[Galeria] Internazionalismotik garatutako harremana
Bixi-Bixi eta Elwatan elkarteko 11 ekintzaile Tindufen izan dira astebetez, saharar eta euskal herritarren arteko harremanak estutzeko. 4 proiekturekin joan ziren eta helburu guztiak bete dituzte.
Larunbat goizaldean iritsi ziren Loiuko aireportura Elwatan Sahara Oiartzun eta Bixi-Bixi Kultur Elkarteko 11 ekintzaileak. Bertan hamarka lagun egin zieten harrera, eta Mendebaldeko Sahararen askatasuna eta gatazkaren konponketa aldarrikatu zituzten. Tindufen utzitako adiskideek ordea, betiko zailtasunei aurre egiten jarraitu beharko dute.
Badago zer ikasi saharar herriarengandik; erresistentzia, baliabide eskasekin asko egitea, erakunde propioak sortzea, umiltasuna… hori guztia dela eta, sahararrak eredu dira mundu osoko herri zapalduentzat. Donibane eta Oiartzundik joan direnak, Euskal Herria eta Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoko hiritarren arteko elkartasuna estutzea izan dute helburu. Internazionalismotik datorren ekintza solidarioa izan da.
Dena dela, hainbat proiekturekin joan zirenn Oarsoaldeatik eta saharar erakunde eta herritarrekin elkarlanean, helburuak betetzea lortu dute. 1000 litro bildu ditzaketen hamarka bidoi banatu dituzte Fronte Polisarioaren laguntzarekin. Bi okulistek astebetez pertsona ugari artatu dituzte. Artistak ere bertan izan dira eta antzerkiaren bitartez, eguneroko zailtasunak zertxobait samurtu dizkiete sahararrei. Bozgorailuak ere eraman dituzte, Tichlako Daira osoan komunikazioa bermatuz.
Tindufen egon diren bitartean, HITZAk ekintzaileen jarraipena egin du eta bidalitako materialarekin honako galeria osatu du.