10 murriztu duela udalak salatu du Eguzkik eta "arduragabekeriatzat" jo du erabakia.
Haserre azaldu da Eguzki talde ekologista eta antinuklearra. 2020ko aurrekontuetan ingurumen arlora bideratutako diru zatia %10 murriztu duela udalak salatu du Eguzkik eta “arduragabekeriatzat” jo du erabakia: “Aldaketa klimatikoaren eta haren ondorio larrien ohartarazpenetik larrialdi klimatikora igaro garen unean eta ahalegin gehiago egin behar dugun unean egoera atzeraezina izan ez dadin murriztu dute ingurumen arloko aurrekontua”.
Akats larria dela erabakia, eta “kontraesana” dio talde ekologistak, “are gehiago udalaren aurrekontu orokorrak gora egin duenean, erabakia ulertezinagoa da”. Diskurtsoa eta ekintzen arteko koherentzia eskatu dio Eguzkik udalari, eta erabakia zuzendu dezala “egokitzat jotzen dituen tresnak erabiliz, ingurumen arloaren aurrekontua handitu dezala, aurrekontu orokorrak egin duen neurrian”.-