Kontuhartzailearen soldata igotzeko arrazoirik ez dagoela salatu du EH Bilduk
Lezoko Udaleko idazkariak arrazoirik ez zela ohartarazi arren, Jesus Mari Martiarena alkateak kontuhartzailearen soldata igotzeko bozketari bide eman zion.
Lezoko Udaleko kontuhartzaileak 4.342 euroko soldata jasoko du hilabetero. Hala ahalbidetu zuten Lezoko EAJ eta PSE zinegotziek azaroko Osoko Bilkuran. Udal langileen talde organikoa eta aurrekontuak onartu zituzten bertan. EH Bilduk gogor kritikatu du kontuhartzailearen soldata igo izana. Joan den osteguneko udalbatzarrean onartu zuten neurria.
EAJ eta PSEk osatzen duten udal gobernuak kontuhartzailearen soldata %13 igotzea proposatu zuten; 500 euro inguruko igoera da, oinarrizko soldata 3.843 eurokoa izatetik, 4.342koa izatera pasako da. Neurrigabeko eta zentzugabeko erabakitzat jo du Lezoko EH Bilduk, “aurkeztu beharreko txostenetan igoera honen motibaziorik, arrazoirik ez zuten aurkeztu”.
Udaleko idazkariak arrazoiketa berbera egin zuela gaineratu dute, “idazkariak ohartarazi zuen txostenetan ez zela inolako motibaziorik ageri igoera hori arrazoitzeko”. Oharrak ohar, Lezoko alkate Jesus Mari Martiarena gaia ontzat hartu eta bozketari bide eman zion. Kontuhartzailearen oinarrizko soldataren %13ko igoera onartu zen, PSE eta EAJren bozkekin.
Era berean alkateari kargu hartu dio EH Bilduk haien proposamenak blokeatzeagatik, “emendakin ezberdinak egin genituen herritarron ongizatea, genero berdintasuna eta herritarron ahalduntzea, besteak beste, handitzeko. Alkate jaunak ordea ez zuen emendakin hauek bozkatzea ahalbidetu”. Martiarenari udaletxea haien “txiringitoa” ez dela gogorarazi diote eta diru publikoaren kudeaketa arduratsua eta gardena izatea eskatu dute.